Aritz Mutiozabal
Zarauzko hondartza oso toki gustagarria da herritarrentzat, baita bisitarientzat ere. Are gehiago udan, turismoa bor-bor dagoen sasoian. Baina Zarautzek baditu bainurako gune herrikoiago batzuk, eta moila da horietako bat. Herriaren irteeran —Getariaranzko bidean— dagoen portu txiki-txiki bat da, eta txalupa gutxi batzuk izaten dira han. Belaunauldiz belaunaldi, herritarrak errepidetik, tranpolinetik eta Amabirjinaren irudia dagoen koskatik uretara jauzika aritu izan dira, baita nasapuntako jokoan oreka gorde nahian ere. Hain justu, moila biziberritzeko xedez, ZAE Zarauzko Arraun Elkarteak ur jolasak antolatzen ditu udan.
Egun elkarteko batzordean dabilen jendeak 2013ko udaberrian heldu zion klubaren gidaritzari. Zarauzko arraunaren bihotza moilan zegoela ikusten zuten; kluba sortu baino lehenagotik, arraun giroa oso presente zegoen han. “Azken finean, arrantzaleekin osatzen ziren trainerillak aurreko mendearen hasieran; gero, 1950eko hamarkadan, Cachi-Bachi elkarteak eta Zarautz kirol elkarteak erabaki zutenean trainerilla lehiaketak antolatzea, moilatik sartu eta irteten ziren. Bestalde, Zarauzko estropadak antolatu izan diren aldietan moilako batelariak aritu izan dira beti buiak jartzen”, gogora ekarri du Zarauzko Arraun Elkarteko kide Gaizka Garmendiak. Urte dezentez moilan ezer egiten ez zela eta, moila biziberritzeko proposamena aurkeztu zuten Zarauzko Udalean, elkarlanean aurrera eramateko xedez, eta hala abiatu zituzten nasapuntakoa eta tranpolin jokoak.
“Gogoan dut Jokin Aranberrik eta Aitor Arregi Naxi-k Goierri aldeko mendiren batean zegoen Iberdrolaren egurrezko zutoin bat ekarri zutela nasapuntakorako”, adierazi du Garmendiak. “Hura lixatu eta itsatsi genuen, baita gasolioa eta guzti eman ere, tratamendua egiteko. Enbor hori bera egon da azken hamar urteotan Zarauzko moilan”.
Egur zutoin luzea ez da urte osoan egoten moilan, ezta udaldi osoan ere. ZAEk Zarauzko Turismo Bulegoarekin adosten du urtero uda sasoian ur jolasen zenbat saio antolatuko dituen; normalean, lehen saioa baino egun batzuk lehenago jartzen dute, eta azken saioa bukatu eta egun batzuetara gorde. Azken urteetan, hiru saio antolatu ohi dituzte, eta aurten ere hiru egitea zuten asmoa: lehenengo biak egin dituzte jada —uztailaren 6an eta 20an, atzo—, eta hurrengoa abuztuaren 3an egingo dute. Ohi bezala, itsasgora egokitzen den ostegun arratsaldeetan izaten dira.
Batelekin saiakera
Aurreneko urteetan, nasapuntakoaz gain, kuadrillen arteko batelen estropadak ere antolatu zituzten. Baina ez zituzten lehiarako erabiltzen diren batelak erabili, baizik eta garai batean estropadetan baliza gisa baliatzen zirenak. Ontzi horiek baztertuta geratu ziren, eta berriz erabili nahi izan zituzten. Alabaina, ez zeuden baldintzarik onenetan, eta pare bat urtez eutsi zieten estropada herrikoi haiei. Horrez gain, paseoak emateko batelen alokairu zerbitzua jarri zuten bolada batez. Garmendiak azaldu du zergatik ez dioten eutsi azken urteetan ekinaldi horri: “Zarautzen itsasora ateratzeko, moilako baldintzen berri jakin behar da”.
Egun, nasapuntakoak eta tranpolin jauziak antolatzen dituzte, eta Turismo Bulegoak emandako elastikoak eta askotariko opariak izaten dituzte sari gisa, baita ZAEko materiala ere. Era berean, Arrivati izozki dendak emandako izozki txartelak banatzen dituzte parte hartzaileen artean. “Moilara etortzen diren haurrek horixe nahi izaten dute. Helburu horrekin etortzen dira gure ekintzetara. Azkenean, nasapuntakoaren muturrean jartzen dugun banderatxoa hartzen duen orori ematen diogu izozkia”.
Helburua betetzen
Moila biziberritzeko xedea betetzen ari da azken urteetan ZAE, jende ugari biltzen baita han. Jende asko eta ongi prestatua, gainera, hotzari aurre egiteko: neoprenozko jantziarekin, eskarpinekin eta abar. “Ez dakit guk ardura hartu genuelako izan den, edo bestela ere jendeak joateko ohitura zuelako, baina Zarauzko moila beti izan da erakargarria”. Itsasontziei dagokienez ere, Garmendiak azaldu du egun portuan dozena bat txalupa badaudela. “Sasoi batean, soilduago egon zen”. Erabiltzaileen inguruan, berriz, “bainu giro handia” dago, eta, itsasgora dagoenean, sorosle bat egoten da segurtasuna bermatzeko.
Lehen, bainularirik ausartenek errepidetik buruz edo Allepuntatik egiten zuten jauzi. Orain, berriz, “sekulako txilinbueltak” egiten dituzte “aurretik entrenatu edo entseatuta”. “Ez dute zerikusirik gure garaikoekin; Etxabe anaiek, esaterako, errepidetik bonba jauzia egin, eta zipriztina goraino ateratzen zuten. Egun, bestelakoa da, eta aise ematen dituzte bizpahiru txilinbuelta, eta mugimendu ikusgarriak egin uretaratu aurretik”. Herrikoak ez ezik, inguruko jendea ere joaten da saioetara.
Leave a Reply