Heriotzari berari ere umorez begiratuta, euskal dantzarekin jolasean

Heriotzari berari ere umorez begiratuta, euskal dantzarekin jolasean

Ainara Otegi

Tio Teronen Semeak dantza taldea Azpeitiko Plaza Nagusira itzuliko da astelehenean, uztailaren 31n, justu urtebete geroago. Festamentua ikuskizuna emango du, 18:30ean hasita. “Iaz sekulako jendetza zegoen plazan, eta oso arrakastatsua izan zen emanaldia”, esan du Aritz Salamanca Tio Teronen Semeak taldeko kideak. Antzeko erantzuna espero dute astelehenerako ere. Uztailaren 31 San Ignazio eguna izanik, aurten ere “jende asko” joango dela uste du Salamancak: “Sekulako giroa egongo da”.

2015ean sortu zuten Tio Teronen Semeak taldea, Donostiako Olatu Talka jaialdian. Euskal dantzako hainbat taldetako kideak elkartu ziren ekainaren 13an Donostiako Konstituzio plazan, Freshcool ikuskizuna emateko. Emanaldia arrakastatsua izan zen, eta udal batzuek eskaera egin zieten, ikuskizuna euren udalerrietan egiteko. Hori dela eta, egun bakarrerako izan behar zuen ikuskizuna luzatzea erabaki zuten taldekideek.

Tio teronen semeak azpeitian

Dantzaren arloan umorea falta zela gogoratu du Salamancak, eta, hain zuzen ere, haren hitzetan, umorea da Tio Teronen Semeak taldearen bereizgarri nagusia; hala, umorearen bitartez, “dantza ikusteko eta dantzarekin disfrutatzeko” aukera izaten dute ikus-entzuleek. Izenaren jatorriak, berriz, lotura zuzena dauka euskal dantzarekin: dantzari eta Euskal Herrian entzuten den fonemari egiten dio erreferentzia; euskal dantzak abesteko fonemari.

Euskal dantzako talde askotan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago izaten dira normalean, eta askok zailtasunak izaten dituzte gizonezko dantzariak aurkitzeko. Tio Teronen Semeak taldearen kasuan, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen da: taldeko hemeretzi kideetatik bakarra da emakumezkoa. Euskal dantzetan “eroso” sentitu arren, urte askoan gizonezkoen presentzia handiagoa faltan izan dutela azaldu du Salamancak. Gaineratu du Tio Teronen Semeak sortu zutenerako taldekide guztiek elkar ezagutzen zutela, eta horrek lagundu egin ziela pausoa ematen: “Dantza talde batzuek mutilak behar zituztenez, batetik bestera ibili izan gara gu. Mutilen bilaketa horretan, lagun bihurtu ginen azkenerako”. Hala ere, dantzarien sexua kontuan hartu izana ukatu du: “Azken finean, txikitero kuadrilla baten irudi estereotipatua islatu nahi zuen taldeak”.

Tio teronen semeak

Musikariak dira hemeretzi kideetatik lau, eta dantzariak gainerako hamabostak. Salamancak azaldu du dantza talde bat baino gehiago “dantzarekiko pasioa duen eta umorea gustuko duen lagun talde bat” dela haiena. Haren esanetan, laguntasun horrek eragina izaten du emanaldietan: “Hori nabarmen gelditzen da taldekideen artean eta ikusleekin sortzen den konexioan”.

Bi ikuskizun aukeran

2015ean egitura sortu zutenetik, bi ikuskizun eman ditu taldeak: Freshcool eta Festamentua. Festa batean oinarrituta dago Freshcool; edozein kuadrillaren parranda batean gertatzen diren abenturak irudikatzen ditu. Festamentua, berriz, hileta batean oinarrituta dago. Bi egoerak “ezberdinak” izan arren, “umoretsuak” eta “ikusteko errazak” dira.

Emanaldi batetik bestera aldatzen den bakarra ez da gaia bera, musika eta dantzak ere ezberdinak baitira. Tarteka, euskal dantza tradizionalak aukeratzen dituzte, cumbiaz, trapaz eta popaz lagunduta. Beste batzuetan, ordea, dantza estilo modernoagoak hautatzen dituzte, euskal tradizioko doinuekin bat eginda. Salamancak ziurtatu duenez, baina, taldearen ikuskizunetan euskal dantza da beti oinarria. Bai Festamentua-n bai Freshcool-en Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak egiten dituzte.

Egoerarik okerrenei ere aldarte onean aurre egin dakiekeela irudikatuko dute astelehenean Azpeitian: “Hileta batean oinarrituta dago Festamentua, baina gure ikuskizunean, nolabait, irauli egiten da hori. Ondo pasatzeko asmoa dagoenean, edozein egoerak eman diezazuke irribarre egiteko aukera”.

TIO_TERONEN_SEMEAK(2)

Ikusleei dagokienez, saioetara “adin guztietako jendea” joaten dela adierazi du Salamancak: “Haurrek oso ondo pasatzen dute gurekin, eta nerabeek ere bat egiten dute gure izaera hauskor horrekin”. Baina, besteak beste, euskal dantzako taldeetan ibili izan diren helduak ere joaten dira Tio Teronen Semeak zuzenean ikustera.

Euskal dantza tradizionaleko taldeetan “arau jakin batzuk” errespetatu behar direla dio Salamancak, “bai pausoak, bai ilarak…”. Tio Teronen Semeak taldea, baina, zuzentasun hori apurtzen saiatzen da: “Kuadrillarekin bezala portatzen gara gu ikuskizunean. Zuzentasun hori apurtzeko alter ego bat sortu dugu”. Lotsak eta beldurrak alde batera uzten saiatzen dira beti, “baina neurrian”.

Ikuskizunak “estankoak edo itxiak” direla esan du dantzariak. Haren ustez, ikuskizunak bere hartan jarraitzen du beti, ukitu batzuk gorabehera. Freshcool-en kasuan, “aldaketa batzuk” egin dituzte 2015ean sortu zutenetik, “baina ukitu batzuk besterik ez dira izan”.

Euskal Herritik kanpo

Tio Teronen Semeak taldeak Euskal Herritik kanpo ere eman izan ditu ikuskizunak: Granadan, Salamancan (Espainia) eta Edinburgoko Fringe jaialdian, besteak beste. Salamancak onartu du zalantzak izan zituztela Euskal Herritik kanpo aritu ziren lehenengo aldian, ez zekitelako nolako harrera egingo zieten. Baina esan du lortu dutela atzerrian ere ikusleekin konektatzea eta jendeak ikuskizunaz gozatzea. “Umorea unibertsala da azkenean; argi dago hemen gustagarri denak beste toki batzuetan ere funtzionatzen duela”.

Emanaldiei dagokienez, “gutxi gorabehera maiatzetik urrira” ematen dituzte. Hasieran, urtero 30-40 ikuskizun lotzen zituztela jakinarazi du Salamancak. “Baina sei hilabeterako gehiegi zirela ikusi genuen, eta, azkenean, urtean 25 bat emanaldi egitea erabaki genuen”.

Plazako zuzeneko ikuskizunak ondo ateratzeko, ezinbestekoak dira entseguak, noski. Horren jakitun izanik, astean bi aldiz elkartzen dira dantzari eta musikariak, eta lau orduko entseguak egiten dituzte. Maiatzetik urrira arteko tartea igaro ondoren, astean behin egiten dituzte entseguak, eta, aste berean hiru ikuskizun dituztenetan, ez dira elkartzen. Taldekide gehienak Donostia, Lezo eta Oiartzungoak direla baliatuta, Errenterian elkartzen dira entseatzeko, Dantzagunea sormen gunean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.