Urko Etxebeste
Irungo Lur Alai squash klubak hamar urte beteko ditu aurten. Horregatik, abuztuaren 5erako squash txapelketa herrikoi bat antolatu du etxean, Irungo Artaleku kiroldegiko pistetan. Zabalik dago txapelketan izen emateko epea. Urteurrena hurbil denean, beti egiten dute tankera horretako txapelketa bat. “Baina aurtengoa berezia izango da”, azaldu du klubaren arduradun Gorka Arretxek. 09:00etatik 14:00etara egingo dute txapelketa, squasharen zale direnen parte hartzea lortzeko asmoz: klubaren Instagram kontutik, posta elektronikora mezua bidalita —luralaisquash@gmail.com— edo 687-97 94 96 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.
Squasha bakarrik lantzen duen Gipuzkoako kirol elkarte bakarra da Lur Alai. Badira squasha lantzen duten talde gehiago, baina bestelako kirol batzuk ere barne hartzen dituzte. “75 bat kide gara. Denetik dugu: 13 urtetik beherakoen squash eskolak hamabost bat kide ditu, aurten hamabi bat partaideko emakumeen talde bat sortu dugu…”, dio Arretxek. Osasunez “indartsu” daudela azpimarratu du. “Oso pozik gaude hamar urteotan egin dugun bidearekin. Jende gehiago etortzen da urtero, baina muga bat dugu: Artalekuko laugarren pistaren itxiera. Pista hori beharrezko dugu partaide guztiak behar bezala zaintzeko”.
1980ko hamarkadan sortu zen Irunen squasharen zaletasuna. Modan jarri zen kirol hori. Garai hartan, jokalari on asko izan zituen Bidasoaldeko squashak, gainera. Alicia Txoperena irundarra da horietako bat: 1981ean eta 1982an Espainiako Estatuko sailkapeneko lehena izan zen Txoperena, eta, egun, haren izena daraman federatuen txapelketa bat antolatzen du Irungo klubak.
2012an, benetako apustua
Gerora, hainbat arrazoirengatik, gainbehera izan zuen squashak oro har, eta, Bidasoaldean indartzeko saiakerak egin bazituzten ere urte askoan, 2012an iritsi zen benetako apustua: squasharen zaleen talde batek Euskadiko Master Txapelketa antolatu zuen Hondarribiko kiroldegian, eta hura izan zen Lur Alai sortzeko akuilua. Klubak 2013ko abuztuan antolatu zuen lehen lehia. “Aitak bultzatu ninduen squashean jokatzera, eta, gerora, kluba eratu zutenen artean egon nintzen ni neu”, azaldu du Arretxek. “Kluba sortuta, gure txapelketak eta jarduerak antolatzeko aukera izan genuen, ordura arte ez kiroldegiak ez beste inork ez zigulako laguntzarik ematen. Orduan hasi nintzen buru-belarri jarduerak antolatzen”.
Hasieran, “beteranoak” joan ziren klubera, baina, ondoren, jarduera hori Irungo Eskola Kirola programan sartzearekin batera, gazteak ere hasi ziren squasha ezagutzen eta elkartera jotzen. Egun, Gipuzkoan jokalari gehien duen kluba da Lur Alai, eta, besteak beste, haur eta emakume gehien dituena ere bai.
Lehiari bai, baina trebakuntzari ematen diote garrantzia batez ere Lur Alain. Arretxek aipatu du Xabi Azaldegi taldekide hernaniarra EAEko txapeldun izan zela 2021ean, eta goi-goian dabilela ordutik. Junior mailan, Unax Mariezkurrena irundarra hainbat aldiz izan da txapeldun edo txapeldunorde —11 urte ditu—. Baina, txapelak txapel, trebakuntzari eta emakumeen parte hartzeari garrantzi berezia ematen diote Lur Alain. Horiek dira egun indartu nahi dituzten eremuak, lehiaz gain. Horren erakusgarri dira eskolan dauzkaten hamabost neska-mutilak eta hamabi emakumeko taldea.
Arretxek adierazi du ez dutela datu edo kopuru zehatzik helburu gisa. Adin guztietako jendea biltzen saiatzen dira, eta, bereziki, sexu berdintasunaren aldeko hautua egiten dute. Klubaren arduradunak adierazi duenez, herriko txapelketak funtsezkoak izaten dira horretarako, hain zuzen ere: “Beteranoez pixka bat ahaztu, eta parte hartzea sustatzen saiatzen gara; batez ere, gazteena eta emakumeena”. Adibidez, abuztuaren 5eko herri txapelketarako ez dute jarri saririk, kanpotik jokalariak etorri eta herrikoei lekua kenduko lieketelako bestela: “Normalean txapelketetan izaten ez diren jokalariak bultzatu nahi ditugu parte hartzera”. Beraz, hamargarren urteurreneko irabazleek ez dute izango sari berezirik: partaide guztien artean zozketak egin, eta bestelako sariak banatuko dituzte. Gainera, egun horretarako propio sortu duten elastikoa emango diote parte hartzaile bakoitzari.
Pilotarekin estu lotua
“Jendeak ez daki, baina squashak harreman zuzena du euskal pilotarekin”, esan du Arretxek. Lur Alaiko jokalari onenak esku pilotatik iritsi direla azaldu du irundarrak, tartean Alicia Txoperena. “Guztiak oso ondo egokitzen dira squashera”.
Leave a Reply