Jone Arruabarrena
Errefuxiatuei eta migrazio bidean daudenei berotasuna emateko. Horretarako sortu zuten Hotza Oñati elkartea, izenak kontrakoa badio ere. Oñatin aritzen dira, baina mundu osoan zehar lan egiten duten hainbat erakunderentzako sostengu da. Elkarteko kide dira Leire Etxeberria (Oñati, 1980) eta Begoña Murguzur (Oñati, 1956).
Nola sortu zen Hotza Oñati egitasmoa?
BEGOÑA MURGUZUR: 2015. urtean, Siriako gerrak sortutako larrialdi humanitarioaren ondorioz, milaka pertsona hasi ziren herrialde horretatik irteten. Orduan erabaki genuen Oñatiko herritar batzuek gure artean batu eta laguntzea. Gure asmoa zen garai konkretu horretan laguntzea, baina ikusi genuen geroz eta behar handiagoa zegoela, eta jarraitzea erabaki genuen, gaur arte.
LEIRE ETXEBERRIA: Gero, erakunde gisa erregistratu genuen. Errefuxiatuen giza eskubideen aldeko erakunde bat da gurea, eta hiru eratan antolatzen dugu laguntza. Batetik, dirua bidaltzen dugu errefuxiatuak dauden lekuetara; zuzenean errefuxiatuei laguntzen dieten erakundeei bidaltzen diegu dirua. Bestalde, material eta janari bilketak egiten ditugu, eta horiek ere bidaltzen ditugu behar duten tokietara. Eta sentsibilizazioaren arloa ere lantzen dugu.
Urte osoko plangintza bat antolatzen duzue?
ETXEBERRIA: Bai. Hainbat ekintza eta kanpaina antolatzen ditugu urtean zehar, eta, horrez gain, hilabetero merkatu bat antolatzen dugu, bigarren larunbatean.
Nola antolatzen zarete?
ETXEBERRIA: Denak boluntarioak gara; guztira hogei bat pertsonak osatzen dugu taldea. Hala ere, ekintza puntualetarako jende gehiago etorri ohi da laguntzera. Janari bilketa antolatzeko, adibidez, Hotz-ekoa ez den baina baina laguntzeko prest dagoen jendea etortzen da.
MURGUZUR: Janari bilketei dagokienez, ehun lagun inguru mobilizatzen dira. Hiru egunez egiten da bilketa, herriko bost dendatan eta hiru txandatan banatuta. Beraz, jende askok hartzen du parte. Orain, adibidez, kale bateko jaiak dira, eta pintxoak jarriko ditugu salgai. Tortillak herritarrek egiten dituzte, eta saltzeko ekartzen dizkigute. Jende dezente egoten da prest laguntzeko; 1.000 euro inguru jasotzea lortzen dugu, eta batzuetan gehiago ere bai.
Zer herrialdetara bidaltzen duzue laguntza?
ETXEBERRIA: Greziara asko, esaterako. Zaporeak elkartearekin lan egiten dugu, edo baita Resosekin ere, Atenasen lan egiten duen GKE batekin. Yemenera ere bai, Solidarios sin Fronteras GKEaren bidez, eta baita Bosnia eta Serbiako mugara ere, No Name Kitchen elkartera. Espainia hegoaldeko mugan dauden elkarteekin ere lan egiten dugu, eta Saharara ere bidaltzen dugu laguntza. Bestalde, Mediterraneo itsasoan erreskate lanetan ibiltzen den Aita Mari itsasontzia ere laguntzen dugu diruz, eta joan den urtean, Ukrainako gerra dela-eta, hango errefuxiatuei ere lagundu genien.
MURGUZUR: Euskal Herriko elkarteekin ere egiten dugu lan: Irungo Harrera Sarearekin eta Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearekin.
Zerk lotzen ditu herrialde horiek guztiak?
ETXEBERRIA: Mugetan dauden lekuak dira. Migratzaileak toki horietatik pasatzen dira, eta hango egoera geroz eta zailagoa da, Europak geroz eta zailtasun gehiago jartzen baititu etorkinak ez iristeko.
MURGUZUR: Yemen, adibidez, ez dago mugan, baina hango egoera oso txarra da. Espainian herrialde horri laguntzeko GKE bat baino ez dago: Solidarios sin Fronteras. Hiru emakume dira, eta zortzi urte daramatzate jada. Bi Espainian daude, eta bat Yemenen. Gauza harrigarriak egiten dituzte.
Nola sortzen duzue harremana eragile horiekin?
ETXEBERRIA: Hotz-eko kide bakoitzak badauzka bere kontaktuak, eta bakoitzak erakundeak proposatzen ditu; norberak azaltzen du zer egiten duten. GKEak ere jartzen dira harremanetan gurekin, eta erakusten digute zer lan egiten duten, bideoak zein argazkiak bidaltzen dizkigute, eta lankidetza hasten dugu.
Oñatiko eta inguruetako errefuxiatuekin ere lan egiten duzue?
MURGUZUR: Zuzenean, ez. Badaukagu harremana errefuxiatuta dauden pertsona batzuekin, baina ez dugu haiekin lanik egiten.
Sentsibilizazio kanpainak ere egiten dituzue.
ETXEBERRIA: Bai. Joan den urtean, adibidez, migrazio bide seguruen aldeko kanpaina bat jarri genuen martxan.
MURGUZUR: Bi hitzaldi eta dokumental bat antolatu genituen. Gonzalo Fanjul etorri zen, migranteen erregularizazioaren alde Espainiako Senatura 500.000 sinadura eramateko egitasmoaren sortzaileetako bat. Horren ondoren, Hotz Oñatik mila sinadura baino gehiago lortu zituen egitasmo horretarako.
ETXEBERRIA: Dokumental zein film laburren proiekzioak ere egin genituen, eta udaberrian dirua biltzeko egun bat antolatu genuen. Artista batzuek artelanak egin zituzten migrazioaren inguruan, erakusketa bat osatzeko. Gai horri buruz pintura tailerrak ere antolatu zituzten, baita musika tailerrak ere.
Nolakoa da herritarren erantzuna?
MURGUZUR: Joan den urtean, Siriako eta Turkiako lurrikararen ondoren, esaterako, arropa biltzeko kanpaina bat egin genuen. Hor ikusi zen herritarren elkartasuna: jendeak armairuak hustu zituen Turkiari eta Siriari laguntzeko.
Leave a Reply