50. urteurrena, “aldaketa betean”

50. urteurrena, “aldaketa betean”

Miren Garate

Igandea egun seinalatua izan zen Gipuzkoako DYArentzat: 50 urte bete zituen. “Aldaketa betean iritsi gara urteurrenera. Gure bigarren aro moduko bat dator”, uste du Irene Tapia Gipuzkoako DYAko lehendakariak. Kolore horiko anbulantziekin lotzen da erakundea. Istripuekin eta erreskateekin. Larrialdietan biktimak modu seguruan garraiatzeko sortu zen —gaztelaniazko detente y ayuda hitzetatik dator DYAren izena (geratu eta lagundu)—; eta jarraitzen du zeregin horretan, bai eta 50 urteotan martxan jarri dituen beste batzuetan ere. Baina azken urteotan, batik bat, lan esparru bat ari da indarra hartzen: arlo soziala.

Tapiaren esanetan, 2004. urtearen bueltan erabaki zuten gizarte ongizatearen eremuan murgiltzea. “Ikusten genuen etxetik atera ezin zuen jende asko zegoela. Adineko izate hutsagatik eta etxera igotzeko eskailera batzuk izate hutsagatik, etxean egon behar izaten zuten”. Pixkanaka hasi ziren arlo horretan lanean, eta azken boladan —batik bat, 2020an COVID-19aren pandemia iritsi zenetik— “benetako bultzada” eman diotela azaldu du Tapiak. “DYA beti egon da adi zer behar dauden ikusteko eta horietara egokitzeko, eta orain ere horretan ari gara”.

DYA-REN 50. URTEURRENA

Haren esanetan, gizarte zerbitzuen sistemak berak izan duen antolaketagatik, orain arte etxez etxeko laguntza lehenetsi izan da, jendeari garbiketan, elikaduran eta abarretan laguntzeko. “Oinarrizko behar horiek egon dira, eta ase dira, baina, horretaz harago, badaude beste hainbat behar ere, eta horiek ere oso garrantzitsuak dira”.

Mota askotakoa da DYAk gizarte ongizateari lotuta ematen duen laguntza: ohera sartzeko zailtasunak dituen jendeari laguntzea, gurpil aulkian ibiltzen direnei edo mugikortasun arazoak dituztenei garraio zerbitzua ematea, medikutara eramatea, mendi buelta bat egiten laguntzea… Joan den igandean, adibidez, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa ematera eraman zituzten mugikortasun arazoak dituzten hainbat herritar. “Pertsonak bere ingurunearekin harremanetan jarrai dezan saiatzen gara: lagunekin egon, paseo bat eman, kafe bat hartu… Horrek guztiak bakardadea pixka bat uxatzeko balio du, eta hori garrantzitsua da pertsonarentzat”.

Halako zerbitzuren bat nahi duten herritarrek zuzenean deitzen dute DYAra. Eguneko 24 orduetan izaten du zabalik koordinazio zentroa. “Deitzen digutenei galdera sorta bat egiten diegu, jakiteko zer baliabide bidali behar ditugun, eta boluntarioak joaten dira laguntzera”.

Hainbat lan esparru

Arlo sozialean aritzen diren boluntario horietako bat Oliva Caballero da, eta Gipuzkoako DYAko lehendakariordea ere bada. “Gizarte arloa asko ari da hazten Gipuzkoan. Bakardade handia dago. Helduak nahiko bakarrik geratzen dira azkenean, eta, COVID-19aren eraginez, egoera okertu egin da”, adierazi du Caballerok. Azaldu du jende askok segurtasuna falta izaten duela kalera bakarrik ateratzeko.

Telegram aplikazioaren bidez antolatu ohi dituzte txandak boluntarioek, eta hirurogei kide inguru daude gizarte ongizateko sailean. “Behar da jendea; asteburuetarako, batik bat”, esan du Caballerok. Duela bederatzi urte hasi zen hura DYAn boluntario. “Bizitzak asko eman dit, eta itzultzen hasi behar nuela pentsatu nuen. Hala ere, uste dut azkenean egoista samarra ere badela, eman baino gehiago jasotzen baitut: maitasuna, adiskidetasuna… Irmo sinesten dut boluntariotzan”.

Caballerok beste arlo batzuk ere probatu zituen DYA barruan. Erreskateena da erakundearen arloetako bat, izan mendian, izan uretan; nazioarteko laguntza ere eman izan dute, eta horren adibide da iaz Gipuzkoako DYAk Ukrainako hamazazpi errefuxiatu ekarri zituela Euskal Herrira han gerra hasi berritan. Logistika lanak egiteaz arduratzen dira beste boluntario batzuk, hala nola kirol ekitaldietan artatzeko karpak jartzeaz. Eta prestakuntza ere hasieratik eman izan dute.

Azken zeregin horretan aritzen da Oihane Muñoz. GazteDYA programaren bidez hasi zen boluntario, iazko azaroan. “Uretako soroslea naiz, eta klaseak emateko sorosle bat behar zuten. Ea animatuko nintzen esan zidaten, eta baietz esan nien”. Urduri samar hasi zela kontatu du, ez delako irakaslea eta kostatu egiten zaiolako jendaurrean hitz egitea. “Pertsonalki, ekarpen handia egin dit DYAn hasteak, konfiantza handia eman baitit neure buruarengan”.

Gaztea da Muñoz, eta gazteekin aritzen da DYAn ere. “Oso polita da, harremanak egiten dituzu eta”. Beste lan batzuekin uztartzen du boluntario lana, eta DYAn astero ordu batzuk egiten ahalegintzen dela dio, nahiz eta ez duen beti lortzen. “Ahal duena egiten du bakoitzak; gure beste lanetara edo egitekoetara moldatzen gara”. Alde horretatik, boluntarioei ez diete eskatzen gutxieneko ordu kopuru batzuk betetzea.

Aldaketak gizartean

Oraintxe, 280 boluntariotik gora daude erakundean, baina Irene Tapia lehendakariak azaldu du ez direla garairik errazenak jendea lanera animatzeko. “Ez dut esan nahi gaur egungo gazteak ez daudenik boluntario izateko prest, baina garaiak aldatu egin dira, eta bizimodua ere aldatu da”. Oro har, joera aldaketa bat ikusten du, eta adierazi du orain, batik bat, gauza puntualetan edo proiektu jakinetan lagundu nahi izaten duela jendeak. “Kostatu egiten da denbora luzerako konpromisoa hartzea. Lehen, norbait boluntario sartzen zenean, edozer egiteko prest egon ohi zen”.

Dena dela, Tapiak ez du ezkorra izan nahi. “Oraindik jende asko dugu, eta jende berria ari da sartzen, gauzak egiteko gogoz. Gainera, etortzen zaizkigun gazteak oso prestatuta egon ohi dira”. Transmisioa ere erronkatzat daukatela esan du. “Funtsezkoa da denbora daramaten boluntarioek transmisio egoki bat egitea berriei, gurea bezalako proiektuek jarraipena izan dezaten”.

Azken urtea ekonomikoki ere ez da erraza izan Gipuzkoako DYArentzat. Besteak beste, anbulantzia berriak erosi behar izan dituzte, hamar urtean behin aldatu behar izaten direlako. Bizkaian, hartzekodunen konkurtsora jo behar izan zuen DYAk. Proiektua bera izan arren, Tapiak kontatu du lurralde bakoitzak kudeaketa independentea duela. “Zorionez, Bizkaian ere badirudi iritsi direla adostasun batera hartzekodun nagusiarekin eta aterako direla egoera horretatik”.

DYA GIPUZKOA

Halako albisteek ingurukoengan eragina izaten dutela jakinda, beldur zirela esan du, baina ez dute hain muturreko neurririk hartu beharrik izan. “Jendeak arduraz jokatu du. 25.000 laguntzailetik gora ditugu gaur egun ere, eta horiei esker eramaten ditugu aurrera gure proiektuak, ez dago zalantzarik”.

Ibilgailuak ikusgai

Igandean, 50. urteurrena ospatzeaz gain, eskerrak eman nahi izan zizkieten herritar guztiei. “Ez gara nekatuko esateaz: eskerrik asko eta eskerrik asko”, zioen Tapiak. Gune bat jarri zuten Donostiako Alderdi Ederren, egiten duten lana ezagutarazteko. Besteak beste, lanerako erabiltzen dituzten ibilgailuak zeuden ikusgai: mugikortasun arazoak dituzten pertsonak garraiatzeko erabiltzen duten anbulantzia bat; erreskateetarako balio duen noranahiko ibilgailu bat; ohikoak baino txikiagoa den beste anbulantzia bat —batik bat, botika kutxa gisa erabiltzen da, baina pertsonak garraiatzeko aukera ere ematen du—; logistikarako erabiltzen duten ibilgailua; eta anbulantzia medikalizatu bat.

Hondartzara zihoazenen eta pasieran zebiltzanen jakin-mina piztu zuen guneak. “Jende dexente etorri zen, eta gustura geratu ginen”, esan du Tapiak. DYAk Gipuzkoan dituen ordezkaritza guztietara ere joan zen anbulantzien karabana bat.

Aurrera begira, dituzten baliabideekin jendearengana iritsi nahiko luke zuzendaritzak. “Gizarte zerbitzuen arloan benetako erronkak daude, ez guretzat bakarrik: gizarteak daukan erronka nagusia ere hori da”. Gipuzkoako DYAko lehendakariaren esanetan, saiatuko dira non kokatu asmatzen, “indarrak batzeko eta pertsonen onurarako izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.