Lan arloko erronkak gainditzeko zubia

Lan arloko erronkak gainditzeko zubia

Ainara Otegi

Bazterturik geratzeko daudenak, ikasketak amaitu ez dituztenak, lanpostua aurkitzeko zailtasuna dutenak… Pertsona horiek baliabideen bila dabiltza, egonkortasuna aurkitu nahian. Haiei laguntzeko prest dauden zenbait entitate aurki daitezke, eta horien artean da Gipuzkoako Emaus fundazioa.

Gipuzkoako Emausek Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana abiatu zuen 2021eko ekainean; Europako Gizarte Funtsak eta CEPES Gizarte Ekonomiaren Espainiako Enpresarien Konfederazioak finantzatutako plana da. Horri esker, enplegua %16 igotzea lortu zuen herrialdean. Fundazioaren beste lorpena izan da gizarteratzeko eta laneratzeko programetan parte hartu duten 43 pertsonei lanpostuak egokitzea.

Olaia Biurrun Emauseko laneratzen laguntzeko Gipuzkoako teknikariak adierazi du pertsonen lan egoera hobetzea dutela helburu, oro har: “Helburua lan eskaintza areagotzea da, jendea lan eremura hurbiltzea, eta, bestetik, jasangarritasuna bultzatzea”.

Lana aurkitzeko orduan, horrek asko baldintzatzen du norberaren bizimodua. Hori dela eta, Biurrunek esan du egoera “zaurgarrian” daudenez arduratzea dela fundazioaren lehentasuna. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Emaus fundaziora bideratzen ditu egoera horietan daudenak. “Gehienez, hiru urteko lan kontratua dute. Formakuntza eskaintzen diete, gero beste lan bat aurki dezaten”, azaldu du Biurrunek. Fundazioa “zubia” dela uste du; “langabezian egon eta lan baldintza okerrak izan ondoren hobeak izateko zubia”, alegia.

Emaus, Berrikuntza plana, laneratzea, Mundaiz, Fundazioa

Langileetako bat Candida Okomo da, Donostiako Mundaizeko Emaus dendako saltzailea. Gaur urtebete egin du Emausen lanean hasi zenetik, eta beste urtebetez lanean jarraitzeko kontratua eskaini diote. Gainerakoei bezala, Okomori Lanbidetik iritsi zitzaion dendan lan egiteko aukera: “Saltzailea izan nintzen bi urtez, baina distantziaren ondorioz utzi behar izan nuen, Lanbidek beste aukera bat eskaini zidan arte”.

Ametsetatik errealitatera

Lan eremu batean eta bestean ibiltzeak bizipen asko edukitzea dakar, bai onerako, bai txarrerako. Okomo, Emausera iritsi baino lehenago, beste zenbait sektoretan jardun zen, baina azaldu du erabat ezberdina dela fundazioan lan egitea. Biurrunen arabera, langile bakoitzaren helburuak zein diren entzuten dute, xede horiek lortzen laguntzeko. Adibidez, saltzailea izatea gustatu arren, Okomoren ametsa ile apaindegi bat irekitzea da. Horregatik, informazio bilatzen laguntzen diote Biurrunek eta Emauseko beste langileek.

Denbora pasatu ahala, kezka sortzen zaie, kontratua amaituko ote den. “Langabeziaren beldur izan arren, Emauseko langileek beste lan bat aurkitu daitekeela ikusten dute”, erantsi du Okomok. Horretarako, noizbehinka lan elkarrizketetara joaten dira.

Laguntzeko entitateak badauden arren, erantzukizuna gizartearen esku jarri du Emauseko teknikariak: “Sisteman aldaketa bat behar da; lan merkatuaren exijentziak zorrotzegiak eta okerregiak dira, baita lan baldintzak ere”. Nahiz eta fundazioak lagundu, “dinamika” eta “arazo” horiek errepikatu egiten direla adierazi du Biurrunek.

Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren bidez lortutakoari segida ematea espero dute Emausen. Hernanin denda bat zabaldu zuten ekainaren 6an, eta uztail bukaeran beste bat irekiko dute Errenterian. Modu horretan, egoera zaurgarrian dauden beste hainbati lanpostuak emango dizkiete.

Leave a Reply

Your email address will not be published.