Kerman Garralda Zubimendi
Daniel Scott argentinarra duela ia hogei urte izan zen lehen aldiz Euskal Herrian. “Esperientzia izugarria” izan zela dio; horrenbeste, bertara ezkondu da. Tolosan, Usurbilen, Orion… hamaika urte daramatza Buenos Aires jaioterritik milaka kilometrora bizitzen. Euskara ikastea ere lortu du bitarte horretan. Ondo, gainera. Hain ondo, hitzekin jolas egitera ere ausartu da: Bertsorap liburua kaleratu berri du.
Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako bertso, kopla eta rap bilduma bat da Bertsorap. Hirugarren edizioa du, zehazki. Lehenengoa, 2020ko pandemia baino lehen kaleratu zuen: “Tolosan bizi nintzenean, Alegiako bertso eskolara joan nintzen. Asko gustatzen zaizkit bertsoak, eta probatu egin nahi nuen”, oroitu du. Ez zaio damutu. “Oso giro polita genuen. Nire adineko jendea eta apur bat gazteagoak zeuden. Lagunak egin nituen, eta oso gustura joaten nintzen”. Inprobisatzea, baina, “oso zaila” egiten zitzaion, eta bertso paperekin probatu zuen: “Afizio moduan hasi nintzen, eta orain ezin diot utzi idazteari. Asko gustatzen zait”. Mordoxka bat egin zuenean, liburu batean jaso zituen. “Baina oparitzeko bakarrik, nire hurbilekoentzat”, zehaztu du. “Harrera ona izan zuen, ordea, eta saltzen hasi nintzen; diru iturri bilakatu da gerora”.
Hirugarren edizioan bildutako bertsoak, paradoxikoki, Argentinan idatzitakoak dira. “Euskararekin harremana ez apurtzeko balio izan zidan idazteak”. Gizarte gaiak landu ditu, bereziki: demokrazia, migrazio fenomenoak, nazionalismoa, euskara… “Gaztelaniaz badago esaera bat zera dioena: Lo que hay en el corazón dice la boca [Bihotzean dagoena esaten du ahoak]. Niretzako oso gai garrantzitsuak dira, eta onura egiten dit horien inguruan idazteak eta hausnartzeak. Pentsatu nahi dut irakurleei ere mesede egingo diela”.
Fedeaz ere idatzi du Scottek. “Fededuna naiz ni, kristaua. Eta gustatzen zait fedea bide moduan ikustea. Nire eredua eta nire bidea Jesus da. Asko idazten dut berari buruz. Ez erlijioari buruz, bideari eta Jesusi buruz baizik”.Teologia ikasketak egin zituen unibertsitatean; Politika Zientziak ere ikasi zituen. “Asko gustatzen zait teologiaren eta gizarteko arazoen arteko zubi lana egitea”.
Bertsolaria payadore
Bertsolaritzak Argentina gehiago ezagutzeko ere balio izan diola kontatu du Scottek. “Bertsoak idazten hasi nintzenean, payadak eta koplak idazten hasi nintzen. Payadoreak eta kopleroak dira Argentinako bertsolariak. Payadoreek gitarra batekin inprobisatzen dituzte payadak, eta kopleroek, danbor batekin”. Iraganean ez zituen errimak lotzen, baina euskaraz hasita gaztelaniaz egitera ere ausartu zen. Horiek ere txertatu ditu bilduman.
Hirugarren edizioan, baina, raparen alorra ere jorratu du argentinarrak. “Denborak eraman nau rapak idaztera. Grina oso berezia sortu zait raparekin”. Idatzi ez ezik, bideoan ere grabatu ditu hainbat rap pieza. Koplarap izenarekin, Youtubeko kanal bat ere zabaldu du. Liburuko rap bakoitzak QR kode bat du, eta Koplarap kanalera bideratzen du bakoitzak, piezak irakurtzeaz gain, entzuteko. Euskaraz ere aritu da rapean. “Rapak balio izan dit bertsoak sortzeko, eta alderantziz. Dena lotuta dago”. Koplarap izen artistikoa jarri dio bere buruari, eta sare sozialetan bere burua musikari gisa aurkezten hasi da, Danikoplarap erabiltzailearekin.
Etorkizunerako erronka ere jarri dio bere buruari: zuzenean kantatzea. “Bereziki, grabazio estudioan aritzen naiz rapean ni. Erronka handia da niretzako, baina apurka-apurka jendaurrean eta zuzenean rapean hasi nahi dut”, azaldu du. “Idazten jarraituko dut, ziur. Niretzako terapia moduko bat da”, gaineratu du. Laugarren liburua argitaratzeko beste sorta bat ontzen ari da. “Ea urrirako idatziak ditudan eta liburua ateratzeko modua dudan. Hori nahiko nuke”.
Scottek agenda betea du bertso eta euskara eskolekin. “Euskal Herrira bizitzera etorri ginenean, Lazkaoko Maizpide euskaltegian izena eman genuen emazteak eta biok. Han ikasi nuen euskara”, kontatu du. “Modu intentsiboan aritu ginen, bederatzi hilabetez”. Lasaiago dabil orain, abilezia handiagoa duelako. “Tokian tokiko euskaltegietan jarraitu dugu ikasten: Tolosan, Usurbilen, Donostian, Orion… Orain posible dut euskaraz bizitzea”.
Leave a Reply