Ainara Otegi
Datorren asteazkenetik larunbatera, animaziozko zinemaren munduan murgilduko da Deba, XV. Animadeba jaialdiarekin. Animaziozko film luze eta laburren proiekzioez gain, tailerrak, musika kontzertuak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte, besteak beste. Aitor Oñederra Animadebako zuzendariak iragarri du nahiko lukeela aurtengoa “aurreko urtekoa bezain arrakastatsua” izatea. “Espero dut aurtengoan ere jendea etortzea eta horiek tailerretan parte hartzea”. BERRIA da babesleetako bat.
2008an sortu zuten Animadeba. Raimundo Amutxastegi orduko Eibarko Udaleko kultur teknikariak Oñederrari esan zion jaialdi bat antolatu beharra zeukala, bere lan jardunaren ikuspegiarekin bat egingo zuena. Animabasauri egiten zuten ordurako Basaurin (Bizkaia), eta, ideia horri helduta, Deba “animazio zuzendari eta ekoizleen elkargune” bilakatzea erabaki zuten. Lehenengo urtean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egindako filmak bildu zituzten, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Hamar film proiektatu zituzten lehen urte hartan; Pedro Riverasen La Crisis Carnivora filma, tartean. Aurten 75 film baino gehiago proiektatuko dituzte jaialdian.
Hiru sailetan banatuta dago Animadeba: Panorama, Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak-EHU. Beste bietan ez bezala, Panorama sailean ez dago lehiaketarik: “Gure ustez, erakutsi beharrekoak diren film laburrak biltzen ditugu sail horretan”, esan du Oñederrak. Berritasun bat izango dute aurten Panorama sailean: Creepy Night.”Beldurrezko hamar film proiektatuko ditugu gauean, Rumbling Lips taldearen musika emanaldiarekin batera”.
Herrialde askotako filmak
Hamar film labur izango dituzte Sail Nagusian ere, eta partaideek 500 euroko saria eskuratu dute aukeratuak izateagatik. Hainbat herrialdetako filmak erakutsiko dituzte sail horretan; besteak beste, Portugal, Txina, Italia, Israel, Alemania, Hungaria, Erresuma Batua, Iran eta Suitzakoak. Zuzendari Berriak-EHU sailean, berriz, unibertsitatean ikasten ari diren ikasleen filmak bilduko dituzte: hamabi. “Oso profesionalak izaten dira”, ziurtatu du Oñederrak. “Unibertsitateak laguntza ematen die, eta produkzio onak lortzen dituzte”.
Animazioaren munduan murgilduta dabiltzan hiru aditu izango dira epaimahaikideak: Ligia Soare, Carmen Cordoba eta Signe Baumane —gonbidatu berezia izango da azken hori—.
Jaialdi bakoitzak bere irizpideak izaten ditu parte hartzaileak hautatzeko orduan, eta Animadeba ez da salbuespena. “Film independenteen bila aritzen gara, teknika berritzailea daukatenak, ezberdina den zerbait kontatzen dutenak”, esan du Oñederrak. Jaialdiko zuzendariak gaineratu du, halere, sortzaile bakoitzak berak hala nahi duen hori sor dezakeela. “Ez dugu guk markatzen film bakoitzaren estiloa “.
Beldurrezko gauaz gain, beste hainbat berritasun ere izango ditu aurtengo jaialdiak. Besteak beste, lehen aldiz Animadeba Lab saila sortu dute; teknologia berriekin lotura duten hainbat tailer eta hitzaldi izango dira. Case Study-a ere izango da, amaituta dauden edo amaitzear dauden proiektuak estreinatzeko. Film laburrak zein luzeak proiektatuko dituzte.
Ofizialki asteazkenean hasiko da jaialdia, Locos Por La Animación dokumentalarekin, baina asteartean Animadeba Off-ekin gozatzeko aukera izango da Donostiako San Telmo museoan. Zuzendari Berriak-EHU saileko filmak estreinatuko dituzte hor, 19:00etan, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko azpitituluekin.
Leave a Reply