June Romatet Ibarguren
COVID-19aren pandemiarekin batera, Lasarte-Orian mugimendua sortu zen ikus-entzunezkoen alorrean. Ihitten elkartea ere sortu zuten, emakumeen presentzia handitzeko. Elkarteak joan den igandean aurkeztu zuen lehen proiektu luzea: Lasarte-Oria: istorio zumez egina, eta atzo eman zuten bigarren aldiz. Elkarte horretako kidea da Inge Mendioroz Ibañez (Andoain, 1973).
Igandean estreinatu zenuten Lasarte-Oria: istorio zumez egina lana. Zer moduz joan zen?
Izugarria izan zen asteburua, eta izugarria izaten ari da oraindik ere. Jende pila bat ari zaigu zoriontzen, adin ezberdineko jendea, eta horrelako zerbait falta zela konturatu gara. Ia-ia beteta zegoen aretoa, eta asko ari zaizkigu galdezka hurrengoa noiz izango den.
Atzo eman zenuten bigarrenez. Berezitasunik izan zuen?
Bigarrena ez zen izan zinema pantaila batean, eta mahai inguru bat izan zuen amaieran. Saioan izan ziren Ludi Cuesta Martin eta Jone Miren Hernandez Garcia, dokumentaleko partaideak biak, eta baita beste elkarrizketatu batzuk ere. Ikus-entzuleei hitz egiteko aukera ere eman genien, igandean konturatu baikinen jendeak gurekin hitz egiteko gogoa zuela eta beren istorioak kontatu nahi zituztela.
Nola sortu zitzaizuen dokumentala egiteko ideia?
Ideia nirea izan zen. Ni ez naiz Lasartekoa, baina Lasarten bizi naiz. Harritu egiten ninduten herriaren inguruan entzuten nituen kontaketek; herri industrializatua izaki, alde maskulinoa jasotzen nuen, eta horregatik egin nahi izan nuen horrelako zerbait. Ihitten elkartea sortzeko lehen bileretan aipatu nuen asmoa, eta urtebete geroago hasi ginen dena antolatzen. Emakunderen diru laguntza bat jaso genuen iaz, eta orduan hasi ginen lanean. Lasartek izan dituen hutsuneen artean dago herriaren memoria. Lan horren parte izan nahi dugu guk, eta horregatik egin dugu proiektua. Lasarteko Udalak berak proiektuaren parte izan behar zuela uste genuen, eta, azkenean, jaso dugu haien babesa ere.
Historia guztia Lasarte-Oriako emakumeek eurek kontatzea nahi izan duzue, ezta?
Hala da. Gurea ez da letra larriz kontatutako historia, ez da liburuetan kontatzen dena. Normalean, ez dira argitaratzen emakumeen errealitateak, eta, beraz, istorio xumeagoak izan arren, kontatu egin nahi genituen. Lasarte-Oriako emakumeen hiru belaunaldi bildu ditugu horretarako, eta dokumentatutako argazki eta bideoak ere bai.
Zer historia kontatu dizuete bildutako istorioek?
Herriaren historia bitxia da. Erdi Arotik idatzita dago Lasarte izena, baina 1180an, beste herri batzuk Donostiatik independizatu zirenean, hiru herritan banatuta gelditu zen Lasarte [Hernani, Andoain eta Urnieta]. 1986ra arte ez zen izan herri bat; egoera bitxia zen, herri batekoa zelako auzo bakoitza. Juani Telleria Maritxalar 75 urteko emakumeak kontatu zigun bere haurtzaroan 1.500 biztanle bizi zirela herrigunean, baina, hainbat enpresaren lan eskaintzaren ondorioz, 1960ko hamarkadan izugarrizko hazkundea izan zuela herriak. Donostiarrak Lasartera etortzen ziren aisialdira, horri buruz ere gauza asko esan dizkigute, eta horregatik daude hemen hipodromoa, auto lasterketak egiteko tokia…
Nola bizi izan zenituzten grabaketa egun haiek?
Lan asko egin genuen, baina oso politak izan ziren egunak. Emakume heldu asko iristen ziren grabaketetara “Nik zer dut kontatzeko?” galdezka. Baina eseri, eta esperientzia eta bizipen pila zeuzkaten kontatzeko. Une batzuetan, barre asko egin genuen; eta, beste batzuetan, haiekin batera hunkitzen ginen. Ederrak izan ziren grabaketa egunak.
Informazio asko bilduko zenuten. Nola lotu duzue dena?
Hamabi elkarrizketa egin genituen, bakoitza ordubete ingurukoa, eta, beraz, asko genuen lotzeko. Hala ere, hari bat izan dugu une oro: herriaz hizketan ari ginen, eta, beraz, izenarekin ere lotu behar genuen. Latsa arte-tik dator Lasarte izena; hau da, ur laster txikien artetik, herria bera erreka batean sortua baita. Horregatik, historian aurrera goazen heinean, erreka soinuak edo irudiak antzemango dira une oro.
Lehen bi saioak eginda, zein izango dira hurrengo pausoak?
Okendo taldearen eskutik zehaztuko dugu hurrengo hitzordua, udan, eta Oriarte ikastetxean ikusiko dute hurrengo ikasturtean. Horrez gain, zabaltzen jarraitu nahi dugu, jaialdietara bidaliz eta Buruntzaldeko herrietan proiektatuz. Jende askok eskatu digu bigarren zati bat egiteko, kanpoan gelditu denarekin eta entzuteko ditugun istorioekin, baina aurrerago egingo dugu hori, agian.
Leave a Reply