U. Zubeldia
Goenkale; Pilotari; Vaya Semanita; Kutsidazu bidea, Ixabel… Telebista eta zinema gertutik ezagututakoa da Lierni Fresnedo aktorea, baina antzerkiak bizitasuna ematen diola aitortu du. 1961ean jaioa da, Pasai San Pedron, eta hasieratik aritu izan da aktore gisa Kalerki kaleko antzerkiaren eta arte eszenikoen Zarauzko jaialdian; han izango da aurten ere, uztailaren 8an, 18:00etan, Antoniano frontoian, Asier Sota ondoan duela, Trapu Zaharra konpainiaren Mesede bat egitearren obrarekin.
“Gipuzkoako eta Euskal Herriko kaleko antzerkiaren lehenengo plazetako bat da Kalerki”, azaldu du Fresnedok. “Giro berezia sortzen da Zarautzen; hala bizi dugu aktoreok ere. Jaialdi honek antzerkia oso gertutik dastatzeko aukera eskaintzen du”. Pasaitarrak azpimarratu du Zarautzek kaleko antzerkiaren aldeko “apustu handia” egin zuela duela 30 urte. “Eta eskertzekoa da. Geroago etorri zen kaleko antzerkiaren boom hori. Antzokira joaten ez zen jende askok kalean egin zuen topo antzerkiarekin, eta horietako asko lotu egin zituen”.
Kaleko antzerkian, urte askoan, zirkuak izan du indar handia, Fresnedoren esanetan. “Dantza, antzerkia bere horretan, zirkua bera…; diziplina asko daude kalean, eta gaur egun merkatua egonkortuta dagoela esan dezakegu. Ohitura bat sortu dugu jendea kaleko antzerkia ikustera joateko”. Lehen urteetara atzera eginda, aktoreak gogoratu du “emakume talde batek sustatutako jaialdi txiki bat” zela hasieran Kalerki. “Gerora bihurtu zen profesionalagoa”.
Kaleko antzerkia ikusteko ohitura sortuta ere, “azken pausoa” falta dela uste du Fresnedok: “Gazte jendea kateatzea. Haiek nahiago dute musika taldeen kontzertuetara joan, baina antzerkiarekin topo egiten duten gazteetako asko gure ondoan gelditzen dira”. 2020an COVID-19aren pandemiak “dena” gelditu zuela adierazi du pasaitarrak. “Bitxia bada ere, kalea behar bihurtu zen, hor bakarrik egin zitekeelako antzerkia, eta nolabaiteko normaltasunera itzulita gaude orain”.
Ikusleekin pultsuan
Kaleko antzerkiaren normaltasuna “ikusleek parte hartzea” ere badela esan du Fresnedok. “Mila gauza gerta daitezke kalean; anbulantzia bat pasatzea, adibidez. Ikusleen pultsuarekin jolastu beharra dago, ikusleria sartu egiten baita ikuskizunean”.
Joan den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak igaro berritan, eta Espainiako Gorteetarako bozak gain-gainean direla —uztailaren 23an izango dira—, pare-pareko emanaldia izango da Trapu Zaharra konpainiarena. Izan ere, hautagai politiko bat da Mesede bat egitearren obrako protagonista nagusia; beldur eszenikoari aurre egin beharko dio kanpainaurrean, garaile agertu behar duenean. 2021eko maiatzean estreinatu zuten obra, eta “berrogei bat” saio egin dituzte ordutik.
Leave a Reply