Leire Perlines
Donostian bai, Zarautzen eta Legazpin ere bai… eta baita Ordizian ere. Euskal Jaiak hasi dira batean eta bestean —asteazkenean hasi ziren Donostian, Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatze estropadarekin—, eta ordiziarren kasuan, uztaileko herriko festez gain, urtero badira ondo gordetzen dituzten egun batzuk: irailaren 8a eta inguruko egunak. Gipuzkoako beste hainbat txokotan bezala, Goierriko herri horretan Euskal Jaiak ospatzen dituzte egun horietan, eta ardi latxa nahiz Karrantzako ardiaren esne gordinarekin artzainek egindako gazta lehiaketa ere bai. 50. aldia izango du aurtengoa. Irailaren 6an egingo dute, asteazkenean, 10:30ean hasita.
Leire Arandia Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia alorreko interpretazio zentroko zuzendariak dioenaren arabera, gazta lehiaketa “betidanik” egin izan dute irailean. “1904koak dira azokaren lehen erreferentziak; gazta lehiaketa ere, formatu berri honetan, behintzat, data hauetan egin izan da beti, irailean”. Irailaren 8tik gertuen dagoen asteazkenean kokatzen dute beti azoka berezia, iraileko lehenengo astean edo bigarrenean. 1974an txapelketaren araudia idatzi eta ordutik ari dira egiten Ordiziako Ardi Latx Gaztaren Txapelketa.
Azken hamar urteak kontuan hartuta, lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak Urrezko Kutxa garaikurra irabazteko aukera izaten du. 2009an irabazi zuen garaikur hori lehenengoz Elgoibarko Jesus Mari Ansolak, eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko (Nafarroa) artzainak bigarrenez. Azken hamar urteotako irabazleen artean badira Gipuzkoako hainbat gaztagile: Karmele Murua segurarra, Joseba Insausti ordiziarra, Jose Luis Odriozola aiarra eta Eneko Goiburu segurarra.
Gaztak, irailerako
Urtero, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan egiten dute lehiaketa, eta izena ematen duten artzainek irail hasierarako aurkeztu behar izaten dituzte gaztak. D’Elikatuz interpetrazio zentroan jasoko dituzte gazta horiek, eta asteazkenean bertan eramango dituzte pilotalekura, dantzari, txistulari eta dultzaineroek lagunduta. Desfilea ere egingo dute egun horretan, artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin. Sukaldari ezagunek, gastronomia arloko adituek eta kazetariek osatuko dute epaimahaia.
Bost sari banatuko dituzte aurten ere: lehen sailkatuari, txapeldunaren txapela, 1.750 euro, garaikurra eta 12.000 etiketa emango dizkiote; bigarren sailkatuari, 850 euro, garaikurra eta diploma; hirugarren sailkatuari, 500 euro, garaikurra eta diploma; laugarren sailkatuari, 250 euro eta diploma; eta, bosgarren sailkatuari, 220 euro eta diploma.
13:30 aldera amaituko da gazta lehiaketa, eta, irabazleen izenak jakinaraztean, urteroko enkantea hasiko da. Antolatzaileen arabera, horixe izaten da unerik berezi eta ikusgarrienetako bat. Enkantean jasotako dirua Ordiziako Lagunkiro elkartera bideratuko dute, urtean zehar antolatzen dituzten ekintzetako gastuei aurre egiteko. Juan Mari Arzak sukaldariak irabazi zuen lehen enkantea, 1980an —gazta lehiaketako epaimahaiko presidente izendatu zuten 1992an—; 12.000 pezeta ordaindu zuen gazta erdia, 72 euro pasatxo. Iaz, aldiz, Bastidako (Araba) Mitarte bodegak erosi zuen Eli Gorrotxategi beasaindarraren eta Jose Mari Jauregi lazkaotarraren gazta erdi irabazlea, 9.600 euro ordainduta.
Idiazabalgo gaztaren iazko kanpaina kontuan hartuta, gaur-gaurkoz 125 gaztandegi ekoizle daude Idiazabal jatorri izenarekin. Araban daude 21 gaztandegi, Bizkaian hamalau, Gipuzkoan 58, eta Nafarroan 31. Alderaketa gisa, 1995ean 31 gaztandegi soilik zeuden guztira, iaz baino 94 gutxiago.
1904ko lehenengo azoka
Denboran atzera eginda, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hiribilduko Udalak antolatu zuen 1904ko lehenengo azoka berezia, Euskal Jaien egitarauaren barruan. Gaur egungoaren antzera, txahalak, bertako eta kanpoko zezenak, zaldiak, astoak, txerriak, untxiak, bertako nekazaritza produktuak, nekazaritzarako makinak… izan zituzten orduan ere. 2004an egin zituzten mendeurren ospakizunak, eta Ordiziako Udalak jaiaren jatorria ikertu zuen orduan. Ordiziako Euskal Jaiak garrantzitsutzat jota, haien inguruko batzorde berezi bat sortu zuten orduko alkate Salustiano Iturriozek eta beste hainbatek. Herriko kaleak eta udaletxea apaindu zituzten, eta Euskal Jaien oinarria sortu zuten.
Antolatzaileek, lehiaketa sustatzeaz gain, Idiazabalgo gaztaren kalitatea hobetu nahi izan zuten urteek aurrera egin ahala, eta 1984an Ordizia Txapeldun izeneko lehiaketa berri bat sortu zuten. Azken bost urteetan Ordiziako gazta lehiaketa irabazi zuten artzainek soilik parte har zezaketen lehiaketa horretan. Gaur egun, ordea, aldatuta dauzkate lehiaketaren oinarriak, eta bost urtetik hamarrera daukate luzatuta epe hori.
1990ean, azoka hartzen ari zen indarra ikusita, Idiazabalgo Gaztaren Kofradia osatzea erabaki zuten Ordizian. “Ardi latxaren gazta lehiaketa garatzeko eta sustatzeko helburuz sortu zuten kofradia”, azaldu du Arandiak. “Gaur egun, hala ere, helburu eta betebehar ezberdinak ditu kofradiak”. Belaunaldi berriei ardi latxaren esnearekin eskuz egindako gaztaren errealitatea ezagutaraztea, gazta lantzeko modua eta bizimodua iraunaraztea, eta kulturari eta gastronomiari bultzada bat ematea, besteak beste.
2000. urtean, aldaketak
1904tik 2000. urtera arte bere bidea egin zuen Ordiziako azoka bereziak, baina 2000n aldaketa batzuk egin zituzten, gaztaren jatorriari buruzko bermea indartzeko asmotan: ordutik, lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da, besteak beste, izena aldez aurretik ematea, gaztek Kaseina plaka izatea, artaldeak gutxienez ehun ardikoak izatea —ardi latxak soilik—, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, artzainak gazta egiteko osasun erregistroa titular gisa izatea eta gaztak artisau eran eginda egotea.
Arandiak jakinarazi du urtero 50-60 gaztagilek parte hartzen dutela lehiaketan, eta 1991koa dela orain arteko kopururik altuenekoa: 109 gaztagilek parte hartu zuten Ordiziako gazta lehiaketan.
Gaur egungo egiturarekin 1960ko hamarkadan hasi ziren egiten azoka berezia, eta, ordutik, hutsik egin gabe antolatu dute urtero-urtero. 2020an, COVID-19aren pandemiaren eraginez, ateak itxita egin behar izan zuten, segurtasun neurriak errespetatzeko.
Leave a Reply