San Francisco eta Oñati, elkarrekin

San Francisco eta Oñati, elkarrekin

June Romatet Ibarguren

Urtez urte elkartasun keinuz betetako hainbat istorio bizi izaten dira Donosti Cup futbol lehiaketan, Donostian. Aurten, Nafarroako bi futbol zelaitan, Lapurdiko batean eta Gipuzkoako hainbatetan jokatu dituzte partidak, uztailaren 3tik 9ra. “Kirolaren balioak gazteen artean txertatzea eta gizarte justuago bat lortzea”; besteak beste, helburu horiek dauzka txapelketak, eta, horretarako, elkartasuna, lankidetza, gizarteratzea, inklusioa,… lantzen dituzte beti. Aurtengoa da talde gehien bildu dituen urtea —31. aldia da—: 24 herrialdetako 863 talde aritu dira lehian; besteak beste, Japonia, Australia, Uzbekistan, Ghana, Kongo, Jordania, Boli Kosta eta AEBetakoak.

Urteroko gorabeheren artean, aurten AEBetako San Francisco Glens taldeak laguntza behar izan du. Azken orduko arazo baten ondorioz, behar baino jokalari gutxiagorekin iritsi zen taldea Euskal Herrira, eta Oñatiko Aloña Mendi futbol taldeko hiru jokalari gaztek lagundu diete estatubatuarrei. Kasualitatea, zorte ona eta elkartasuna elkarren ondoan jarrita iritsi zen albistea Oñatiraino, eta Naroa Igartua Ramosek, Maialen Txintxirreta Intxaustik eta Izaro Allende Odriozolak ez zuten zalantzarik izan: haiekin aritu dira jokatzen.

DENISE HERNANDEZ

“Ez genekien oso ondo zer egingo genuen, eta Naroa, Maialen eta Izaroren berri jakin genuenean, lasaitua hartu genuen, ondo lehiatzeko aukera izango baikenuen”, kontatu du Denise Hernandez San Francisco Glens taldeko entrenatzaileak, hirugarren lehiaketa egunean. Donostiako Olarain ikasle egoitzaren kanpoaldean dabiltza beste talde batzuetako kideak, eta egoitzaren sarreran eserita daude AEBetako taldeko jokalariak.

Oso entrenatzaile gaztea

Zazpi urtez aritu da entrenatzaile lanetan Hernandez, eta aitortu du berekin Donostian izan diren jokalari asko hazten ikusi dituela. “Hala ere, aurten ez naiz haien entrenatzailea izan, eta ez zitzaidan Euskal Herrira etortzea tokatzen”. Berezko entrenatzailea aita izan berri denez, berari aukera eman ziotela gehitu du Hernandezek, eta ez zuela askorik pentsatu behar izan. Ez da damutu: “Izugarri ari naiz gozatzen; plazera da hemen egotea”. Multzoen faseko hiru partidak galduta, eta Europa ligan finalerdietan Allanceren aurka 0-1 galduta, astelehenean itzuli zen taldea AEBetara.

Nahiz eta aukera ederra izan den, egun hauetan zailtasun batzuk ere izan dituztela kontatu du Hernandezek: “Ez da erraza 27 urterekin nerabeak gidatzea. Mugak jarri behar izan ditut, gaztea naiz, ahotsa eta itxura ere gazteenak ditut, eta argi utzi behar izan dut haien entrenatzailea nintzela”. Gaineratu du, beretzat bezala, nerabeentzat ere dena berria izan dela, galdera asko egin dizkiotela eta haiei buruzko gauza asko kontatu dizkiotela: “Harreman oso polita eta estua sortu dugu taldekide guztion artean; hori ere ematen du Donosti Cupek”.

DONOSTI CUP

Jokalarietako bat du ondoan Hernandezek, urduri eta irribarretsu. 18 urte ditu Taevin Hoyer Sullivanek, eta bat egin du entrenatzailearekin. “Izugarrizko uneak” igaro dituztela aitortu du, eta, Hernandezek, nahiz eta entrenatzailea gaztea izan, “asko” irakatsi diela. “Donosti Cupen lehiatzeko aukera izan dudan lehen aldia da, eta esperientzia zoragarria izan da”.

Hoyer 3 urte zituenean hasi zen futbolean jokatzen. Haren amak auzoko talde txiki batean eman zuen alabaren izena, eta ordutik kirol hori maite duela kontatu du. “Guretzat soccer izena duen kirolak aukera ederrak eskaini dizkit, hamabost urtez jokatu dut, eta, horrelako esperientziak bizi ditzakedala ikusita, argi dut jokatzen jarraituko dudala”. Euskal Herrira heldu zirenetik janariaz, paisaiaz eta kulturaz gozatu dutela azaldu du Hoyerrek.

Maila bikaineko txapelketa

Euskal Herrira iritsi aurreko arazoari helduta, “hegazkina hartu baino egun batzuk lehenago” jarri ziren harremanetan Donosti Cupeko arduradunekin. “Jokalari batzuk” eskatu zizkieten, taldea osatzeko. “Bagenekien maila handiko lehia izango genuela behin txapelketa hasita, eta taldea guztiz osatuta eraman nahi genuen”, azaldu du Hernandezek.

Antolatzaileen baiezkoa jaso zutenean hasi ziren bateko eta besteko kontaktuei deika. Entrenatzaileak azaldu du taldekide batek familia duela Oñatin, eta haren bidez jarri zirela harremanetan oñatiarrekin. Horrela lortu zuten Izaro Allende Odriozola, Naroa Igartua Ramos eta Maialen Txintxirreta Intxaustirengana iristea.

DONOSTI CUP

16, 17 eta 18 urte dauzkate, hurrenez hurren, Allendek, Igartuak eta Txintxirretak, eta “txikitatik” jokatu izan dute futbolean, herriko plazan, etxeko lorategian nahiz eskolako jolastokian. “Gaztetan aitarekin jokatzen nuen. Oñatiko futbol taldean jokatzeko aukera izan nuenean eman nuen izena”, esan du Allendek. Nahiz eta hasieran ez zegoen nesken talderik, mutilekin jokatzen hasi zen. Antzeko bidea egin zuen Igartuak ere.

Futbola hain gustuko izanda, hiru jokalariek “oso pozik” hartu zuten Donosti Cupen jokatzeko aukera. Hala ere, Txintxirretak onartu du zalantzaren bat izan zuela hasieran: “Ez genituen haiek ezagutzen, ez zen erraza izan, baina aurrera egin genuen, esperientzia bizitzeko asmoz”.

Estatubatuarrekin elkartu, entrenamendu batzuk egin, eta partida guztiak jokatu dituzte hirurek —multzoen faseko hiru eta Europa ligako bi—. Batzuetan hasieratik, eta beste batzuetan aulkitik aterata, baina “oso gustura” aritu dira hirurak. “Hizkuntzarekin moldatzeko saiakerak egin behar izan ditugu, baina esperientzia oso polita izan da”, esan du Igartuak. Beste urteren batean ere San Francisco Glens taldeak laguntza beharko balu, “oso gustura” lagunduko lieketela aitortu dute hirurek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.