Eskulturekin elkarrizketan

Eskulturekin elkarrizketan

Unai Zubeldia

Obrekin hizketan arituko dira, ibilian, mugimenduan. Zazpi txokoetako bakoitza bihurtuko dute “toki berezi”. Oreka TX taldeak Elkarrizketak ikuskizun ibiltaria egingo du ekainaren 21ean, asteazkenean, Hernaniko Txillida Leku museoan, 20:00etan, Udako solstizioa programaren barruan. Ordu eta erdi iraungo du saioak. Bandarekin ariko dira Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak —Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariekin—, eta ikuskizunean parte hartuko dute Amaia Elizaran eta Janire Etxabe dantzariek, Iban Nikolai, Gorka Hermosa eta Xabi Zeberio musikariek, eta Thierry Biskari eta Nahia Zubeldia abeslariek.

Urtero, Txillida Lekuk berak talde bati proposatzen dio udari ongietorria emateko ikuskizun bat prestatzeko. “Gutun zuri bat ematen diegu”, hasi du azalpena Mausica Sanchez Txillida Lekuko Hezkuntza arduradunak. “Guk eskatu, eta, ondoren, eurek proposatzen digute ikuskizuna. Artea oinarritzat hartuta, hainbat diziplina uztartzea da baldintza bakarra”. Txillida Lekuk eta Oreka TX taldeak aspaldikoa dute harremana. “Museoa sortu berritan ere izan ziren gurean, eta ezagutzen dute tokia. Gustatzen zaizkigu txalapartaren bidez beste kultur eragile eta artista batzuekin sortzen dituzten elkarrizketak. Guretzat, betidanik, erreferente garrantzitsua izan da Oreka TX taldea”.

Martinez de San Vicentek aitortu du “teknikoki zaila” izan dela prestaketa lan guztia. “Gu mugituz goazen neurrian, instrumentuak ere tokiz mugitu beharko ditugu; nahikoa estatikoa da, gainera, gure instrumentua, txalaparta, jende dezente joango da, ziurrenik, emanaldia ikustera, eta hor ari gara dena antolatzen”. Hori bai, aukera eskaini arren, tokian bertan ez dute entsegurik egin nahi izan. “Magia horri eutsi nahi izan diogu. Musikariak, dantzariak, abeslariak… bakoitza geure aldetik aritu gara entseatzen”, esan du Oreka TX taldeko txalapartariak. Martinez de San Vicentek, Ugartek, Ducauk, Egiak eta Otxandorenak hamabost urte daramatzate jada elkarrekin, eta esperientzia handiko taldea da. “Inor ez da tokiz kanpo sentituko”.

OREKA TX

Ikuskizunean espazioak berak, Txillida Leku museoak, “eragin nabarmena” izango duela gaineratu du Martinez de San Vicentek. “Zirkularrak izango dira zazpi geldialdietatik sei; hau da, ez da egongo oholtza nagusi bat, eta ikuspegia desberdina izango da toki bakoitzetik. Ikus-entzuleek erabakiko dute saio bakoitza nondik ikusi nahi duten”.

Eskulturak, musika tresna

Tokian-tokian parean izango duten eskulturak ere garrantzi handia izango du ekainaren 21eko emanaldian. “Gehienetan, bisuala, baina, beste batzuetan, baita sonoroa ere; eskulturekin soinua ateratzeko askatasuna eman digute”, zehaztu du Oreka TX taldeko txalapartariak. Protagonistek ibilbide jakin bat egingo dute Txillida Leku museoan barrena. “Baina ez da derrigorrezkoa izango une oro gure ondoan joatea”, zehaztu du Martinez de San Vicentek. “Jendea eroso sentitzea da gakoa. Norberak aukeratu dezala bere erritmoa, eta norbait eskultura baten ondoan gustura badago, goxatu dezala bertan lasai. Espazio osoa bihurtu nahi dugu ikuskizun”.

Sanchezek azpimarratu du eurentzat “jai moduko bat” dela Udako solstizioa. “Bertakoentzat antolatzen dugu ekitaldi hau. Turistak ere ongietorriak izango dira, noski, baina oso bertako ikuskizuna izaten da normalean. Bisitarien topaleku bihurtzen dugu museoa”. Ekainaren 21erako eta Txillida Leku museorako prestatutako ikuskizuna izango dela esan du Martinez de San Vicentek. “Bertan hasi eta amaituko da. Espazioak asko markatzen du kasu honetan, eta bere horretan ezingo genuke irudikatu beste toki batean”. Baserriaren kanpoaldean amaituko da ikuskizuna, eta paretetako bat izango da agertokiaren atzealdea.

Emanaldi guztia “zoragarria” izango dela aurreratu du Txillida Lekuko Hezkuntza arduradunak. “Baina dantza bertikalaren saioa bereziki ederra izango da, lehen aldiz izango dugulako horrelako ikuskizun bat museoan, Janire Etxaberi esker. Museoaren ariman, baserriaren paretan, ariko dira dantzan, eta elkarrizketa bat sortuko dute eraikinarekin berarekin. Oso momentu berezia izango da”. Txillida Leku museoan Topaketa-lekua izeneko hormigoizko obra bat daukate orain erakusgai, basoan, eta Amaia Elizaran zuhaitz batetik zintzilik ariko da dantzan, eskulturarekin bat eginda.

Hurrengo asteazkeneko saiorako sarrerak salgai daude jada, 20 euroan. Euria egingo balu, atzeratu egingo lukete emanaldia, baina, gaur-gaurkoz, ez dute halako abisurik eman.

Txillida Lekun “pandemia aurreko kopuruetara” itzulita daude bisitariei dagokienez. “Eta oso pozik gaude, egia esan”, aitortu du Sanchezek. “Jendeak ikusten du naturan dagoen museo bat dela gurea, natura eta artea uztartzen dituena, eta horrek ere laguntzen digu. Pandemiarekin konturatu gara zer beharrezkoa dugun naturarekin oreka bat mantentzea”.

Boga Boga jaialdia, irailean

Urtero bezala, Txillida Lekun “bete-betea” izango dute uda: bisita gidatuak, yoga, meditazioa, udalekuak, musika garaikidea, erakusketak… “Eta Boga Boga jaialdia ere bai, irailaren 9an. Udako ekitaldien artean amaierako ekitaldia izango da hori. Elkarlan berri horri esker, gurean izango ditugu hiru emakume zoragarri: Anari, Verde Prato eta Julieta Venegas”.

Txillida Lekuk bezala, Oreka TX taldeak ere “nahiko ondo” eman dio buelta COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiari. “Geldiune orokor horren parte izan ginen gu ere, baina ezustean hartu gaitu berriz ere hainbesteko martxa hartu izanak”. Kolonbian egon berri dira, Valladoliden (Espainia) eta Gasteizen ere emanaldi bana egin dute, Hego Koreara doaz abuztuan, Japoniara irailean eta urrian… “Eskaera asko jaso ditugu kanpotik, baina estimatzen dugu etxetik deitzen digutenean ere”.

Taldea “indartsu eta ilusioz gainezka” dagoela esan du Martinez de San Vicentek. “Egia da Kolonbian, Bogotako jaialdian, zaharrenak gu ginela konturatu ginela bat-batean [barrez], baina energia handia daukagu taldekide guztiok. Adibide modura, hor daukagu Mixel Ducau gure irakasle handia, 72 urterekin; ikasgai handi bat daukagu talde barruan bertan, eta estimatzekoa da benetan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.