Autobidea? Erokeria!

Gipuzkoar askok bezala, maiz samar erabiltzen dut Leitzarango autobidea, A-15 izendapen teknikoz. Aitortzekoa da denbora pixka bat eta endredo batzuk aurreztu dizkidala, hori dena bertako radar maltzurrek ezarritako isun ugariren bidez ordaindu behar izan badut ere, gipuzkoar askok bezala.

Isun-beldurraz landa, beste buru-neke bat ere izaten dut eskuarki Andoain eta Iruñerako tarte asfaltatuan inguruetako baso eta mendiei begira noala. Beti gogoratzen dut Radio Euskadiko esatari batek “la orografía que padecemos” aipatu zuela behin (“sufritzen dugun orografia”, gutxi gorabehera), tertulia batean, errepideak urratu behar zituen parajeei buruz ari zela. Gogoan izaten dut, halaber, kondaira urbano baten arabera andre aberats batek txoferrak gidatutako autoan egin omen zuen komentarioa ere: “Esker ona zor diogu autobide honi, paisaia zoragarri hauetaz gozatzeko aukera ematen digulako”.

Beste borroka ekologista batzuen aldean askoz ere ahaztuagoa badago ere, aurkako mugimendu handi eta zabala eratu zen 80ko eta 90eko hamarkadetan Leitzarango autobidearen aurka. Oker egon naiteke, baina uste dut autobide horrek gaur egun herritar gehienen oniritzia duela, eta horixe dela haren aurkako mugimendua hain ahaztua egotearen motibo nagusia, edo nagusietako bat behintzat. Alde ederreko esker ona du, adibidez, kostalde nuklearraren aurkako mugimenduaren oroitzapenak eta laudorioak.

Aingeru Epaltzak Argia aldizkarian, Gure lurralde liberatua artikuluan (2016-5-29), argitaratutako hitz hauek agerian uzten dute oniritzi horren hedapena: “Harako ‘autobia, erokeria!’ hura ez zait oroimenetik joan. Beharbada horregatik, tentuz ibiltzen naiz mota guztietako obra handien proiektuak eztabaidaren plazara ekartzen direlarik. Milaka jenderen joan-etorriak aisatu dituzte Leitzarango lau erraiek. Haiek gabe, basamortu ekonomiko eta soziala lirateke gaur egun Larraun, Lekunberri edo Leitza aldea”. Ziur naiz, izan ere, espazio faltaz ez zituela Epaltzak Leitzarango autobidearen ondoriozko onura gehiago aipatu, nornahiri bururatuko baitzaizkio beste bospasei gutxienez, eta ez nolanahikoak gainera.

Neuk ere ez nuke gaur egun garai batean bezainbesteko ziurtasunez eta irmotasunez aldarrikatuko Leitzarango autobidearen eraikuntza erokeria tamalgarria izan zenik, onartu eta gauzatu behar ez zen proiektu txikitzailea, baina ez nuke esango aldarri hori lekuz kanpokoa edo arrazoirik gabekoa izan zenik ere, funtsean eta sakonean Leitzarango autobidearen aurkako mugimendu hark, errepide jakin baten eraikuntzaren aurka eginez, gizarte eredu bat salatu zuelako, hazkunde etengabe eta naturarekiko gupidagabearena, eta salaketa horrek aldezleak irabazi baino ez dituelako egin azken hamarkadetan, begien bistako arrazoi gero eta agerikoagoak medio.

Gizarte zoriontsu eta harmoniatsua erakusten digu Ursula K. Le Guinek The Ones Who Walk Away From Omelas narrazioaren hasieran, Omelas izenekoa, baina hori ezinezkoa litzateke edonoren bihotza uzkurtzeko moduko bidegabekeria lazgarri batengatik ez balitz. Horretaz jabetzean, biztanle batzuek Omelasko zoriontasun harmoniatsutik ihes egiten dute, kontalariak ezin deskribatu eta ezin irudikatu duen leku baterantz. Agian egon ere inon ez dagoen leku baterantz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.