Hitzekin malabaretan

Aurrekoan klasean papar hitza azaldu behar izan nuen. Keinuz nire paparra seinalatu nuen, eta han hasi zen gaztelaniazko berba zaparrada: pecho, pechera, teta, papadaPechuga eman nien ordainetan, eta “hori ba, pecho!” esan zidaten. Nik ezetz, eta oilasko paparra aitatu nien. Lasaitu ziren. Gero kolko hitza bota nien ea gai ziren esateko zeri zegokion. Askok ideiarik ere ez; beste batzuek gaztelaniaz ere erabiltzen zutela esan zuten. Kolkoa bete diru ez dute inoiz izan, antza. Hutsik izan arren, zaila egin zitzaigun azaltzea zer den espazio huts hori.

Halako berba bihurri batzuk topatzen ditugu gure jardunean, larri, esate baterako. Larri egonez gero, zorabiatuta egon gintezke, edo botagura izan, edo ondoezik sentitu. Ez da gixotasun handia, baina ospitaleek larrialdiak dauzkate larri datozenentzat, baina ez mareatuta. Zorabiatzeko moduko bira! Gogo berbak ere bere zoko-mokoak dauzka, eta lagun hitzak ere bere txirinbueltak ditu. Ganora-k misterioak dituen lez.

Baina benetan mareatu adjektibo batzuek mareatzen gaituzte. Azaltzen hasi ni, eta hitz egokia ikasleek topatu ez! Hiztegian begiratu, eta niri ez zaizkit gustatzen, beti ñabardura bat dute niretako-eta. “Ez da zehatz-mehatz hori”, badauka beste ukitu bat… Hori kaskarin elearekin gertatzen zait. Hiztegietan casquivano/a ematen du ordainetan beste batzuen artean, eta gaztelaniaz horrek badu beste esanahi bat, emagaldutik gertuago txoropitotik baino. Kale egiten didate.

Lehengoan, txaplata berbarekin nenbilela sare sozialetako kontu bat zela eta, Euskalbarren jarri eta hiztegi askotan begiratu nuen. Banekien adabaki-ren sinonimo zena, baina jakin nahi nuen zer adierazi nahi ziguten umetan; izan ere, gurean neskatilei esaten zaien berba da. Denetarik aurkitu nuen, batzuetan kontrakoa espresatzeko! Adibidez, Orotarikoan: 4. (V-arr-oroz-m-gip-al). Ref.: A; Etxabu Ond; Elexp Berg. “Empalagoso, molesto, hablador. Se dice más de las mujeres. Etxean daukan loba mutxurdiñea? Euli gosea baiño txaplata inkakorrago da (V-m), […] es más molesta y pegajosa que una mosca hambrienta“. A. “Impertinente. Dícese, sobre todo, de las niñas traviesas y contestonas. Txaplatia, lotsagabe antzeko barritxu samarra ero. Belarrezkiñako batekin kendukotsut kontestatzeko goguak, txaplatioi alakuoi”. Elexp Berg. 5. “Txaplata, simple en Bergara“. Garate 1. Cont RIEV 1930, 156. “Txaplatia, […] se aplica a hembras. Sosa, tonta, sin gracia. Txaplata aren esaneri begira bazagoz…, si estás mirando a los dichos de aquella sosa…“, Etxba Eib.

Neskato edo emakume txaplata izan liteke berritsua, astuna, lotsabakoa, errespetugabea, bihurria, zein sinplea, babalore samarra! Lotsagabea gutxitan da, barren, xaloa! Matrakatik gehiago du txaplata-k zintzotik baino. Beste leku batzuetan papartza, kafranga, zirina izan litekeena.

Egunen baten ere berba egin beharko dugu neskatila eta andrazkoondako bereziki euskarak gordeta dituen adjektibo (des)kalifikatzaileez, aditzera ematen digutelako zein mundu ikuskera patriarkal transmititu zaigun, eta, neurri baten, guk ere pasatu(ko) dieguna ondorengoei.

Horregatik, hitzekin malabaretan ibiltzen gara, egokiak aukeratu eta desegokia baztertzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.