Julian Grimauren oinordekoak

Aurreko ostiralean, Espainiako telebista kate baten Julian Grimauren gaineko erreportajea ikusi nuen. Ikusita neukan arren, gustura egon nintzen berriro ere Grimauren historia latza gogoratzen. Bera komunista zen, eta 36ko gerrako azken fusilatua dela esaten zuten erreportajean, 1963an frankismoak erail zuelako, Bartzelonan guda sasoian txeka baten burua zelakoan; hau da, epaiketa fartsa baten bidez, hogei urte luzeren ondoren, egin omen zuenagatik atxilotu eta fusilatu zuten. Telebista saioan ederto azaltzen zen nola torturatu zuten, eta eragindako zauriak ezkutatzeko zelan poliziak bota zuen leihotik behera. Latza guztia, oso latza.

Lehenaldia erabili zuten telebistan pasarte hori kontatzeko, duela hirurogei urteko gertakari urrun eta ia isolatua balitz bezala. Horrek gogotxartu egin ninduen, denboran gertuegi, eta hurrean torturako pertsonak nahi baino gehiago dauzkagulako. Beti minimizatzen errepresioa Espainiako komunikabideak. Hala ere, merezi zuen ikustea osorik.

Heriotza zigorra ezarri ziotela azaldu zutenean, Europan izan ziren mobilizazio handien irudiak eta testigantzak agertu ziren: manifestazioak, sinadura bilketak… Francori agintari eta jende ezagun askok ere eskatu zion indulta zezala Grimau, besteak beste Joan XXIII.a aita santuak, Belgikako Fabiola erreginak (espainiarra) eta Nikita Khrustxov Sobietar Batasuneko lehen ministroak. Hala eta guztiz ere, exekutatzea erabaki zuten. Errukirik ez erregimenaren kontrakoendako.

Erreportajea ikusi bitartean, neure kautan pentsatu nuen gaur egun ezinezkoa izango zela halako mobilizazioak edota indultu eskaerak jasotzea. Beharbada, sare sozialetan mezu batzuk argitaratuko ziren, baina kaleak bete, beste herrialde bateko pertsona bat babesteko, ia ezinezkoa ikusten dut. Irango kasua hortxe dago, zenbait pertsona heriotza zigorrera kondenatuak Mahsa Aminiren heriotza salatzeko protestetan, baina hemen sare sozialez aparte, ezer gutxi egin genuen.

Era berean, hauteskunde kanpainako azken eguna ere bazenez, igande osteko panoramaz ere pentsatu nuen, erreportajean ez zen-eta Fraga alferrik agertu. Manuel Fraga Iribarne, ministroa zena Grimau ez indultatzea erabaki zuen gobernuan; gero demokrata bihurtu, Alianza Popular sortu, geroago alderdia zaharberritu, eta PP fundatu zuena. Orduko frankista, oraingo presidentegaiaren aitona politikoa. Izenak aldatu dira, baina oinarria bera da. Txapa eta pintura pixka batek ezin du estali, gutxienez, berrogei urteko joera.

Gaur, idazten ari naizen unean, astelehena da. Ez edozein astelehen, hauteskunde ondorengo astelehena. Aje elektorala dabil gure artean, emaitzen zain eta adierazpenak entzuten berandura arte ibili ginenok biharamuna dugulako. Arindua ere badaukagu; izan ere, inkestek ez zuten guztiz asmatu. Julian Grimau heriotzara kondenatu eta fusilatu zutenen oinordeko naturalek irabazi bai, baina ez gobernatzeko moduan, eta hori arnasbide itzela da.

Grimau sinboloa izan liteke, telebista saio bat egiteko moduko pertsona. Baina Julian Grimauren perfila izan zezakeen makinatxo bat pertsona ezagutzen dugu, eta asko euren atzetiko politiko edota biologikoak gara.

Ez da erraza izango hemendik aurrerakoa, baina igande gauean jende askok hobeto egin zuen lo, eta ez da gutxi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.