Kaioen beherakada Gipuzkoan

Kaioen beherakada Gipuzkoan

Ainara Otegi

Gipuzkoan gero eta kaio gutxiago dago, Aranzadi zientzia elkartearen arabera. Bi urtean behin elkarteak errolda bat egiten du, zenbat kaio dauden zehazteko. Aurtengoak agerian utzi du egoeraren “larritasuna”; izan ere, Donostian —kaio kolonia garrantzitsuenak elkartuta dauden hirian— 860 kaio bikote zenbatu ditu, 2021ean baino ehun gutxiago.

Juan Arizaga Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia Saileko zuzendariak adierazi du Euskal Herrian kaioen presentziak %60 inguruko beherakada izan duela azken hogei urteetan. Jakinarazi du egoera beste lekuetan ere larritzen ari dela: “Kaio kopurua behera doa, baina hori ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen; [Espainiako] estatuan ere pasatzen ari da”.

Gero eta kaio gutxiago egon arren, askok uste dute hondartzara lehen baino kaio gehiago joaten direla, eta ez daude oker. Arizagaren arabera, elikadura dago kaioen leku aldaketaren atzean: lehen, kaioek zabortegietatik eskuratzen zuten janaria, baina zabortegi asko itxi egin zituzten, eta zaborraren kudeaketa aldatu egin da; beraz, kaioek jatekoa beste leku batzuetan bilatzeari ekin zioten: besteak beste, hondartzan.

Hori murriztuz joateko, janaria begi bistan ez uztea aholkatu du Arizagak: “Janaria ezin da hondartzan botata utzi, ezta motxila azpian ezkutatuta ere: motxila itxi batean gorde behar da”. Horrez gain, animalia “oportunista” dela aipatu du; beraz, azpimarratu du garrantzitsua dela kaioei janaria ez ematea.

Erasoak

Kaioek sorrarazi ditzaketen eragozpenak janaria lapurtzea edo jendearengana hurbiltzea direla zehaztu du Arizagak. Kasu horietan, “usoak balira bezala” uxatzea da hark eman duen gomendioa. Horrez gain, esan du kaioek oso gutxitan eraso egiten dutela: “Kolonian daudenean soilik erasotzen dute kaioek, eta hori ez da beti gertatzen”. Gainera, azaldu du hegazti horiek nortasuna ere badutela, gizakiek bezala. Hori dela eta, batzuk lotsatiagoak izan daitezke, eta beste batzuk, zakarragoak edo erasotzaileagoak. Eraso egitekotan, pertsonen burutik gertu pasatzen edo, bakanki, mokoka egiten saiatzen direla azpimarratu du Aranzadiko kideak.

Hegazti horien presentzia guztientzat gogaikarria izan ez arren, udalek, herritarren kexaz bultzatuta, hainbat proposamen egin dituzte urtean zehar kaioak uxatzeko. Esate baterako, Donostiako Udalaren proposamenen artean droneak edo belatzak erabiltzea dago. “Belatzen kasuan, ezin duzu pertsona bat egun osoan belatzekin jarri, egiten duen beroarekin”, erantsi du Arizagak. Neurri garestiegia izateaz gain, belatzek kaioei erasotzeko arriskua ere egongo litzateke, eta hondartzako bisitariei “sekulako ikuskizuna” ematekoa. Droneen kasuan ere, emaitza herritarrei enbarazu egitea izango zela ondorioztatu zuten. Hori dela eta, orain arte ez da hartu kaioen presentzia murrizteko neurririk.

Kaioen jatorria ere erabakigarria da neurriak onartzeko orduan; izan ere, Gipuzkoako hondartzetan pilatzen diren guztiak ez dira bertakoak. “Batzuk migratzaileak dira: pasaeran doaz, eta hainbat herrialdetatik datoz; hortaz, ezin dira guztiak kontrolatu”. Horregatik, kaioak hiltzeko planteamendua guztiz arbuiatu du Arizagak.

Bizikidetza oinarri

Mende hasieran kaio ugari ziren, baina gaur egungo egoera ezberdina dela dio Arizagak. Haren arabera, zaila da neurriak hartzea beherakadari eta, era berean, herritarrek noizbehinka izan ditzaketen eragozpenei aurre egiteko. Horregatik, uste du elkarrekin bizitzen ikasi behar dela. Bestalde, gogorarazi du eragozpenak saihesteko garrantzitsua dela neurri egokiak hartzea; horien artean, aholkuak betetzea.

Gaur egun, Gipuzkoako kaio koloniak Donostiako itsaslabarretan eta Getarian daude. Jaizkibel eta Igeldo ere aipatzekoak dira; izan ere, Igeldokoa jada desagertu da, eta Jaizkibelgoak arrisku berbera du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.