Imanol Garcia Landa
Hainbat espazio eta areto daude Tolosan dagoen Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan (Topic), eta horietako bat da Anbigu izenekoa. Bertan, Iberiar txotxongiloa erakusketa ikusgai dago irailaren 17ra bitarte. Topicekin oso lotura berezia izan duten eta daukaten konpainien kartelez eta txotxongiloez osatutako bilduma bat da. Besteak beste, Titiriteros de Binefar, La Fanfarra, Jordi Bertran, La Tia Norica, Anita Maravillas eta L’Estaquirot taldeen kartelak daude aretoan. Hainbat txotxongilo ere badaude ikusgai: Retablo de Figurillas konpainiarenak, Mariona Masgrau, Clota eta Menina egileenak, eta Colorin eta Altzoko Handia antzezlanetan erabilitakoak.
“Bi urte daramatzagu Anbigu espazioari beste erabilera bat ematen. Saiatzen gara formatu txiki edo ertaineko erakusketak eskaintzen, bai gure produkziokoak, eta baita kanpoko erakusketa batzuk ere”, esan du Iñigo Aginagalde Vivesek, Topiceko museo saileko eta dokumentazio zentroko arduradunak. “Ez daukate izan beharrik soilik txotxongiloekin lotutakoak. Beste diziplina artistikoentzako erakusleiho bat ere bada Anbigu espazioa”.
Iberiar txotxongiloa erakusketan, Euskal Herriko txotxongiloak dituzte ikusgai, batez ere. “Abuztuan turistak etorriko dira, eta euskaldun asko izango dira tartean. Beraz, errazago identifikatuko dituzte txotxongilo horiek”, zehaztu du Aginagaldek. Adibidez, Nafarroako Retablo de Figurillas taldearen aldizkako erakusketa izan zuten iaz, bertako pieza batzuk badituzte zentroan, eta horietako batzuk jarri dituzte erakusketan. “Basterretxea familiarekin elkarlanean sortu genuen Altzoko Handia ikuskizuna eta bertako txotxongilo batzuk ere badaude”, esan du Aginalgaldek. “Colorin Gipuzkoako pertsonaia mitikoa ere bertan dugu”. Kartelei dagokienez, euskal konpainietan baino gehiago zentratu dira Iberiar penintsulako konpainia esanguratsuetan.
Beste bi erakusketa ikusteko aukera ere badago Topicen. Batetik, aldizkako erakusketa La Tartana Madrilgo taldeari eskainitakoa da, eta irailaren 10era arte egongo da ikusgai. Bestetik, erakusketa iraunkor bat dute museoan, eta bertan hirurehun pieza inguru daude ikusgai.
Pieza gehiago Topicentzat
2012an Topicek Gelede maskara bilduma bat eduki zuen aldizkako erakusketa aretoan. Afrikako maskara horiek badute berezitasun bat: Benin eta Nigeriatik datozen maskara horien gainean txotxongiloak edo panpina artikulatuak dituzte. “Arrakasta handia izan zuten maskara horiek”, zehaztu du Aginagaldek. Ursula Voorhuis Herbehereetako bildumagile pribatuarena zen Tolosan ikusi ahal izan zen bilduma. Hura hil ondoren, Topicek erosi egin ahal izan ditu maskara horiek, gordetzeko eta erakusteko leku egokia zela uste izan duten oinordekoen oniritzia jaso ondoren. Tolosan erakutsi zituzten piezez gain, ia bilduma osoa jaso dute Topicen.
Buruan jartzeko maskarak dira, kasko baten moduan, eta, haren gainean, askotariko eszenak irudikatzen dituzte txotxongilo edo panpina artikulatu batzuek: satirikoak, erlijiosoak, nolabait garaikideak, mendebaldeko eragina dutenak edo egunerokoak. Bilduma berezi hori Topicera iristeak badu bere arrazoia. “Topic erreferentziazko zentro bat izan da beti, bai erakusketen mailagatik, eta baita jardun onengatik ere”, esan du Aginagaldek. “Europan badaude beste zentro edo museo batzuk, baina ez dago gure ezaugarriak dituen besterik”. Ursula Voorhuisen oinordekoek eurengan pentsatuta, bi aldeak ados jarri zirela azaldu du Topiceko arduradunak. “Eta pozik gaude. Pieza horiek garbitzea eta dokumentatzea falta da orain, eta horretan ari gara lanean”.
Leave a Reply