Imanol Garcia Landa
Patxi Monge (Tolosa, 1967) eta Gregorio Manzisidor (Tolosa, 1971) Kairon egon berri dira, hegats igeriketako master mailako Munduko Txapelketan, eta hiruna dominarekin etorri dira bueltan: Mongek urrezko hiru domina lortu ditu M55 mailan (55-60 urte bitarte), eta Manzisidorrek, zilarrezko hiru M50 mailan (50-55 urte bitarte).
“Bete-betean atera zait, hiru probatan parte hartu eta hiruretan irabazi dut eta”, azaldu du Mongek. “Gainera, nire kategoriako munduko errekorra egin dut 50 metroko apnea proban; hamasei segundoan egiteak erakusten du nolako abiadura hartzen den. Gregoriok, berriz, hiru probatan parte hartu du, eta hiruretan zilarrezko domina lortu; beraz, esan daiteke emaitza dotoreak lortu ditugula”. Manzisidorrek, emaitzaz gain, izan duten giroa nabarmendu du: “Oso polita izan da. 41 herrialdetako jendea zegoen, eta master kategorian senior kategorian baino erlaxatuago egoten gara denok. Lagun asko egin ditugu”.
Nahiko berria da master mailako Munduko Txapelketa hegats igeriketan, eta kirolariek, selekzio bat ordezkatu beharrean, kluba ordezkatzen dute. Monge eta Manzisidor Tolosako Igarondo Urpekoak klubekoak dira. “CMAS nazioarteko federazioko kide batek esan zidan gero eta jende gehiagok parte hartzea dela helburua”, esan du Mongek. “Selekzio bezala parte hartuz gero, kopurua murritzagoa izango litzateke. Hemendik urte batzuetara, agian, horrela izango da, baina, gaur egun, ahal den parte hartze zabalena lortu nahi dute”. Orain sei urte, munduko kopak hasi ziren antolatzen, munduko txapelketei ekin aurretik, eta biak bietan aritu dira. Urte horietan, urrezko hamabi domina lortu ditu Mongek, eta, Manzisidorrek aurten lortutako hiru zilarrez gain, iaz ere hiru zilar lortu zituen. “Master txapelketa hauek kirolean jarraitzeko aukera ematen digute. Adin honekin, pizgarriak dira, eta pizgarri bat izan behar duzu egunero joateko igeri egitera”, esan du Mongek.
“Beste kirol bat da”
Hegats igeriketaren barruan, hegats bakarrarekin egiten den modalitatean aritzen dira. Handia da hegatsa, eta gehienez 76 zentimetro luze eta zabal izan behar du. “Ez du zerikusirik igeriketa klasikoarekin: beste kirol bat da. Besoak aurrean jartzen ditugu, hegatsarekin propultsatzen gara, eta gorputz osoa ondulatuz hegatsa mugitu behar da”, esan du Mongek. Manzisidorrek igeriketa klasikoa egiten zuen gazteagotan, eta gero pasatu zen hegats igeriketara: “Pentsatzen nuen erraza izango zela, eta ez da horrela. Teknika zeharo ezberdina da. Indar handia egin behar da hegatsa mugitzeko; teknika handia behar da, eta aldaketa handia da. Igerilari asko saiatu dira pasatzen, eta gehienek ez dute lortu”.
Hodi baten bitartez hartzen dute arnasa, eta hori ez da batere erraza, diotenez. “Zulo txiki batetik hartu behar da arnasa, eta hori da okerrena”, zehaztu du Mongek. Apnean 50 metroko proba bakarrik egiten da. Gero, beste bi modalitate daude: ur gainekoa eta ur azpikoa edo eskafandra. Bigarren modalitate hori oxigeno botila batekin egiten dute, eta aurpegia ezin dute atera ur gainera. Bestean, ur gainekoan, hodi baten bitartez arnasten dute. “Aurpegi aurrean jartzen da hodia, abiadura handia hartzen dugulako”, azaldu du Manzisidorrek. “Igeriketa klasikotik hegats igeriketara pasatzen direnei hodi horretatik arnastea eta gorputzarekin egin behar den ondulazioa egitea kostatzen zaie gehien”. Gihar guztiak erabiltzen dituzte igeri egiteko, eta indarra batez ere gerriarekin egin behar dela diote. “Hegatsa zenbat eta azkarrago mugitu, orduan eta azkarrago joango zara”, dio Mongek. “Nik beti esaten dut bizikletaren platerak eta piñoiak bezala dela. Bakoitzak bere neurrian jarri behar du; gogorregi jartzen baduzu, zailagoa da, eta lehertu egiten zara”, gaineratu du Manzisidorrek.
Eskarmentu handikoak
Monge 1979an hasi zen hegats handiarekin igeri egiten. Orduan Igarondo igeri taldea zegoen Tolosan, eta han aritu zen. 1981ean hasi ziren ofizialki urpeko jarduerak egiten Tolosan; beraz, 42 urte daramatza Mongek kirol horretan. 1983an hasi zen hegats bakarrarekin txapelketetan parte hartzen, eta aurrenetakoa izan zen. Manzisidor igeriketa klasikoan hasi zen igeri egiten, hamar bat urterekin, eta 18 urtera arte aritu zen kirol horretan. “Gero, 20 urterekin sartu nintzen hegats igeriketa egitera, eta orain arte”.
1996an sortu zen Igarondo Urpekoak kluba, eta gaur egun 52 lizentzia dituzte. “Igarondo Urpekoak talde polita da, eta beti familia bat izan da guretzat. Hor jarraitzen dugu gustura”, esan du Manzisidorrek. Biak klubaren antolakuntzaren parte dira, eta jendea animatzen dute —bereziki, haurrak— hegats igeriketa ezagutzera. Hain justu, abuztu bukaeran aste bat antolatzen dute kirola praktikatu eta ezagutzeko, eta parte hartzea proposatu dute.
Leave a Reply