M. Garate
Gipuzkoan 27 eskola txiki daude, gaur egun. Txikitasuna, adin aniztasuna eta landa eremuetan egotea dira haien ezaugarri nagusiak. Miren Odriozola (Oñati, 1977) Euskadiko Eskola Txikien koordinazio taldeko kideak esan du herrigintzari “oso lotuta” daudela eskola horiek, eta guraso gehienek umeak herrian matrikulatzearen alde egiten dutela.
Jaiotza tasaren jaitsierak ikastetxe gehienetan eragiten du kezka matrikulazioei begira. Eskola txikietan are handiagoa da kezka hori?
Oraintxe bertan ez dut uste gaizki gaudenik, baina, aurrera begira, jaiotze tasaren jaitsierak eragingo digu, noski. Nola eta zenbat? Ezin dugu jakin. Hori oso lotuta egongo da herriaren etxebizitza politikekin, jendearen migrazio mugimenduekin… Pandemiaren ostean, herri txikietara joateko joera bat ere ikusten da, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den.
Gaur egun, 27 eskola txiki daude Gipuzkoan, iaz baino bat gehiago, Larraulgo eskolak ere izaera propioa hartu baitu, Asteasuko eskolaren ikasgela desplazatu izateari utzita. Eskola txikiren bat badago ixtear edo sortzear?
Ixtera doanik ez dago, eta, aurten, Itziarko eskola hasi da gurekin lanean. Haiek ere Debako eskolaren ikasgela desplazatua dira.
Zer eskaintzen die Euskadiko Eskola Txikien koordinazio taldeak eskola txikiei?
Hainbat gai administratibotan laguntzen diegu, baina, batez ere, aholkularitza pedagogikoa ematen diegu. Gure lana da eskola guztiei laguntzea, eta beraiek sentitzea badutela erreferentziazko talde bat beren kezkak eta zalantzak partekatzeko. Beste eskoletako irakasle eta zuzendariekin elkartzeko eta arazo komunak partekatzeko elkargune bat badutela senti dezaten nahi dugu.
Eskola txikiei aholkularitza pedagogikoa ematen diezula aipatu duzu. Zer ildo edo jardunbide nagusi dituzte gaur egun?
Eskola bakoitzak erabakitzen du zer metodologia erabili: ikasle tipologia, testuingurua, irakasle kopurua, espazioa eta abar hartu behar ditu kontuan horretarako. Eskola txikiek badituzte oinarri filosofiko eta metodologiko batzuk, eta etorkizunerako helburu batzuk ere bai: adin aniztasuna errespetatzen dute, inklusioa dute oinarri, ume bakoitzari ahal den ondoen lagundu behar diete ikasketa prozesuan… Oinarri horiek kontuan hartuta, hausnarketara bideratzen ditugu guk, hortik aurrera eskola bakoitzak bere erabakiak hartzeko.
Eskola txiki guztiek, beraz, ez dute metodologia bera?
Ez, ez dago eskola txikietarako metodologia bat: batzuek tailerren bidezko metodologian oinarritzen dute ikaskuntza prozesua; beste batzuek, proiektuen bidezkoan; beste batzuek, biak uztartzen dituzte… Malgutasuna eta autonomia dute, baina saiatzen gara hartzen dituzten erabaki horiek hausnarketa baten ondorio izan daitezen. Txikitasuna, adin aniztasuna eta landa eremuetan egotea dira eskola txikien ezaugarriak. Lan planteamenduak ezaugarri horiei erantzun behar die, baina modu on bat baino gehiago egon daitezke.
Oro har, herri txikietako biztanleek herriko eskola txikira eramaten dituzte seme-alabak edo ohikoa da inguruko herri handiagoetara eramatea?
Ia %100 herriko eskola txikira joaten dira. Eskola txikiak herrigintzari oso lotuta daude, herriaren bizkarrezurra dira… Kontrakoa ere gertatzen da batzuetan: herri handiagoetatik eskola txikira eramatea umeak. Bizkaian Gipuzkoan baino gehiago ikusten dugu joera hori. Horrek bere alde onak ditu, baina neurtu ere egin behar da kasu batzuetan.
Leave a Reply