Urko Etxebeste
Aztiak ziren erromatarrak. Haien inperioa Oiartzuneraino gutxienez iritsi zen; nora, eta Aiako Harria natur parkera. Hango Arditurriko meatzeetan, batez ere galena —zilarra eta beruna dituen minerala— ustiatu zuten K.a I. mende ingurutik hasita. Preziatua zen zilarra haientzat: txanponak edo bestelako objektu baliotsuak egiten zituzten metal horrekin. Hori guztia non eta nola egiten zuten ezagutzeko aukera izango da etzi, igandean, Arditurri Eguna egingo baitute Oiartzungo Udalaren eremu batean, Gipuzkoako Parketxe Sareak kudeatzen duen gunean. “Eguna izango da modu bat familia giroan eta lagun artean hona etortzeko”, esan du Jon Ander Saiz Gomez de Segura Arditurriko koordinatzaileak. “Arditurri bera, inguruko paisaiak, nahiz mendi hauetan idatzita dagoen historia ezagutarazi nahi ditugu”.
Historia badu-eta Arditurrik. Hango ustiaketen lehen zantzuak Burdin Arokoak badira ere, aurreneko antolatu eta egiaztatuak erromatarrek egin zituztenak dira. Lur azpiko hamabost kilometroko galeria eta zehar zuloak egin zituzten han, baita lurpeko ura drainatzeko akueduktua ere. “Arditurriko ikurretako bat da cuniculus edo akueduktua”, esan du Saizek.
Meatze lanetan zebiltzan denak ez ziren esklaboak edo antzekoak: “Egongo ziren esklaboak ere, baina erromatar langile kualifikatuak zeuden hemen, eskuan eramaten zituzten erremintekin bakarrik lan egiten zutenak”. Mea lanak egiteko espezialistak zeudela gogoratu du Saizek. “Baita akueduktuak-eta egiten zekiten ingeniariak ere. Arditurriko meateagiak 1980ko hamarkadan itxi zituzten. Baina hemen egindako aurkikuntzek Euskal Herriaren historiaren zati bat erromatarren garairaino eramatea ahalbidetu dute”. Oiartzunen ateratako argentum-a inperio osora Irunen zegoen Oiasso eremuko portutik zabaltzen zutela uste dute adituek.
Erdi Aroan ere atera zituzten gaiak Aiako Harriaren erraietatik —burdina, gehienbat—, baina horrekiko interesik ez zuten erromatarrek. XVIII. eta XIX. mendeetan, jada industria eta armagintza helburuekin, beruna, burdina, kobrea eta zinka izan ziren mendiaren barrenetik ateratakoak. Ondoren, jada XX. mendean, batez ere blenda eta fluorita atera zituzten bertatik; trenez, Pasaiako portura eramaten zituzten gai horiek, 1984an hango jarduera bukatu zen arte. Egun, bidegorria da tren horren bidea.
Bi solairuko egitura
Etzi —eta urte guztian— bisita daitezke Arditurriko meazuloak eta Aiako Harriko Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa. Meategi Handian bi solairuko egitura dute: goikoa, pasarela bat da, desnibelik gabekoa, argiarekin edonork gozatzeko modukoa; horren azpialdeko zatian mugatuago dago irisgarritasuna. Meategi Handiak erromatarren meategiaren arrastoak dituen arren, Industria Aroko ustiatzaileek utzitako zantzuak ditu, gehienbat: bi garaien arteko zubi antzekoa da.
Arditurri 3 meategia ere zabalduko dute igandean: “Erromatarren garaian bezala dago hori. Igandean irekiko dugu, baina normalean ez da zabalik izaten publikoarentzat. Ondo zaindutako meategia da, eta saiatzen gara ez gehiegi eragiten. Igandekoa aukera ona da hori ikusteko”.
Arditurrikoek elkarlanean antolatu dute etzikoa, eta oiartzuarrek bat egin dute Aiako Harriaren magalean dagoen eremuari balioa emateko eta ezagutarazteko asmoarekin. Hala, Luberri Ikasgune Geologikoko kideek paleontologia tailerra emango dute; Abaraxka ludotekak haurrentzako jolas eta tailerrak prestatuko ditu, eta Oidultz dultzainero taldeak girotuko du mendi piko arteko gunea. Gainera, Aitzindariak, ikatzaren emakumeak erakusketa zabalik izango da interpretazio eraikinean: Asturiasko (Espainia) emakume meatzariei buruzko erakusketa da.
Arditurritik ateratako gaiak Pasaiako portura garraiatzeko trena zenaren bidea egokitua dago haraino bizikletan edo oinez joateko. “Ez da aukera txarra izango egun horretan, bide berdean, meategira bizkletan edo oinez joateko”, esan du Saizek.
Leave a Reply