Ikerne Zarate
Dantza urbanoak, eta bereziki freestyle edo inprobisazioa ezagutarazi eta zabaltzea du helburu Hip Hop Lab elkarteak, baita horien inguruan den komunitatea sendotzea ere. Gipuzkoako Dantzagunearen Errenteriako egoitzak hartu du elkartea 2021ean sortu zutenetik. Sorreratik, 350 lagun pasatu dira bertatik. “Koreografian jende asko badabil ere, inprobisazioaren gaineko hainbesteko ezagutzarik ez dago”, esan du Maialen Mendesek. Hip Hop Lab elkarteko lehendakaria da Mendes, eta bertako kidea Ananda Berasarte. Freestyle dantzariak dira biak.
Mendesen hitzetan, urteetan dantza urbanoak ikasten eta irakasten aritzeak Euskal Herritik kanpo bidaiatzera eraman ditu biak, eta atzerriko dantza urbanoen mundua ezagutzen lagundu die horrek: “Horrez gain, gurean dantza urbanoen komunitateak dituen hainbat gabezia antzematen ere lagundu digu kanpora joateak”. Dantza horien teknikan eta kulturaren ezagutzan “gabezia handia” sumatu zutela esan du Mendesek, inprobisazioaren arloan bereziki. Inprobisazioak berezkoa duen “ahalduntzearen kontzientziarik” ere ez zegoela ohartu ziren biak. “Hip-hop mugimendu artistiko-kulturalak oinarrizko ardatz duen alor soziala indartu beharra zegoela jabetu ginen; komunitatea sendotu beharra geneukala, alegia”.
Gabezia horiek guztiak gainditzeko asmoz, elkarteak Unity proiektua jarri zuen martxan duela bi urte. Besteak beste, entsegu irekiak, jam festak, tailerrak, formakuntza profesionala eta dantza urbanoen freestyle txapelketak antolatzen dituzte proiektu horren barruan.
Entrenamendu irekiak
Astean behin, ostiraletan, entsegu irekiak egiten dituzte Gipuzkoako Dantzagunean, Errenterian, 18:00etatik 20:00etara. Ez direla klase gidatuak azaldu du Berasartek. “Inprobisazioa lantzen dugu, eta esperientzia, adin, jatorri eta estilo ezberdineko jendea joaten da. Elkarrekin dantzatzea, elkarrengandik ikastea eta komunitatea sendotzea da helburua”. Bitan banatuta dute formakuntza: profesionala eta tailerrena; tarteka antolatzen dituzte tailerrak.
Jam festetan, berriz, “dantzaz disfrutatzen eta ondo pasatzen” saiatzen direla esan du Mendesek. Urtean hiru festa antolatzen dituzte; ekainaren 30ean, ostiralean, egingo dute aurtengo lehena, arratsaldez, Errenteriako Fanderia auzoko Coco Dance Studion.
Txapelketekin, berriz, dantza urbanoen inprobisazioan ari diren erreferenteak erakartzen eta freestyle-ari plaza bat eskaintzen saiatzen dira. Uztailaren 1ean Errenteriako Lekuona fabrikan egingo dute hurrengo txapelketa, hirugarrena, 11:30etik 14:30era eta 15:30etik 21:30era. Hiru modalitatetan ariko dira: poping, hip-hop eta all style-ean. Parte hartzaile bakoitzak minutu bateko inprobisazioa egin beharko du. Mendesek eta Berasartek esan dute “gauza ezberdin bat” dela: “Oso polita da, oso berezia. Dantza koreografikoetara ohituta gaude, eta inprobisazioak askatasuna ematen du parte hartzeko zein begira egoteko”. Iazko txapelketa”arrakastatsua” izan zela azaldu du Mendesek: “Dantzari erreferenteak aritu ziren. Horrek esan nahi du gauza polit bat antolatzen ari garela, zubiak sortzen ari garela komunitate ezberdinen artean”.
Dantza urbanoen “aniztasuna” aipatu du Mendesek. “Dantza urbano pila bat dago, eta guztien egoera ez da bera. Egia da gero eta arrakasta handiagoa dutela dantza horiek, baina Euskal Herrian ez dago inprobisazioan ari den dantzari asko, eta, gaudenon artean, estilo jakin bat aukeratzen du bakoitzak. Egoera ez da erraza”. Poping eta hip-hop estiloetan aritzen da Mendes; Berasartek, berriz, hip-hop, house eta poping estiloak lantzen ditu. Inprobisazioaren aldeko aldarria egin du Berasartek: “Dantza modu honetan neu naiz; koreografia oso ondo dago, baina norbaiten urratsei jarraitzen diegu beti; freestyle-an, ez. Ez da erraza estilo hori zabaltzea, baina gero eta gazte gehiago ari dira; poliki, baina aurrera goaz”.
Proiektu “aberasgarria”
Inprobisaziorako “gogoa” eta “pazientzia handia” behar direla esan du Mendesek. “Estilo zaila” dela aitortu du, baina landu ahal izateko erremintak badirela azpimarratu du. Hip Hop Lab elkarteak arlo horretan ekarpena egin duela ziurtatu du Mendesek: “Paris, Bartzelona edo Dusseldorfera [Alemania] joan behar izan dut ikastera, baina hemen bizi nahi dut, hemengo komunitatea sendotu nahi dut. Aberasgarria izan da proiektu hau sortzea”.
Bien hitzetan, dantza urbanoan ere bada genero arrakalarik. Emakume baino gizon gehiago aritzen dira oraindik. “Baina aldatzen ari da hori”, aitortu du Mendesek. “Orain urte batzuk oso emakume gutxi ari ginen inprobisazioan, baina gero eta gehiago gara gaur egun”. Berasarteren hitzetan ere, “gero eta parekatuago” daude kopuruak. “Uste dut gure proiektuak ere horretan lagundu duela”.
Leave a Reply