U. Zubeldia
Umetatik erakarri izan du musikak Nerea Bengoetxea (Donostia, 2000), baina autodidakta izan da gehienean. Donostia eta Madril artean bizi da gaur egun, eta musika kalean jotzea atsegin du bereziki. Musika Parkean egitasmoaren barruan, Aieteko parkean ariko da bihar, 14:30etik 15:30era, Donostian.
Nola iritsi zitzaizun Musika Parkean egitasmoan parte hartzeko aukera?
Sergio Cruzadok deitu zidan, Musika Parkean egitasmoaren sustatzaileetako batek. Iazko irailean ziren egitekoak jaialdia, baina bertan behera utzi zuten. Aurtengo ekainerako deituko zidala esan zidan, eta pozez jaso nuen deia.
Donostiarra zara jaiotzez, baina Donostian bizi zara gaur egun?
Madrilen bizi naiz, baina Donostiara joan-etorrian ibiltzen naiz une oro.
Noiz esan zenuen: “Ni musikari izango naiz”?
Umetatik erakarri izan nau musikak. Gitarrarekin hasi nintzen abesten, baina bost urtez nire logelan abestu nuen, inor ohartu gabe, ezta gurasoak ere. Baxu-baxu kantatzen igaro nituen bost urte, oso lotsatia nintzelako. Egun batean, atearen beste aldean jarri ziren gurasoak, eta orduan galdetu zidaten ea abesten ari nintzen. Pixkanaka hasi nintzen klasekideen, gurasoen eta lagunen aurrean abesten, 2018an Madrilera etorri nintzen arte. Abestiak konposatzen hasi nintzen orduan, eta erabat lotu nau mundu horrek. Sortu eta sortu, nire hamar abesti dauzkat jada.
Nor izan duzu irakasle?
Abesten ez zidan inork irakatsi, eta gitarra jotzen ikasteko eskola partikularrak jaso nituen Donostian, baina neure kasa aritu naiz gerora.
Esan duzu klasekideen, gurasoen eta lagunen aurrean hasi zinela kontzertuak ematen. Non aritu izan zara gerora?
Agentzia batetik deitu zidaten behin, Lola Indigo musikariaren [Miriam Doblas Muñoz] kontzertuaren aurreko kantaria izateko. Hori izan zen nire lehen kontzertu serioa; 18 urterekin, zazpiehun pertsonaren aurrean aritu nintzen, pentsa!
Nolatan joan zinen Madrilera bizitzera?
Interpretazio ikasketak egiteko asmotan etorri nintzen, aktore izateko. Urte batzuk igaro nituen ikasten, baina niri benetan musika gustatzen zaidala konturatu naiz. Orain jada bete-betean ari naiz musikari gisa. Kalean abestea gustatzen zait, eta hiriz hiri ibiltzen naiz jotzen, asteburuetan. Hilabete bakoitzean hiri batean aritzeko erronka jarri diot neure buruari, eta Donostian, Sevillan, Elxen eta Salamancan aritu naiz jada, kalean. Hamabi hiritara iritsi nahi dut.
Musikari ibilbidea egiteko, ezinbestekoa al da etxetik, Donostiatik, atzerrira joatea?
Donostiak gauza asko ematen dizkio artista bati, txikia delako, eta ahoz ahokoa oso baliagarria delako. Baina, zeure buruaren berri emateko, ezinbestekoa da kanpora ateratzea. Sare sozialak ere garrantzitsuak dira, baina ezinbestekoa da norbera mugitzea ere.
Bakarka aritu izan zara, Pablo Rodriguez gitarristarekin ere bai… Zein formatutan sentitzen zara erosoen?
Nire gitarrarekin eroso sentitzen naiz ni, baina egia da beste musikari batzuk ondoan dituzunean asko janzten dela zuzenekoa. Gitarrista eta bateria jotzaile batekin ariko naiz Musika Parkean-en.
Leave a Reply