Ainara Otegi
Hernaniko Kultur Bira martxan jarri dute aurten, lehen aldiz. Hernaniko Udalak eta hamar auzo elkartek elkarlanean antolatu dute musika, antzerkia eta beste hainbat ekitaldi biltzen dituen egitasmoa. Hamar saio antolatu dituzte guztira. Maiatzaren 12an hasi ziren —dagoeneko lau emanaldi egin dituzte; gaur, bosgarrena: Ilargiren kontzertua, Zikuñagan—, eta urrira bitarte beste sei saio izango dituzte. Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotziak adierazi du “kultura deszentralizatzea” dela egitasmo berriaren helburua.
Huiziren arabera, kultur eskaintza auzoetara zabaltzeko beharra zegoen: “Hernanin kultur ekitaldi asko antolatzen dira urte osoan, baina gehienak erdialdean kokatzeko joera dago”. Horregatik ekin zioten kultura oinarri duen egitasmoa antolatzeari. Ideia horretatik abiatuta, udalak proposatu zuen auzoetako elkarteei festak antolatzeko ematen dien dirua beste modu batean kudeatzea. Aurten laguntza handitzeko aukera egonda, udalak diru gehiago ematea proposatu zuen, hainbat ekintza antolatzeko baliabideak jarriz. Modu horretan, auzoetatik “tira” egin dutela hausnartu du Huizik, eta auzoen parte hartzea sustatu dutela.
Elkarteen baiezkoa
Udalak Hernaniko auzo guztiei dei egin zien egitasmoan parte hartzeko. Behin proposamena mahai gainean jarrita, herriko hamar auzo elkartek “berehala” eman zuten baiezkoa, Ane Arraztio Hernaniko Txantxiku auzo elkarteko lehendakariaren hitzetan.
Musikan, antzerkian, txotxongiloan, jolasean eta magian oinarritutako Kultur Birarako ekitaldiak hamar auzotara iritsiko dira: Antziolara, Ereñotzura, Karabelera, Latsunbeberrira, Lizeagara, Osinagara, Portura, Sorgintxulora, Txantxillara eta Zikuñagara. Emanaldiak antolatzean, eguraldiaz gain, auzo bakoitzaren berezitasunak ere hartu dituzte kontuan. Adibidez, Osinaga auzoak plazarik ez daukala aipatu du Huizik, eta, beraz, kontzertua Altzueta sagardotegiaren kanpoaldean ematea erabaki dute. Arraztiok erantsi du, oraingoz, saio bakar batean ere ez dutela arazorik eduki.
Pandemia garaian ere kultur programazioa auzoetara eraman zuten Hernanin, baina beste modu batean. Esti Mujika udaleko kultur teknikariak azaldu duenez, Kultura Batzordeak normalean programazio bat adosten du auzo elkarte bakoitzarekin. Kultur Bira, ordea, guztiz ezberdina izan dela jakinarazi du Mujikak: “Auzo elkarte guztiak bilduta antolatu dute, ekitaldien ideiak eta egunak proposatuz, eta guztiek bat eginez”.
Arraztiok positibotzat jo du Hernaniko Udalaren eta auzo elkarteen artean egindako elkarlana: “Esanguratsua da bakoitza ez dela bere kasa ibili; elkarlanean ibili gara udala eta auzo elkarteak, guztiak sinkronizatuta”. Hori dela eta, Kultur Biraren esperientzia “berritzailea” izan da; izan ere, auzo elkarteak “betidanik” egon izan dira harremanetan, baina erabat udalak finantzatzen duen eta horrelako koordinazioa dagoen lehenengo aldia da.
Aniztasunaren elkarguneak
Publikoari dagokionez, Mujikak “familiar” gisa definitu du Kultur Biraren eskaintza. Hala ere, ekitaldietara “askotariko jendea” joan dela azpimarratu du Arraztiok: “Ez zegoen auzoko jendea bakarrik, auzotik kanpokoak ere bazeuden; umeak, nerabeak, gazteak, helduak eta adinekoak”. Gainera, nagusiki herriari begira antolatutako egitasmoa izan arren, mundu guztia Hernanin “ongietorria” dela adierazi du Mujikak.
Kultur Bira egitasmoan bakarrik ez, hurrengo urterako dauzkaten asmoetan ere bat egin dute alde guztiek. Izan ere, Arraztiok, Huizik eta Mujikak aurtengo Kultur Bira berriz egiteko gogoa daukate. Mujikak gogoratu du bukaeran “balorazio bat” egin beharko dutela, “baina gakoa da udalak borondatea daukala auzoei laguntzen jarraitzeko”.
Leave a Reply