Urrezko ezteiak egitear da Lazkaoko udako barnetegia

M. Garate

Aurten bete ditu 35 urte Lazkaoko Maizpide barnetegi eta euskaltegiak, baina lehenagokoak dira udako barnetegiak. 49. aldia dute aurten. Gaur egun, hamabi eguneko txandak antolatu ohi dituzte: astelehenean hasi, eta asteburua ere barnetegian eginda, hurrengo ostiralera arte. Halako sei txanda izaten dira urtero-urtero. COVID-19aren pandemiaren ostean, beherakada bat igarri zuten ikasle kopuruan, baina berriz ere lehengo kopuruetara itzultzen ari direla azaldu dute Josune Arruabarrena eta Oihana Begiristain Maizpideko didaktikariak eta idazkariak.

55 ikasle izan dituzte gaur amaituko den txandan, eta beste horrenbeste izango dituzte astelehenean hasiko denean. “Abuztuan, jende gehiago izaten da, eta irailean ere bai”, esan dute Maizpideko kideek. Izan ere, urrian izaten dira HABEren eta beste erakunde batzuen azterketak, eta horiek prestatzea izaten da barnetegira joaten diren batzuen helburua. Garai batean, hilabete osokoak izaten ziren ikastaroak. “Baina jendeak esaten zuen: ‘Eta oporrak?’. Orain, hamabostaldika eginda, ikasleek aukera dute bai oporrak egiteko, bai ikastaroa egiteko”.

Maila guztiak

A1 mailatik hasi eta C1 mailarainoko eskaintza egiten dute; hau da, hutsetik hasi eta maila aurreraturaino. Kontatu dute mailarik apaleneko taldeak osatzea kostatu ohi dela gehien. “Azken batean, hemen jaio diren gehienek, gehiago edo gutxiago, baina euskaraz zerbait jakiten dute”. B1 mailatik gora, berriz, talde guztiak osatu ohi dituzte.

Udako barnetegiak amaitu ostean, negukoak hasiko dituzte Maizpiden urrian. Azaldu dute edukien aldetik-eta ez dela alde handirik egoten. “Alde bakarretakoa da neguan sei ordu eta erdi egiten dituztela klaseetan, eta, udan, zortzi. Bestetik, tailerrak [dantza, kirola, tertulia, ibilaldiak…] neguan aukerakoak izaten dira, eta, udan, eskola orduen parte dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.