June Romatet Ibarguren
Gorputz ez-normatibo eta disidenteak, presio estetikoa eta lodifobia hartu ditu ardatz Amaia Txabarri Badiola artista arrasatearrak, eta aldarrikapenez betetako argazki erakusketa bat sortu du Aretxabaletan. Gizarteak ezarritako edertasun arauetara egokitzen ez den edonork diskriminazioa eta presio estetikoa jasaten dituela salatu nahi du Txabarrik, eta horren aurkako beste errealitate batzuk badaudela irudikatu. Katarsi feminista izena jarri dio erakusketari, eta ekainaren 30era arte egongo da ikusgai Aretxabaletako Arkupe aretoan. Emakume zein pertsona ez-binarioen argazkiak daude bertan, “presio estetikoaren indarkeria gehien jasaten dutenenak”.
“Benetako katarsi feminista gertatzea nahi nuenez, proiektu hau etorri zitzaidan burura duela sei urte inguru; argazki bidez azaldu nahi nuen sentitzen nuena”, kontatu du Txabarrik. Urte askoan mugimendu feministan lanean aritu eta gero, artista arrasatearrak hainbat ideia azaldu nahi zituen artearen bidez. “Nik gogoa nuen proiektu hau egiteko, baina duela sei urte ez nuen baliabide nahikorik; ez zen garai egokia. Beraz, proiektua kaxoi batean gorde nuen urte batzuetan, altxor bat bezala”.
Pandemiak, “lasaitasuna”
Pandemia iritsi zenean, “lasaitasuna” iritsi zen Txabarriren bizitzara, eta aspalditik egiteko zituen proiektuei ekiteko aukera izan zuen. “Gogoz hasi nintzen lanean, beharrezko baliabideak topatuz eta gaia ondo landuz”. Ideiak eta proiektua bera antolatzen hasi zen pixkanaka: argazkiak nori atera, nolako argazkiak atera… Momentu horretan hasi zen forma ematen gaur egungo proiektuari.
Erakusketan bi argazki saiotako argazkiak jarri dituela esan du Txabarrik. Katalunian bizi da gaur egun, eta han egin zuen lehen saioa; bigarrena, berriz, Euskal Herrian egin zuen. “Lehen blokerako, lagunei proposatu nien proiektua, eta animatu zen orori eman nahi nion aukera kamera aurrean jartzeko”, esan du artistak. Txabarrirentzat, argazkietan aterako ziren emakume eta pertsona ez-binarioak “eroso sentitzea” zen garrantzitsuena, eta “konexio berezia” sortzen saiatu zen estudioan.
Bigarren blokea “lagunartetik aterata” egin zuen, Euskal Herrian: “Hasieran, nire asmoa ez zen hori, baina Euskal Herriko emakume feminista eta erreferente batzuekin lanean amaitu genuen azkenerako”. Ana Goitia, Irantzu Varela, Itziar Ituño, Iraitz Agirre, Ainhoa Vitoria, Onintza Enbeita, Nerea Loron Diaz La Furia eta Olaia Murua kokatu zituen kameraren aurrean, “arropa boteretsuak soinean zituztela”.
Bi saioetan modeloak “eroso eta gustura” egon zitezen nahi izateaz gain, Txabarrik guztiei aukera eman zien nahi izanez gero argazkiak eta arropak aldatzeko: “Bakoitzak bere erara gorpuzten ditu bere borrokak; horregatik erabaki nuen argazkiak atera aurretik dena modeloekin adostea”. Gainera, lanak bere izena hartu duen arren, azpimarratu du “lagun asko” izan dituela inguruan, eta esan du haiek gabe erakusketak ez zuela aurrera egingo.
Aldarrikapenak ardatz
Katarsi feminista erakusketan “gai eta aldarrikapen ezberdin asko” biltzeko aukera ikusi zuen artista arrasatearrak, eta aitortu du gorputz ezberdin horiek islatzen zituzten argazkiak sare sozialetan zabaltzen hasi zenean bide hori gehiago lantzea erabaki zuela. “Geroz eta jende gehiago hasi zitzaidan idazten, eta denek aipatzen zuten lodifobia edo gorputz ez-normatiboak. Lantzeko beharrezko gaia iruditu zitzaidan, beraz”.
Proiektuak Herrialde Katalanetan eman zituen lehen pausoak, eta artista “oso pozik” dago Euskal Herrira ekarri ahal izan duelako; bere jaioterritik gertu erakutsi ahal izan ditu, gainera, argazkiak. Arkupe aretoan ez daude Katarsi feminista bildumako irudi guztiak, Txabarrik propio Aretxabaletarako aukeratutako hainbat argazki baizik. “Argazkiez gain, Euskal Herriko emakume erreferente batzuei egindako elkarrizketen zati batzuk entzuteko aukera ere badago erakusketan”.
Leave a Reply