Alaine Aranburu
Euskal Herriko emakume ijitoek ea zer emakume kirolari zituzten erreferente galderaren bueltan, Topaketa Feminista eta Pedagogikoak egin zituzten iaz Bilbon. Irungo Kera emakume ijitoen elkartea izan zen jardunaldi horien bultzatzaileetako bat, eta emakume ijito kirolariak gonbidatu zituzten; han izan zen, adibidez, Violeta Perez taekwondoko Espainiako txapeldunordea. Palmira Dual Kerako kideak gogorarazi du “asko” direla, baina ez dutela “errekonozimendurik”. Kerak abiatutako elkarguneak sortzeko bideari segika, elkarte horrekin elkarlanean, Emakumeok zast! proiektuari ekin dio Irungo Parean elkarteak. Irungo emakume migratzaileei kirola egiteko espazioak ematea da egitasmoaren muina.
Ainara Lopez Parean-eko kideak azaldu du atzerritik etorritako emakume irundarrak kirolera gerturatzeko asmoz sortu dutela Emakumeok zast!. “Elkar ezagutu nahi dugu, eta sareak sortu jatorri eta pentsamendu ezberdinak ditugun emakumeen artean. Helburua ez da kirolean trebatzea; helburua da espazio gozagarria bilakatzea kirola”. Programa egituratu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntza jaso dute.
Saioak hilabetean behin dira, eta gutxi gorabehera hamabost emakumek hartu dute parte orain arte: errugbian aritu dira Txingudi Errugbi taldearekin; piraguan Santiagotarrak klubarekin; eta frontoi jokoetan Atxiki pilota eskolarekin.
Atzerritik etorritako emakumeek eta emakume ijitoek egin dute topo programan. Palmira Duali galdetu izan diote ea bertakoak izanik zer dela-eta hartu duten parte, eta adierazi du migratzaileak ez direla aldarrikatzeko egiten dutela: “Irundarrak gara, eta besteei estereotipoak puskatzeko gaude hemen, migranteak ez garela esateko”. Duela seiehun urte iritsi zen ijito komunitatea Euskal Herrira, eta euskaldunak direla tinko aldarrikatu du. “Ez badigute uzten, gu hemen gaude esateko irundarrak garela, euskaldunak”.
Zailtasun ugari
Emakumeek zailtasunak edukitzen dituzte kirola egiteko edo probatzeko, dela egoera ekonomikoagatik, dela kontziliazio zailtasunengatik, lotsagatik edo kirol eskaintza informalaren faltagatik. Emakumeok zast! proiektuko saioak egiten hasi direnean, beste zailtasun batzuk ere identifikatu dituzte. “Moldaviatik etortzen diren emakumeek diote han ez dagoela igerileku publikorik; ez dago itsasorik, eta, beraz, ez dakite igeri egiten”, azaldu du Lopezek. Emakume horiek ezin izan ziren piraguan ibili, eta ez dute ur kirolik probatu. Hortaz, bi elkarteek esan dute beharrezkoa dela helduentzako igeriketa ikastaroen eskaintza publiko bat atontzea.
Orain arteko azken saioa uztailaren 14an izan zen, Irungo Uranzu pilotalekuan, Atxiki pilota eskolaren eskutik. Frontoiko jokoak probatzea izan zen xedea. Ainhoa Moron eskolako begiraleak adierazi du proiektuaren helburuekin bat egiten duela beren eskolak: “Gure helburuen artean emakumeak kirolera animatzea dago, eta kirolean gustura senti daitezela”. Saio hura ez zen lehiara bideratutakoa izan, eta giro ona eta algara izan ziren nagusi. Andrea del Pilar Torres izan zen parte hartzaileetako bat. Martxoaren 8an iritsi zen Irunera, Venezuelatik, bere bi alabekin. Azaldu du esperientzia “aparta” izaten ari dela programa, emakume gisa “berpiztu” egin dela: “Ikusarazi digute edozein kirol egin dezakegula, nahiz eta etxean ardurak izan”. Kirolzaletzat dauka bere burua Torresek, eta kirolak “askatasuna” ematen diola dio.
Jarraitzeko eskaera
Latifa Ellatifi Marokotik iritsi zen, orain bi urte. Lehen aldiz ari da Euskal Herrian kirola praktikatzen. “Esperientzia izugarria da”. Nabarmendu du euskal tradizioei buruz gehiago jakin nahi duela: “Zer jolas dauden, adibidez. Gauza asko egin nahi ditut, festak edo kirolak partekatu, eta jakin nahi dugu zeintzuk diren hemengo erreferenteak”. Programak ahalduntzeko balio izan diola ere gaineratu du, indarkeria matxistaren biktima ere badelako Ellatifi.
Uranzu pilotalekuan egin zuten saioan, Elba Jimenez emakume ijitoa ere izan zen. Kirolari erreferenteen falta salatu du, eta desio du halakoak “egotea eta asko izatea”. Parte hartzaile guztiek programak jarrai dezala eskatu dute, eta eskerrak eman dizkiete elkarte sustatzaileei. Emakume asko integratzea lortu dutela azaldu dute, eta etorkizunean ere lan horretan jarraitu nahi dute, “gauza asko egin ahal izateko”.
Leave a Reply