Unai Zubeldia
Ospakizun giroan, oinarri zuen hartara itzuli nahi dute aurten Kalerki kaleko antzerkiaren eta arte eszenikoen Zarauzko jaialdia. 30 urte igarota, “berriz ere kalea okupatzea” da antolatzaileen helburu nagusia. Agurtzane Aizpuru Zarauzko Udaleko Kultura saileko arduradunak zehaztu du “ikusleak ezustean hartzen, haiengan eragiten” saiatzen direla beti. Uztailaren 6tik 8ra egingo dute aurtengo jaialdia, eta hamabost konpainia ariko dira guztira, Zarauzko zazpi gunetan —ibilian ikustekoak izango dira ikuskizunetatik hiru—.
30 urte atzera eginda, Aizpuruk azpimarratu du Alproja kultur taldeak erein zuela Kalerkiren lehen hazia. “Antzerkia kalera atera eta jaialdi bat antolatzeko beharra sentitu zuten, eta pauso garrantzitsu hori eman zuten. Kalerki herritik sortua da”. Aizpuruk goratu egin du Alproja kultur taldearen lana. “Euskal jaian, urtero, antzerki lan bat taularatzen dute, herritarrekin prestatutakoa. Lan asko egiten dute. Kaleak badauka antzerki lan guztiak demokratizatzeko borondate hori; kaleak denen eskura jartzen ditu arte eszenikoak, eta ikusle berriak erakartzen ditu”. Duela hamar urte, udalak berak hartu zuen jaialdia antolatzeko ardura. “Guretzat, erronka handia da jaialdi honi eustea”.
“Gune bilduak” aurkitzen
Emanaldi asko “formatu txikikoak eta lagun bakarrekoak” direla kontuan hartuta, “gune bilduak” aurkitzen saiatu dira aurten antolatzaileak; zazpi prestatu dituzte: Villa Manuela, Santa Klara, Udaberri aurrea, Antoniano frontoia, Frontoi Txikia, Munoa eta Musika plaza. Euria egiten badu, tokiz aldatuko dituzte hainbat saio; Gaztelekua, Antoniano frontoia eta Modelo aretoa egokituko dituzte kasu horretan.
Antzerkia, eta kaleko antzerkia bereziki, haurrekin lotzen dute askok. “Baina ez da batere hala. Ez dauka hala izan beharrik, behintzat. Haurrentzat eta familientzat ere bada kaleko antzerkia, baina baita helduentzat eta ikusle ororentzat ere”. Aurtengorako, konpainia bakarrak egin du eskaera berezi bat: “Gauez aritzeko eskatu digu Los Galindos konpainiak, eta 16 urtetik gorakoentzat izango da haien MRS (Muertos de Risa) emanaldia”. Urte guztian, ostegunero, familientzako antzerki saioak izaten dituzte Zarautzen, Villa Manuelan, eta han programatu dituzte haurrentzat egokienak izan daitezkeen bi antzerki lanak: #Sueña, Mireia Miraclerena —uztailaren 6an—, eta Bazen behin, Tiritirantes Circo Teatrorena —uztailaren 7an—.
Euskal Herriko konpainiak lehenetsita, “jaialdiari osotasuna ematen” saiatzen dira beti antolatzaileak. Zazpi konpainia dira Euskal Herrikoak, bost Espainiakoak, bi Herrialde Kalanetakoak eta beste bat Portugalgoa. “Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteko kide gara, eta, jaialdietako programatzaile eta zuzendariez gain, konpainiak eta banatzaileak ere badaude elkarte horren barruan”. Sare bat sortuta dagoela azpimarratu du Aizpuruk, eta tokiko ekoizpenari gertutik erreparatzeko aukera ematen diela horrek. “Kalerkiren funtsezko lehentasunetako bat da hemen gertatzen denari plaza edo leku bat ematea”.
Obrak, aurrez ikusita
Baina, urtero, “toki askotatik” jasotzen dituzte proposamenak Zarautzen. “Eta ez diegu aterik ixten kanpoko konpainiei. Lekeitioko [Bizkaia] jaialdiarekin elkarlanean, adibidez, Portugalgo Pia konpainia ekarri ahal izan dugu aurten”. Urte osoan, kaleko antzerkiaren hainbat jaialditara joaten saiatzen dira Zarauzko Udaleko Kultura saileko ordezkariak. “Leioara [Bizkaia], Gasteizera, Tarregara [Herrialde Katalanak], Aveirora [Portugal]… Ekartzen ditugun obra guztiak aurrez ikusita edukitzen saiatzen gara, nahiz eta beti ez den aukera hori izaten”.
Edukiera mugatua dute ikuskizunetako batzuek, eta ezinbestekoa da 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta edo kultura@zarautz.eu helbidera idatzita aurrez erreserba egitea. Ez da sarrerarik ordaindu beharko ikuskizunak ikusteko. “Ikusle berriak bilatzeko eta lantzeko aukera eskaintzen du Kalerkik. Kaleko antzerkia dohainik eskainita elikatu egiten dugu etorkizun hurbileko barrurako sarrera hori”.
Urtero, herritarrek “oso ondo” erantzuten dutela txalotu du Aizpuruk. “Ikusle finkoak dauzkagu urte osoan, kultur ekitaldietan gertatzen den horri erreparatzen diotenak, eta kaleak areagotu egiten du hori, bisitan datorren hori ere harrapatzeko. Oso giro ona sortzen da beti, eta Zarautz erakargarri bihurtzen da”. 30 urte beteta, daukaten horri eutsi nahi diote aurrerantzean ere. “Azken bizpahiru urteotan, komunikatiboki ahalegin berezia egin dugu, eta Zarauztik kanpo ere erreferentzialtasun hori lortzeko lanean jarraituko dugu”.
Leave a Reply