Imanol Garcia Landa
Hondartzarik gabe, baina hondar gainean. Hala sortu zuten Tolobolei Tolosako Boleibol Txapelketa duela urte batzuk, eta hamahirugarren aldia du aurtengoa. Asteartean hasi zen lehiaketa, eta laugarren eguna izango du gaur. Guztira 32 talde ari dira parte hartzen, eta sailkapen fasean murgilduta dabiltza lau egunotan. Bihar izango da azkeneko eguna: egun guztiko jardunaldia izango dute, kanporaketekin, eta 19:00ak aldera da hastekoa finala.
Aurten, Plaza Berrian egiten ari dira txapelketa. Tolobolei kluba da antolatzailea, eta urtez urte lekua aldatzeko akordioa egin zuen Tolosako Udalarekin. Parte hartzaileek 18 urte baino gehiago izan behar dituzte; hortik gora ez dago mugarik. “Inork ez du super atleta izan beharrik; 40 eta 50 urtekoek lasai asko joka dezakete”, esan du Jose Luis Garcia Tolosako Tolobolei klubeko zuzendaritza taldeko kideak. Beste baldintza bat ere badu lehiaketak: Tolosaldean bizi behar dute jokalariek. “Ez genuen nahi oso maila ona duen jendea etortzerik kanpotik. Asmoa da bertakoek parte hartu eta ondo pasatzea”, zehaztu du Garciak.
Txapelketa mistoa
Arrakasta handia lortu du txapelketak; horren erakusgarri, astebetean bete ziren 32 taldeentzako tokiak. “Kanpoan gelditu da jendea, baina leku muga hori dugu oraingoz”, esan du Garciak. Urtero bezala, lau multzo osatu dituzte, zozketaz, eta zortzi talde ditu multzo bakoitzak; multzo bakoitzean, denek denen aurka jokatuko dute. “Hori da polita, jendeak jokatzea”, dio Garciak, eta gaineratu du Tolosan boleibola ezagutarazteko eta zabaltzeko balio izan duela torneoak. “Izan ere, kirol hau oso gutxi ezagutzen zen herrian. 1980ko hamarkadan izan zen talde bat Tolosan, jendea joaten zen kiroldegira ikustera, eta orduko horiek bakarrik ezagutzen zuten”.
Gaur 16:30ean hasiko dira partidak, eta 01:00 ingurura arte ariko dira jokoan. Bihar, berriz, kanporaketa bihurtuko dira partidak. Aurreko lau egunetako sailkapenak kontuan hartuta, multzoak nahastuta zehaztuko dituzte neurketak. Final-hamaseirenetatik ekingo diote goizean.
Talde bakoitzeko lau jokalari egoten dira beti pistan, eta, txapelketa mistoa denez, derrigorrez gizonezkoek eta emakumezkoek egon beharra daukate une berean pistan; gutxienez, gizonezko bat edo emakumezko bat talde bakoitzean. Partidan zehar, berriz, nahi adina jokalari alda daitezke. “Torneo amateur bat da, eta bere arauak ditu, baina ez dira oso zorrotzak. Esaterako, asteartetik ostiralera torneoko jokalariak eurak arituko dira epaile lanetan”. Bihar jada epaile gisa aritzen direnek emango dute epaia.
Tabernak eta komertzioak
Hasieran, Tolosako Ostalaritza Elkarteak antolatu zuen txapelketa, eta gero Tolobolei klubak hartu zuen ardura. Hastapenean, tabernen izenak izaten zituzten taldeek; gaur egun, herriko komertzioetara zabaldu dute aukera, baina tabernak dira gehienak. Talde bakoitzak bilatu behar izaten du bere babeslea. “Jendeak ondo pasatzea da oinarrizkoena, eta lehiaketaren grina hori ahalik eta txikiena izatea”, esan du Garciak. “Oso giro berezia sortzen da, jende asko joaten baita ikustera, eta DJ Bull ere han izaten da, musika jartzen. Festa moduko bat da azkenean”. Toloboleiren Youtubeko kanalean emango dituzte gaurko eta biharko partidak, zuzenean.
Garciak zehaztu du emakumezkoen taldeak dituztela batez ere Tolobolei klubean: datorren denboraldira begira, senior mailako taldea, gazte mailako bi eta kadete mailako hiru izango dituzte. Infantiletan, emakumezkoenak izango dira bi talde, eta gizonezkoena hirugarrena, eta izen emateen arabera zehaztuko dituzte kimuen mailako taldeak. Ferialekua da klubaren egoitza, eta, Herrikide ikastetxearekin egindako akordioari esker, haien azpiegiturak ere erabiltzen dituzte.
Tolosako Uzturpe frontoian jokatzen dituzte partidak talde nagusiek. “Izena eman nahi duen jende asko dago, baina ditugun azpiegiturak ditugu, eta hor gabiltza, toki gehiago lortu nahian”. Taldeen ardura hartzeko ere jendea behar dutela jakinarazi du Garciak, eta bazkide egitera animatu ditu herritarrak.
Leave a Reply