Kalea bera oholtza bihurtuta

Kalea bera oholtza bihurtuta

Unai Zubeldia

Pintzelkada txiki bat da Dantza Hirian. Urte osoko lanaren erakusleiho bat. Dantza garaikidea oinarri hartuta, Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi pieza txiki ikusi ahal izango dira, bihartik irailaren 24ra, Donostian, Irunen, Hondarribian eta Errenterian, eta baita Miarritzen eta Hendaian ere (Lapurdi). “Kultur proiektu batekin gizartea batzea da gure helburua”, zehaztu du Myriam Arkaia Dantza Hirian egitasmoaren zuzendariak. “Mugimendu handia nabari dugu Donostia eta Baiona arteko zati horretan guztian, eta gure aletxoa jarri nahi dugu”. Bihar izango dira lehen hiru emanaldiak: Miarritzen bat (15:00-15:15) eta Irunen bi (19:00-19:35).

Hemezortzi urte atzera eginda, Dantza Hirian “proiektu desberdin” gisa jaio zela gogoratu du Arkaiak. “Garai hartan ez zeuden dantza garaikidea kalera ateratzen zuten jaialdi asko, ezta Ipar eta Hego Euskal Herria batzen zituenik ere. Horregatik erabaki genuen pausoa ematea”. Urteen poderioz, “geroz eta eskaera handiagoa” dagoela aitortu du Dantza Hirian egitasmoaren zuzendariak. “Eta artista gazteak lantzen ari diren hori erakartzen saiatzen gara urtero”. Guztiak “oso pieza laburrak” direla azpimarratu du Arkaiak, “bakoitzaren koreografia lengoaia ezagutzeko”.

DANTZA HIRIAN - ERTZA KONPAINIA

Hala egin dute aurten ere, eta, besteak beste, Donostiako Nautikoan ariko da Herbehereetako 2Hoang Dance Company konpainia, Vietnam eta Japoniako bi koreograforekin —iaz Espainiako Masdanza koreografia lehiaketa irabazi zuen—. Bestalde, Asier Zabaletaren Ertza konpainiak Marginalia lana estreinatuko du irailaren 16an, Donostiako Konstituzio plazako balkoi batean (19:15), eta Arnau Perez kataluniarrak Vibra! lana Miarritzeko Bellevue plazan, irailaren 17an, 15:00etan.

Share proiektuaren amaiera

Estreinaldi horiez gain, Share proiektuaren barruan My Dearest Rituals lana ere erakutsiko dute irailaren 23an, larunbatean, 18:00etan, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuan. Ghanan eta Zagreben egonaldiak egin dituzte proiektu horretako zazpi dantzariek —Jone Amezaga del Frago euskal herritarra, tartean— eta Sophie Bulbulyan koreografo frantziarrak. 25 minutuko lana izango da.

“Konexio bat” lortu nahi dute Dantza Hirian egitasmoarekin. “Gurean ez dago oholtzarik, ez dago argiztapenik… Begiratu, ukitu eta sentitu dantza, hori da gure leloa”. Saio bakoitzaren amaieran aukera egoten da artistekin eurekin hizketaldi txiki bat izateko. “Askok baliatzen dute momentu hori”, zehaztu du Myriam Arkaiak. “Gustatu zaien, ez zaien, zer irudikatu nahi izan duten, nongoak diren… Kontu asko partekatzen dituzte bi aldeek, eta hori ere bilatzen dugu, antzokietan ezinezkoa izaten delako artistekin hartu-eman hori izatea”.

Herritarrei, oraindik ere, antzokira dantza garaikidea ikustera joatea kosta egiten zaiela aitortu du Arkaiak. “Baina Dantza Hirian-ek jende asko elkartzen du beti, eta oso aukera ona da lehen pausoa emateko. Kalitate handikoak dira konpainia guztiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.