Errepideei begira

Errepideei begira

Miren Garate

Frantziako Tourreko bigarren eta hirugarren etapak —hau da, igandeko eta asteleheneko etapak—, Gipuzkoako 30 herritatik baino gehiagotatik pasatuko dira. Askorentzat gozamen hutsa izango da urteko lasterketa nagusia etxe ondotik pasatzea. Era berean, ordea, eragozpen ugari eragingo ditu; batik bat, errepideetan. Josu Bujanda Ertzaintzako buruak aste honetan adierazi duenez, astelehenerako aurreikusten dituzte arazorik handienak, laneguna izango delako: “Segur aski, astelehenean lantegietara sartzeko ez da arazorik egongo, baina eguerdi aldean leku askotan arazoak edukiko dituzte”. Errepideen unean uneko egoeraren berri izateko, Waze aplikazioa kontsulta daiteke.

Oro har, lasterketa pasatu baino hiruzpalau ordu lehenago itxiko dituzte errepideak; lasterketa pasatu ostean, berriz, beste ordubete bat egongo dira itxita. Zenbait tokitan, are gehiago iraungo dute mozketek. Jaizkibel, adibidez, gaur bertan itxiko dute ibilgailuentzat —baimena dutenentzat salbu—, igandera arte. Donostian —han amaituko da igandeko etapa—, bihartik egongo dira itxita Paseo Berria eta Sagues —18:00etatik aurrera—, nahiz Zurriola etorbidea —20:00etatik aurrera—.

FRANTZIAKO TOURRA

Pasai Antxotik igandean eta astelehenean igaroko dira txirrindulariak, eta bi egunetan izango dituzte murrizketak. Beasainen, gaurtik aurrera ezingo da aparkatu lasterketa igaroko den kaleetan —laurehun auto inguru egon ohi dira—, eta edukiontziak kendu dituzte. Gainerako herriek ere antzeko neurriak hartuko dituzte.

Ahal den heinean, garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman dute, baina hari ere eragingo dio errepideen itxierak. Lasterketa etzi arte ez da sartuko Gipuzkoan, baina Lurraldebusek jakinarazi du bihar ere atzerapenak izan daitezkeela zenbait zerbitzutan, Bilboko sarbideetako zirkulazio etenengatik. Etzi, Gipuzkoako linea gehientsuenek izango dute aldaketaren bat, eta astelehenean ere Urola Kostako, Urola Erdiko, Bidasoa-Oarsoaldeko, Debabarreneko eta DO03 eta DG02 lineetako autobusek aldaketak izango dituzte.

Baliteke zailtasunak egotea Hondarribiko aireportura iristeko ere. Tren zerbitzua, berriz, indartu egingo du Eusko Trenek, eta, igandean, Zumaia eta Donosti artean ordu erdian behin izango dira trenak eguneko zatirik handienean. Tourrak “eragin ekonomiko eta turistiko handia” izango duela aipatu izan dute lasterketaren antolatzaileek eta erakunde publikoek. Batzuei, ordea, ohi bezala lan egitea eragotziko die lasterketak. Itziarren (Deba), 11:35ean moztuko dute errepidea astelehenean, 14:45ean baita pasatzekoa lasterketa, eta 16:00 aldera arte ezingo da zirkulatu.

Itziarren errepide ondo-ondoan du jatetxe bat Bixente Zulaikak. “Gure bezeroak, batik bat, obretako langileak, autobidearen mantentze lanetan aritzen direnak, industrialdean lan egiten dutenak… dira. Horiek gehienak galdu egingo ditugu bazkaritarako”. Aldiz, erreserbaren bat edo beste jaso dute, lasterketa ikusi aurretik edo ondoren bazkaltzeko. Hala ere, baikor dago Zulaika. “Uda partean, Frantziako turistak etorriko zaizkigula uste dugu, kostalde guztia promozionatzeko balioko duelako Tourrak”. Molestiak molestia, uste du itziartarrei “ilusioa”egiten diela lasterketa handik pasatzeak. Malda pixka bat badagoenez, xarma puntu bat ere badu inguruak, eta giro ona izatea espero dute.

Festak eta Tourra

Igeldon (Donostia), festak dituzte igandera arte. Egun horretan, 18:00etatik aurrera, igeldotarrek, hango kanpinean daudenek eta erreserba egiaztatzen duten hotel eta jatetxeetako bezeroek bakarrik izango dute ibilgailuz igotzeko baimena. Astelehenean, berriz, errepidea guztiz itxita egongo da 10:30etik 17:00 aldera arte. “Festak izanda, eragin handia izango du errepideak ixteak. Ez genuen espero igandean bertan ixtea; azken momentuan abisatu digute”, esan du Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko kideak.

Guztia antolatuta zutenez, jaietako egitarauari eustea erabaki dute, eta esan diete ekitaldiren batean parte hartzekoak direnei errepidea erabiltzeko baimena emango dietela. Baina ez dakite handik kanpokoak ohi bezala joango ote diren. “Autobus zerbitzua indartu dute, eta gauera arte egongo da. Etortzeko asmoa duenari etortzeko esango genioke”.

Igandeko murrizketak “gehiegizkoak” iruditu zaizkiela kontatu du Dorronsorok. Tabernariei, adibidez, asko eragingo diela uste dute. “Normalean, igandeetan jende asko izaten dute; batik bat, eguraldi ona bada. Festak izanda, are gehiago izango lukete”. Etziko neurriak sobera daudela uste dute Igeldoko Herri Kontseiluan. “Astelehenean erabat itxi behar bada errepidea, ez dira hainbeste udaltzain behar errepide inguruetan ez dagoela oztoporik begiratzeko”.

Asteleheneko neurriak espero zituzten, nahiz eta haiek ere eguneroko martxa zailduko dieten. “Tourra da, eta ulertzen dugu ekitaldi garrantzitsua dela, baina neurriak hartzeko orduan ez legoke sobera ingurukoekin kontrastatzea, hartutako neurrietara moldatzea zaila baita askotan”.

Dorronsoro bera baserritarra da. “Esnea banatzera jaitsiko gara, baina igo ez dakit noiz igoko garen. Esnetegira etortzen den langilea ere ez dakit nola moldatuko den etortzeko”. Halako ekitaldietan, bestelako arazoak ere jasan behar izaten dituzte baserritarrek askotan: jendea zelaietara sartzen zaielako, zaborra han geratzen delako… “Donostian ez da kalean zaborrik botatzen, eta lorategietan ere ez gara sartzen. Gainerako tokietan ere errespetuz ibili behar genuke”.

Ospitalean, ohi bezala

Igeldon bezala, San Pedro eta Santa Isabel egunen bueltan, herri gehiagotan ere badira festak. Ezkion, astebete aurreratzea erabaki zuten, eta joan den asteburuan ospatu zituzten. Usurbilen, Frantziako Tourra ez da herritik pasatuko, baina bai oso gertutik, Orio zeharkatu ostean Igeldorako bidea hartuko baitute txirrindulariek. Bere horretan mantendu dute egitaraua. Zumarragan ere, igandean dute egun handia. Handik ere ez da pasatuko lasterketa, baina bai inguruko herri ugaritatik. Agian, kanpotik jende gutxiago joango zaien arren, herritar gehienek Antioko ermitara joateko tradizioari eutsiko diotela uste dute udaleko ordezkariek.

Taxi gidariak, banatzaileak, kamioilariak… Asko dira ordu batzuetan lanerako aukerarik izango ez dutenak. “Oporretako irteera ere bada, eta igandean bestela ere murrizketak izango genituen. Batik bat, astelehenean eragingo digu Frantziako Tourrak”, esan dute Hiru garraiolarien sindikatuko kideek. Donostia ospitalean, berriz, ohiko funtzionamendua aurreikusten dutela azaldu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.