“Gure lana ez da irakurtzea; kamera atzean lan handia dago”

“Gure lana ez da irakurtzea; kamera atzean lan handia dago”

Imanol Saiz Gomez de Segura

27 urterekin hasi zen telebistako aurkezle lanak egiten Xabier Ormazabal (Irun, 1993). Ustekabean tokatu zitzaion kameraren aurrean jartzea, baina aitortu du probatu zuenetik platoak harrapatu egin duela: “Modu natural batean hartzen dut nire zeregina”.

Ardura handia al da ehunka mila lagunen aurrean hitz egitea?

Ardura bada, baina normaltasunez ateratzen zait. Ia-ia era naturalean iritsi zitzaidan aukera. Gustuko dudanez ogibidea, gustuko dudanez nire lana arduraz egitea, eta ez naizenez urduria, modu natural batean hartzen dut nire zeregina. Lehendabiziko egunean jarri nintzen urduri, lehenengo bost minutuetan. Ardura hori daukat, telebista publiko bat garelako. Beldur handiagoa ez, baina, agian, ardura handiagoa sentitzen dut telebista publiko batean egoteagatik, horrek esan nahi duenarekin. Kameraren beste aldean ehunka mila lagun egon daitezke, baina nik kamera bat ikusten dut soilik, eta horren atzean dagoen kameraria.

27 urterekin hasi zinen albistegiak aurkezten, oso gazte, ETBn.

Aurretik, Egun on, Euskadi saioan aritu nintzen bigarren aurkezle bezala, eta tarteka ordezkapenak egiten ere bai. Lehenago ere ETB2ko arratsaldeko saio batean aukera eman zidaten, aurretik zeuden bi pertsonek ezin zutelako. Plato batean aritzeko aukera eman zidaten, eta gustatu egin zitzaidan; betidanik gustuko izan dut informazioaren mundua. Aukerak ematen joan zaizkidan heinean, ez dut hutsik egin; hori pentsatzen dut. Albistegiak aurkezten jarri ninduten, eta badirudi ez direla damutu…

Telebista mundua oso ezberdina al da barrutik?

Jendeak uste du gure lana dela hona iritsi eta irakurtzea. Jende askok galdetu dit hori. Baina nik beti gauza bera erantzuten dut: irakurtzen dudanaren %90-95 nik idatzia, berridatzia edo onetsia da. Beste portzentaje txiki hori denborarik ez dagoelako da, berandu iritsi delako edo zuzendu egin dudalako. Hori egiten dut esaten ari naizenarekin gustura sentitzeko edo nire hitzekin idazteko. Ziurtasuna edukitzeko da. Aurretik asko irakurri behar izaten dugu. Kameraren atzeko lanik handiena irakurtzea da, jakitea, ulertzea, eta, gero, aplikatzea. Atzean lan handia dago, dokumentazio lan handia. Ostegunetik igandera egiten dut lan [asteburuetan ETB2ko Teleberri albistegia aurkezten du], eta kameraren aurreko lana larunbatean eta igandean da, baina ostegun eta ostiraletan ere egiten dugu lan. Produkzioren bat egin, erreportajeren bat itxi, eta horrelakoak egiten ditugu, eta asko irakurri. Asteburuan kontatuko dugun hori ongi ulertu behar dugu. Informatuta egon behar dugu, baina deskonektatzeko ere gaitasun handia daukat.

Igande gauean erdi hilda egoten gara, eta astelehenean, gorpu. Astelehenak bere horretan pasatzen uzten saiatzen naiz, ez bada ezer larririk gertatu, noski. Baina, gustuko dudanez, nahi gabe egiten dut. Gustuko dut nire ogibidea. Ez nuen kazetaria izan nahi; tokatu egin zitzaidan. Hasiera batean kiroletan hasi nintzen, eta, gustuko nuenez, ez nuen beste sailetan pentsatzen. Baina informazio orokorra ematen amaitu dut, eta hemen ere oso gustura nabil. Betidanik erreparatu izan diet albistegiei, txikitatik.

XABIER ORMAZABAL

Kiroletako erredaktore ETBn. ETBn kirol sailean ari zela, 2017ko irailean Europako Sokatira Txapelketaren berri ematera joan zen Ormazabal Southportera, Ingalaterrara. Irudian, ilunpetan, lanean.

Ezinezkoa da akatsik ez egitea, baina nola aurre egiten diozue horri?

Egoeraren arabera. Zenbait akats mota daude. Batzuetan zuzenean konturatzen zara, eta, konturatuz gero, baduzu zuzentzeko aukera. Baina beste batzuetan ez zara konturatzen. Konturatuz gero, momentu horretan bertan planteatu behar duzu egindako akatsa handia ote den, momentuan zuzentzeko. Izan ere, batzuetan zuzentzen hasi eta traba zaitezke, eta okertu egiten da egoera. 150 pertsona badira eta 145 direla esan baduzu, agian ez da hain akats larria. Baina bizirik dagoen pertsona bat nahi gabe hil baduzu, orduan bada zuzentzekoa. “Entzungailutik ez dizuete ezer esaten?”, askotan galdetu izan didate hori ere. Ez dago denborarik horretarako. Oso larria bada eta denbora badago, momentuan bertan konpontzen dugu, baina bestela, ez. Oso nabarmena bada, konturatu bagara eta zuzeneko bideo bati bide eman behar badiogu, bueltan zuzentzen dugu. Akats horiek guztiak normaltasunez hartu behar dira, eta pentsatu behar dugu ikuslea zentzuduna dela, uler dezakeela akatsak egin ditzakegula eta zuzentzeko arduratsuak ere bagarela.

Zure ustez, zergatik ikusi behar da Gaur Egun edo Teleberri?

Guk ematen dugulako, egunean gutxienez bitan, gure inguruan gertatu denaren berri. Munduan ez dago beste telebistarik lantalde berberak lan txanda berean bi albistegi egin behar dituenik. Edozein telebistatan bat egiten dute; guk, bi. Gertutasunetik egindako lana da, hori ziur. Eta lehiakide izan daitezkeen horiek ez daukate hori. Azken hamar urteotan hemen albistegiak ikusi dira gehien, eta zerbaitegatik da hori. Hori bai, garaiak eta uneak aldatu egiten dira, eta albistegiak ere aldatu egin behar dira gizartearekin batera; hori ere bada gure lana.

Telebistan agertzen hasi zinenetik, sumatu duzu jendeak gehiago ezagutzen zaituela?

Ez askorik, ez pentsa. Jendeak normalean trajearekin eta gorbatarekin irudikatzen zaitu, eta ni kalean ez naiz horrela ibiltzen. Askotan ohartzen naiz jendea begira geratzen dela, baina inoiz ez dut izan arazorik.

Irundarra zara. Azken urteotan gogortu egin da hiritik pasatzen diren migranteen egoera; haietako batzuk hil ere egin dira. Nola bizi izan duzu drama hori?

Azken urteetan kanpoan izan naiz, baina berriz itzuli naiz orain. Aste barruan etortzen nintzenean ikusten nituen Harrera Sareko kideak San Juan plazan, baina ez dut eguneroko jarraibide bat egiteko aukerarik izan. Horren inguruko albisteak eman ditugu ETBn. Duela urte eta erdi bat inguru hiru pertsona ito ziren Bidasoa ibaia gurutzatzen saiatzen ari zirela. Nire lagun batek ikusi zituen pertsona haiek azkenekoz: gasolindegian zegoen, eta bertatik pasatu ziren ea nondik igaro zitezkeen galdezka. Gauza oso tristea da. Ikusten dut ez duela konponbide errazik; agian, ez du konponbiderik. Teorian, bai, baina praktikara eramanda, nahiz eta hemengo alkateek eta Eusko Jaurlaritzak eskatu, amaierako pauso hori eman behar duenak ez du ematen. Ez dakit, etsipen puntu bat ere badut, amorrazio puntu bat. Badirudi denak horren alde gaudela, gatazka bat konpontzearen alde, baina gauza batengatik edo besteagatik ez da konpontzen.

Irunen alarde parekidean desfilatzen duzu betidanik.

11 urte nituenean desfilatu nuen lehenengoz, nire arreba kantinera atera zelako. Gogoan dut egun hura. Goizean atera nintzen txilibitoarekin, Ama Xantalen konpainian. Kale Nagusian beheraka gindoazela, istilu bat izan zen, joka hasi ziren nire inguruan, eta pixka bat beldurtuta atera nintzen; arratsaldean ez nuen desfilatu. Baina ordutik, Irunen egon naizenetan, beti desfilatu izan dut. Nire etxean gauza normala izan da beti alarde parekidean desfilatzea. Eskolan, berriz, bakarrenetakoa nintzen. Ondoren, urteen poderioz ikusi dugu gero eta jende gehiagok desfilatzen duela, eta pozgarria da hori. Baina ia-ia migrazioaren aferak bezala, honek ere badu konponbide erraz bat, baina ez da gauzatzen. Duela hamabost urte gogoan dut esaten genuela: “Honek ez du atzera-bueltarik, egina dago, begira, 1.500 pertsona gara, jende mordoa txaloka”. Hamabost urteren ondoren jende gehiago dago, baina arazoa ia-ia leku berean dago, ez du aurrera egin.

Hala ere, pauso batzuk eman dira azken aldian, ezta?

Bai… Jaizkibel konpainiarekin ere pauso batzuk eman dira, baina egoera berbera da. Albiste iturri batzuen arabera, iaz Jose Antonio Santano Irungo alkatea harrera egitekoa zen alarde parekideari, baina atzera egin omen zuen azken momentuan. Ez dakit zergatik. Aurten balkoira atera da, baina ez du azaldu zergatik. Esan du aurrerapauso garrantzitsua dela, baina iaz edo orain dela hamabost urte ez zen pauso garrantzitsua? Ez digu esan zer aldatu den berak iritzia aldatzeko.

Hondarribian alkate aldaketa izan da, eta hor badakigu zer aldatu den udalak jarrera aldatzeko. Pentsatzen dut zergatik izan den Irungoen jarrera aldaketa: hemendik 5 kilometrora jarrera aldaketa egon delako. Irungo alkatea ez da itsua, badaki kalean jendeak ia normaltasun osoz bizi duela aldaketa. Baina arrazoitu egin beharko du bere aldaketa.

Platoetatik oholtzara igarotzen zara sarritan. Musikak “erotu” egiten omen zaitu…

Hala da, bai. Kontserbatorioan ikasi nuen musika: piano ikasketak egin nituen. Musika txikitatik izan dugu etxean: aitak jotzen zuen, arreba ere musika eskolatik pasatutakoa da… Pianoaz gain, ez nuen bestelako grinarik, baina Bad Sound System taldea ezagutu nuenean dena aldatu zen. Sekulako jaia egin zuten Moskun [Irungo auzoa], ia baliabiderik gabe. Ehunka pertsona ginen, gozatzen. Reggaearen munduan sartu nintzen orduan. Biniloak biltzen hasi nintzen; ehunka ditut. Eta Selektah Stepiren [Bad Sound System taldeko DJa] laguntzarekin hainbat lekutan jarri izan dut musika sarritan. Azken urteetan, asteburuetan lanean aritzen naizenez, oso gutxi egin dut. Orain, beraz, etxeko zaletasun bilakatu da diskoen artean ibiltzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.