Kostarik kosta, milaka igerilari

Kostarik kosta, milaka igerilari

Jabi Gonzalez Toston

Iazko urteurren borobilaren ondoren, datorren asteburutik aurrera hurrengorako bidea hasiko du Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak. 51. aldia izango da aurtengoa, eta, egun egiten dituzten hiru probak batuta, inoizko parte hartzerik handiena izango du, gainera: 3.447 igerilarik eman dute izena orotara.

Dena den, Getaria eta Zarautz arteko proba nagusiak ez du gaindituko iazko kopurua. 3.000 igerilariren langa gainditu zuten iaz eta 2.897k eman dute izena oraingoan. Kopuruak ez du zerikusirik 1968an jokatu zuten lehenengo proban izandako parte hartzaileekin, 28 izan baitziren orduan.

Euromar hoteleko igeriketa irakasleak antolatu zuen lehen proba hura, eta 1973ra arte jarraian egin zuen, sei urtez. Ondoren, hiru urtez ez zuten zeharkaldirik egin, 1977an Cachi-Bachi Zarauzko elkarte gastronomikoak lekukoa hartu zion arte. Artean elkarteko lehendakaria zen Mariano Lonbidek (Zarautz, 1932) oroitu duenez, Zarauzko Udaleko Ekimen eta Turismo Zentroko zuzendaritza batzordearen bilera batean hartu zuen proba antolatzeko ardura: “1977ko ohiko batzarrean Euromarreko gerenteak jakinarazi zuen igeriketa proba abandonatuta zegoela, igeriketa irakasleak antolatzeari utzi ziolako. Batzordeak ez zuen erreakzionatu, eta, Cachi-Bachi elkartearen izenean, proba urtero antolatzeko konpromisoa agertu nuen nik, gure elkarteak bazuelako lotura itsasoko kirolarekin”.

Hamabost urteko aroa

Hala, 1977tik 1991ra, hamabost urtez, etenik gabe antolatu zuen proba Cachi-Bachi elkarteak, Euromar hoteleko igeriketa irakasleak diseinatutako ibilbideari eutsita: Getariako moilatik Zarauzkora, 2.611 metroko ibilbidea. 1992tik, berriz, Balea igeriketa elkarteak antolatzen du proba; Zarauzko moilan izan beharrean, hondartzan du helmuga orain. Hala, lehen baino 24 metro luzeagoa da lasterketa: 2.850 metrokoa.

50. GETARIA-ZARAUTZ

Helmugako gunea ez ezik, aldaketa gehiago ere izan ditu probak Balea elkarteak antolatzen duenetik, halabeharrez, garai batean zituzten baliabideak ez zirelako egungoak. Hala eta guztiz ere, Lonbidek azpimarratu du beti bermatu zutela parte hartzaileen segurtasuna: “Zortzi bat ontzi laguntzaile izaten genituen itsasoan, igerilariren batek proba utzi nahi bazuen horretarako aukera izan zezan”. Orain, hogeitik gora dira ontziak, eta beste berrogei lagun baino gehiago joaten dira padelean edo kayaketan laguntzera.

Proba antolatzeko lantaldeari dagokionez, Lonbidek dio berak hartzen zuela bere gain zamarik handiena: “Izapide guztiak nik egiten nituen federazioarekin. Enpresekin ere ni jartzen nintzen harremanetan irabazleentzako kopak lortzeko, eta parte hartzaile guztiei ematen genizkien dominak ere nik jasotzen nituen etxean. Dena den, probaren egunean laguntza handia izaten nuen”. Gaur egun, sei lagunekoa da antolaketa batzordea.

MARIANO LONBIDE

Izena emateko prozesuari erreparatuta, lehen ez zegoen aukerarik sarean egiteko. “Bertakoek aurrez aurre egiten zuten, eta kanpokoek, berriz, idatziz. Hala uste dut, baina ez dut ongi oroitzen”, azaldu du orduan elkarteko lehendakaria zenak. Halaber, zehaztu du hasieran igerilari federatuek bakarrik har zezaketela parte. Guztira, Euskal Herriko, Kantabriako eta Errioxako (Espainia) 41 klubek hartu zuten parte zeharkaldian Cachi-Bachik antolatu zuen urteetan.

Haurren proba

Getaria eta Zarautz arteko proba nagusiaz gain, haurrentzako proba ere antolatu zuen elkarte gastronomikoak. 600 metroko lasterketa prestatu zuten txikientzat. Gaur egun, berriz, bi proba infantil daude: 400 metrokoa eta 800ekoa. Bada, horri lotuta, lehen aldiz lortu dute berrehun haurren mugara iristea.

Horrez gain, azken urteotan izan da beste igeriketa probarik Zarautzen: 5.000 metroko Zarautz-Moillarri-Zarautz, hain zuzen ere. Aurten, hirugarrenez egingo dute, eta Ur Irekietako Espainiako Zirkuituaren parte izango da, Tour 1000 izaerarekin. Maila gorena da hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.