Eguzkia, ura etxera iristeko

Eguzkia, ura etxera iristeko

Irati Saizar Artola

Marokoko Thagia herrira egindako bidaia batetik bueltan, egoeraren inguruan hausnartu, eta herri horretako etxe guztietara ura iristeko proiektu bat jarri dute abian Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Iñaki Arakistain azkoitiarrak: Thagia Eguzkiz Blai. Eskalatzaileak dira biak, eta proiektua “ahalik eta lasterrena” gauzatu nahi dute, Thagiako herritarrek etxeetan ura izan dezaten.

Ia 90 etxe eta laurehun biztanle inguru ditu Thagiak, eta Atlas Garaian dago kokatuta. Ibarzabalek azaldu du eskalatzaileentzat “ohiko leku bat” dela hura, eskalatzeko dituen hormengatik, eta logistika aldetik “erosoa” delako. “Eskalatzaileoi asko gustatzen zaigu Thagia, herritarren tratua ere oso ona delako”.

MAROKOKO THAGIA HERRIA

2021eko apirilean egin zuten bidaia Marokora. Ibarzabalen lehen aldia zen, eta Arakistainen hirugarrena. “Pandemia garaia zen, eta zailtasunak zeuden hara iristeko. Esan ziguten azken urte eta erdian ez zutela eskalatzaileen bisitarik jaso, eta lehenak ginela. Opari bat izan zen guretzat”. Izan ere, Ibarzabalek aitortu du horrelako bidaietan eskalatzaileekin egiten dutela topo beti eta haiekin pasatzen dutela denbora gehien, bertako herritarrekin baino gehiago: “Bakarrik egoteak bertakoekin harreman handiagoa izateko aukera eman zigun; haurrekin jolasean aritu ginen, helduekin luze hitz egin genuen…”.

Egun batean, Casablanca hiritik bidalitako elikagaiak Thagiako etxeetara banatzeko deialdira gonbidatu zituzten. “Herritarrak elkarrekin ikusi genituen, pozez; momentuak dira, baina zer pentsatua ematen dute”.

MAROKOKO THAGIA HERRIA

Laguntzeko aletxoa

Bidaia hartatik bueltan hasi ziren Thagiako herritarrei nola lagundu pentsatzen. Herrixka hartan erreka ederrak dituztela eta ur asko dagoela esan du eskalatzaile azpeitiarrak. “Ez da posible etxeetara urik ez iristea”. Eguzki panel batzuen bidez ura ponpatzeko ezer egin ote zitekeen pentsatu zuten lehenik eta behin.

Marokoko Gobernuak bazuen proiektu bat martxan, ur hornidurarako. Bi depositu dituzte herrian, eta gasolinazko motor baten bidez ura ponpatzea zen helburua. “Kontua da gasolina hemengo prezio berean dagoela han, eta soldatak gureak baino hamar aldiz baxuagoak direla”.

Proiektuarekin ezertan hasi aurretik, Thagiako herritarrekin hitz egitea pentsatu zuten Ibarzabalek eta Arakistainek. “Ura etxe guztietara iristeko behar hori guk geure begiekin ikusi dugu, baina eurek, agian, ez dute uste halako beharrik dagoenik”. Thagiara joaten direnetan ostatu hartzen duten etxeko mutila da Mohamed, eta hari proposatu zioten ideia. “Ez genuen nahi haiek beharrik eduki ez eta guk behar hori sortzerik”. Mohamedek herritarrekin hitz egin zuen segidan, eta proposamenarekin ados zeudela helarazi zien bi gazte gipuzkoarrei.

AITZOL IBARZABAL

Behin baimena izanda, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuarekin jarri ziren harremanetan. Haiei ere proiektua gustatu, eta elkarlanean ari dira. “Ikasleekin lantzeko proiektu interesgarria iruditu zitzaien, modulu desberdinetan lantzeko aukera eskaintzen baitu; ez soilik mekanismoaren inguruan, baita administrazio arloan ere”.

Garrantzitsuena falta zaie, ordea: finantzaketa. Urrian edo azaroan Thagiara joatea eta guztia muntatu ahal izatea da asmoa, baina hori diruak baldintzatuko duela dio Ibarzabalek. 50.000 euro inguru behar dituzte, materiala erosi eta eskolarekin elkarlanean probak egiten hasteko. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat dute martxan, eta herritarren ekarpena jaso nahi dute. “Bakoitzaren hondar aletxoarekin, Thagiako etxeetan lehen ur tanta geroz eta gertuago izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.