Aldaketa esanguratsu bat

Aldaketa esanguratsu bat

E. Esnaola

Bihar osatuko dituzte udalak, eta hautatuko alkateak. Lehen bozketan, hautetsien gehiengo osoa behar da alkatetza lortzeko; halakorik ezean, maiatzaren 28ko hauteskundeetako talde irabazleko buruak hartuko du aginte makila. Hondarribian gertatuko da aldaketarik esanguratsuena, alardearen auzia aintzat hartuz gero: Abotsanitz jarriko da alkatetzan.

HONDARRIBIA. EAJren partez, Abotsanitz

Hondarribian EAJ egon da beti alkatetzan, salbu alderdiaren hausturaren ondorengo bi legealdietan (EA egon zen, 1987ko eta 1991ko bozak irabazita). Bihar beste aldaketa bat izango da, beste era batekoa eta esanguratsua, Abotsanitz herritar plataformak hartuko baitu alkatetza. Abotsanitzek irabazi zituen maiatzaren 28an bozak (zazpi hautetsi; hiru irabazi zituen). EAJk hiru galdu zituen (sei ditu), eta ez du aukerarik biharko udalbatzarrean PSE-EErekin (bi, lehen bezala) batera gehiengo osoa lortzeko. Alardearena da Hondarribiko auzi nagusietakoa, eta Igor Enparan Abotsanitzeko alkategaiak iragarri du “ibilbide bat” egin beharko dela auzia konpontzeko. “Elkarrizketa” eskatu du. Irailaren 8an, alardea egiten dutenean, Abotsanitzek harrera egiten die alarde baztertzaileari eta Jaizkibel konpainia mistoari. EAJk sekula ez du hartu talde parekidea. EH Bildu (bi hautetsi, lehen bezala) alardea parekidea izatearen alde dago, eta antolaketa berriro udalak bere gain hartzeko proposamena egin du. Bihar Enparanen aldeko botoa emango du EH Bilduk.

DEBA. EAJ, plataformari esker

Debako alkatetzan ez da hauteskundeak irabazi dituen taldeko burua egongo; hots, EH Bildukoa. Izan ere, Orain Deba plataformak jakinarazi du EAJren alkategai Alazne Txurruka babestuko duela bihar. Seina hautetsi dituzte EH Bilduk (lehen bezala) eta EAJk (hiru irabazi ditu; desegindako plataformaz baliatu da), eta Orain Deba Elkarrekin-ek bat dauka.

LEGAZPI. EAJ, PSEren babesarekin

Legazpin, berriz, PSEren babesarekin helduko da EAJ alkatetzara. Han ere EH Bildu izan zen bozkatuena (bost aulki; lehen bezala), baina EAJren (bost; bat galdu) eta PSEren (bi; bat irabazi) baturak gehiengo osoa du. Azken legealdian ere EAJ egon da alkatetzan.

ANDOAIN, PASAIA, LEZO ETA MENDARO. Oraingoan bai EH Bildu

Andoainen gauzatuko da beste aldaketa garrantzitsu bat, alkatetza EH Bilduk hartuta (zortzi aulki; bat gehiago). Andoni Alvarez izango da alkate. Aurreko bi hauteskundeetan ere EH Bildu izan zen irabazlea; 2015ean alkatetza hartu zuen, talde jeltzaleko kide batek ez zuelako PSE-EAJ akordioa babestu, baina duela lau urte ez zen halakorik gertatu, eta Maider Lainez sozialista izendatu zuten alkate, EAJk babesa emanda. Oraingoan, PSE-EAJ baturak ez du gehiengo osorik (bost ditu PSEk, lehen bezala; hiru EAJk, bat gutxiago). Gainera, EPk (bat; lehen bezala) EH Bildu babestuko du. EH Bildu hamalau puntu hazi da 2015etik.

Pasaian eta Lezon ere, 2019an EH Bilduk irabazi zituen bozak, baina, bietan PSEk eta EAJk bat egin, eta hark ez zuen alkatetza lortu: Pasaian PSEk, Lezon EAJk. Orain, Pasaian, PSE-EAJ baturak ez du gehiengo osorik (launa aulki; bat galdu du PSEk), eta EH Bilduk (zortzi; bi gehiago) aginduko du; agian, Ahal Dugu-Berdeen (bat; bat galdu du) babesarekin. Lezon, EH Bilduk gehiengo absolutua (zazpi; bat gehiago) eskuratu du. Oposizioan ariko dira EAJ (bost; bat gutxiago) eta PSE (bat).Mendaron ere gehiengo osoa lortu du EH Bilduk (bost eserleku), eta alkatetza hartuko du. 2019an bi aulki gehiago zeuden jokoan, eta EH Bildu irabazleak bost eskuratu zituen, baina EAJk ere bost (orain, lau), eta PSEk bat (batere ez orain).

DEBAGOIENA. Iraulketa hiru herritan: EH Bildu alkatetzara

Debagoieneko hiru herritan iraulketa gertatu zen maiatzeko bozetan: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Hiruretan, EH Bildu nagusitu zen, eta hiruretan hartuko du alkatetza bihar, EAJren kaltetan. Aretxabaletan eta Eskoriatzan, gehiengo osoa du orain; lehen, EAJk. Arrasaten ez du (hamar aulki; bi gehiago), baina EAJ-PSE baturak ere ez (bana galdu dute). Maider Morras izango da alkate; gainera, baliteke EPk hura babestea biharko udalbatzarrean.

Maider Morras, Arrasate, EH Bildu

LARRAUL ETA BERROBI. Larraulen eutsi dio PSEk; Berrobin, ez

Duela lau urte, PSEk bi herri txikitan alkatetza lortu zuen, harena izanik hautagaitza bakarra: Larraulen eta Berrobin. Larraulen segituko du: bost hautetsi lortu ditu, eta EAJk, bi. Aldiz, Berrobin ez: Berrobi Bizi plataformak sei aulki erdietsi ditu, eta PSEk, bat.

TOLOSA. EH Bildu, gehiengo osoz

Tolosan ere irauli egin da mapa: EH Bilduk irabazi zuen (bederatzi aulki; bat irabazita) eta alkatetza hartuko du bihar, gehiengo osoz. EAJk zazpi eserleku ditu (bat galdu du) eta PSEk, bat (lehengo moduan).

ZEGAMA. Alderantzizko osaera

Zegaman ere, aldaketa: EH Bildu jarriko da alkatetzan (bost aulki), Zegama Lantzen (lau) ordezkatuta. Azkeneko legealdiko osaera justu alderantzizkoa izan da.

AZKOITIA. Aldaketarik ez azkenean
Azkoitian aldaketa emateko aukera zegoen, EAJren partez EH Bildu jarrita alkatetzan. Izan ere, EAJk zazpi hautetsi lortu zituen (bat gutxiago); EH Bilduk, sei (bat gutxiago); Azkoitia Bai heritar plataformak, hiru (bi gehiago); eta PSEk, bat (berdin). EAJ-PSE baturak, beraz, ez du ematen gehiengo osoa, eta Azkoitia Baik zer egingo zegoen. Taldeak atzo arratsaldean batzarra egin, eta erabaki zuen bihar bere buruari ematea botoa; hots, ez babestea EH Bildu (eta ez EAJ). 2011-2015ean salbu (Bildu), beti EAJ egon da alkatetzan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.