Bi aste, euskaraz bizitzen

Bi aste, euskaraz bizitzen

Miren Garate

Goizeko atsedena amaitzear, azken minutuak aprobetxatzen ari dira zenbait lagun Lazkaoko Maizpide barnetegian. Gazteak dira asko, baina denetik dago. Begiratu batera ezin da igarri nor diren irakasleak, nor ikasleak eta nor bestelako langileak. Euskara hutsez ari dira guztiak. Uztailaren 3an hasi zituzten udako barnetegiak Maizpiden, eta gaur amaituko da lehen txanda, nahiz eta uda osoan jarraituko duten ikastaroek.

Bi aste hauek Lazkaon igaro dituzten ikasle horietako hiru dira Sarin Nadupparampil, Elena Gorostegi eta David Bejarano. Beren euskara maila hobetzea izaten dute helburu ikasle guztiek, baina askotarikoak dira bakoitzaren motibazioak, testuinguru linguistikoa edo helburuak. “Ni urrian hasi nintzen Maizpiden, neguko barnetegian. Maizpideko aldizkariaren azala egiteko lehiaketa irabazi nuen, eta, sari moduan, doan nuen uztaileko barnetegi hau”, kontatu du Sarin Nadupparampilek. Indiarra da sortzez, Kerala estatukoa, eta apaiza. Errenterian bizi da duela hiruzpalau urtetik. “Gure kongregazioa mundu osoan dago zabalduta. Orain Euskal Herrian nago, eta uste dut hemen lan egiteko beharrezkoa dela hemengo kultura eta hizkuntza ezagutzea”.

Hala hasi zen Maizpiden euskara ikasten, eta estimatzen du barnetegian euskal kultura ere lantzea. Mikel Laboa aipatu du. “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza esaten zuen Laboak, eta niretzat ere garrantzitsua da esaldi hori. Hizkuntzaren bidez, mundu berri bat irekitzen da”. Indian bertan, hizkuntzen eta dialektoen aniztasun handia dagoela gogoratu du. Etorri aurretik, Euskal Herriari buruz zerbait bazuen entzuna, baina ez gauza gehiegirik. Dagoeneko euskaraz hitz egiten du elizara joaten diren batzuekin.

MAIZPIDE BARNETEGIA

Gorostegik, berriz, esan du Maizpiden “beteranoa” dela. “2008an etorri nintzen lehen aldiz, eta maiteminduta geratu nintzen euskararekin”. C1 azterketa gainditzea zuen helburutzat, eta duela hamar urte lortu zuen hori. “C1 titulua lortu aurretik, zazpi hilabete jarraian egon nintzen Maizpiden”. Hala ere, ia-ia urtero Lazkaora etortzen jarraitzen du. “Donostiarra naiz, baina orain Tuteran [Nafarroa] bizi naiz. Euskararen egoera ez da batere ona Erriberan, eta jariotasuna hobetzeko etortzen naiz Maizpidera”.

Bigarren etxetzat du Maizpide, eta ingurukoek badakite hori. Dagoeneko ez ditu ustekabean harrapatzen barnetegira doala esaten dienean. “Hasieran harrituta begiratu zidaten, baina, batik bat, heldua nintzelako. Baina 50 urterekin ere lor daitezke gauzak, ezta?”. Iaztik, euskara irakasle da Tuterako AEKn. “Erabiltzen dut euskara, baina klaseetan eta nire ingurukoekin bakarrik. Erriberan euskaraz hitz egiteko aukera handirik ez dut”.

David Bejaranorentzat, berriz, euskaltegi edo barnetegi batean ikasten duen lehen aldia izan da. Gasteiztarra da, eta eguneroko bizitzan presente izan du euskara umetatik. “2 urterekin hasi nintzen eskolan, eta, D ereduan aritu naizenez, dena euskaraz egin dut. Euskara nire bigarren hizkuntza da”. Eskolan bertan bai, gela barruan, baina handik kanpo euskaraz hitz egiteko ohitura handirik ez duela esan du; gaztelaniaz hitz egin ohi du lagunekin eta etxean.

16 urte ditu, eta, aurrera begira, irakasle izateko ikasketak egiteko asmoa du, euskaraz. “Batxilergoa egiten ari naiz orain, eta unibertsitatean hasten naizenerako euskara maila handia izan nahi dut”. Aitortu du zuzentasunarekin dituela arazorik handienak. “Noiz z, noiz h…”. Legezko tutore duen osabak esanda joan da barnetegira. “Ikusi zuen euskaraz arazoak nituela ortografia aldetik, eta esan zidan etortzeko, euskara ikasteko eta praktikatzeko; berez, hilabete osoa egin behar nuen, baina, azkenean, euskara gainditu egin nuenez, lehen txanda soilik egingo dut”.

Egun bat barnetegian

08:00etatik 09:00 arte izaten dute gosaria Maizpiden, eta berehala goizeko klaseekin hasten dira; 11:00etatik 11:30era egiten dute atsedena, eta 13:30 arte jarraitzen dute. Jangelara joaten dira handik, bazkaltzera. “Dena prest izaten dugu, eta janaria oso ona da, etxekoa”, esan du Gorostegik. 15:15ean hasten dituzte arratsaldeko eskolak, eta 19:30 arte jarraitzen dute. Arratsaldeko azken ordua, ordea, tailer formatuan egiten dute: txistua, tertulia, ibilaldia… dituzte aukeran. “Jan, lo eta klaseak, dena Maizpiden bertan egiten dugu”, esan dute hirurek. Gutxi batzuk bakarrik joaten dira inguruko beste ostatu batera lotara.

MAIZPIDE BARNETEGIA

Libre izaten dituzte klaseak amaitu osteko orduak, baina bestelako planak ere ohikoak dira barnetegian: antzerkia, bertso afariak, igandean ibilaldia… “Pintxo potera ere joaten gara, eta hemen [barnetegian] baino gehiago hitz egiten dugu euskaraz”, esan du irribarretsu Nadupparampilek. “Herriko tabernara joaten gara, eta ondo dago belarria kaleko hizkerara egiten joateko”, gehitu dio Gorostegik.

Harentzat, horixe da euskaraz aritzeko zailtasunetako bat. “Hemen ikasten duguna oso hizkuntza formala da, eta kaleko hizkuntza gero eskuratu behar iazten dugu. Zailena hori egiten zait. Ergatiboa modu naturalean ateratzea ere kostatu egiten da”. Ortografian ikusten du bere burua okerren Bejaranok. “Horrez gain, gramatika aldetik ere gauza batzuk zailak dira; adibidez, ahalera. Nor-nori-nork ondo ateratzen zait, baina nor-nori eta nor-nork gehiago pentsatu behar ditut”. Euskaraz hitz egiten ausartzeko arazorik ez duela aitortu du Nadupparampilek. “Niretzat hizkuntza berria da euskara, eta gramatika aldetik ditut arazorik handienak”.

Ikasleen artean aniztasun handia dago, eta mailaka banatu ohi dituzte ikasleak. “Gure gelan gazteenak 16 urte ditu, eta zaharrenak, 73”, esan du Bejaranok. Hala ere, giro oso ona dutela adierazi dute guztiek. “Azkenean, euskara ikastea da denon helburua, eta, nahiz eta adin ezberdinekoak izan, elkartzen gara, kafe bat hartzen dugu elkarrekin, eta harreman polita dugu”.

Gaur itzuliko dira etxera hirurak, baina irailean berriro Maizpiden izango da Gorostegi. Datorren urtean barnetegian jarraitzeko aukera buruan du Nadupparampilek ere. Lazkaora hiruretan gogorik txikienarekin Bejarano joan zen, baina “esperientzia ona” izan dela esan du hark ere. “Asko gustatu zait, eta, agian, hurrengo urtean berriro etorriko naiz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.