Erik Gartzia Egaña
Zaintzaren gaineko kezka aspaldikoa dela jakinarazi du Olaia Lasa Oiartzungo Gizarte Ongizate zinegotziak. “Herritarrek zaindu behar dute herria, eta herritarrok elkar zaindu behar dugu”. Herritarrengandik ere jaso dute kezka hori. Neurriak hartzen dabiltza, eta, esaterako, auzozain figura sortu dute.
Oiartzun nahiko herri txikia izan da betidanik: erdigunea eta zazpi auzo txiki. Urteak pasatu ahala handituz joan da, ordea, eta bizimodua geroz eta indibidualizatuagoa dela esan du zinegotziak. “Kezka horrekin, Zaintzadi proiektuarekin egin genuen topo, eta iazko maiatzean hasi ginen elkarlanean”. Lehenengo urratsa izan zen egitasmoa Oiartzunen errealitatera moldatzea, bakardade ez-hautatuari aurre egiteko. Ondoren, herriko elkarte eta eragileekin elkartu ziren: farmaziak, Osakidetza, komertzioak, elkarteak… 55 urtetik gorakoekin asko lan egiten dutenak dira guztiak.
Elkarlan horrek fruituak eman dituela ziurtatu du Lasak, eta egitasmo publiko-komunitarioarekin bat egingo duten norbanakoen bila ari direla orain: auzozainak behar dituzte.
Zaintzadiko langile Aintzane Iribarren esanetan, “familiatik harago doan zerbait” da zaintza. “Herritar guztion artean egin behar dugun zerbait da”. Lasaren arabera, hasierak “beti” izan ohi dira zailak, norberari kostatu egiten zaiolako bakardade egoeran egon daitekeela onartzea. “Ondokoa parte hartzen ikusten baduzu, zu zeu ere anima zaitezke”, esan du zinegotziak. Auzozain figurari bultzada emateko sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du Iribarrek: “Azaldu behar da zer den zaintza publiko-komunitario bat, banakako esku hartzeak bideratzeko gero”.
Miren Berasarte Zaintzadiko lankideak xehatu du sentsibilizazioak erakutsi behar duela “zerbaiten parte” direla. “Adibidez, nik, oiartzuar gisa, badaukat lotura eta ardura gainontzeko herritarrekin. Nik neuk Oiartzuni zer eskain diezaiokedan da gakoa”.
Konpromiso erraza
Lasaren esanetan, auzozain izateak ez du konpromiso handirik eskatzen. “Askoren beldurra izan daiteke egunero pare bat ordu sartu behar izatea, baina erne egongo den norbait nahi dugu azkenean, ondokoaren beharrei arreta pixka bat jarriko diona. Hori bai, auzozaindu bakoitzak eduki ditzakeen beharrak ezberdinak izan daitezke”.
Auzozain izateko bi modu egon daitezkeela iragarri du Lasak. Batetik, bakarkakoa; kasu horretan, zaletasun batek elkar ditzake auzozaina eta auzozaindua, egitasmoaren helburua baita elkarrekin gustuko gauzak egitea. “Zaintza bueltan etorri ohi da, eta bi noranzko ditu”. Horretarako, bakoitzaren profila zein den aztertuko dute Zaintzadiko langileek, eta bi aldeak gustuen arabera elkartzen saiatuko dira. Horrez gain, beste hainbat galdera egingo dizkiete; hala nola, zehaztea herriko zein eragilerekin duten harremana, edo, gazteek azaltzea zahartzaroa nola ikusten duten.
Hala ere, auzozaintza “natural” egin daitekeela ere gaineratu du Berasartek. “Egon daitezke beheko bizilagunarekin egunero hitz egiten dutenak; horrelakoetan, eskatuko litzaioke auzozainduari galde diezaion ea instalatu nahi duen egitasmoaren aplikazioa”. Egingo dutena egingo dutela ere, “malgutasuna” eskaini nahi diete auzozaintzaileei: bizi ez den auzo batera joan daiteke, auzozainduarekin astean ordubete pasatu dezake hizketan…
Dinamizatzailea da beste auzozaintzaile figura; taldekako jarduerak gida ditzakete horiek. “Kakorratzekin josten dakien norbait hurbildu daiteke, eta hainbat auzozaindurekin horretan aritu. Taldekako jarduerak, hala ere, ez du kenduko bakarkako auzozain izatea”, azaldu du Iribarrek.
Helburua da zaintza “publiko-komunitarioa” bultzatzea, auzozainduarekiko arreta eta kezka sortzeko. Zaindu bat etxean eroriko balitz, adibidez, sarearen parte diren guztiek horren berri izatea da asmoa. Iribarren esanetan, Oiartzunek badu gauza on bat: semaforo bat daukate adinekoekin, eta gizarte zerbitzuek artatzen dituzte argi gorrian daudenak. “Argi berde edo horian daudenengana iristea da gure helburua, bakardadea nahiko isila baita”.
Bidea hasi besterik ez da egin. Oraingoz, lau auzozainek eman dute izena, eta “modu naturalean” ari dira beste bi, egoera formalizatu gabe. Bakardade egoeran dauden “hogei bat” oiartzuarrekin ari dira lanean. Iribar eta Berasarte ari dira, oraingoz, hasierako esku hartzeak egiten. Iribarren arabera, “intentsitate ezberdineko bakardadeekin” ari dira lanean, eta euren helburua ez da auzozainekiko “dependentzia” bat sortzea. “Bakardadean dauden herritarrei independentzia ematea da asmoa, eta berriro gizartean txertatzea”.
Leave a Reply