Beñat Agirresarobe
Basque Association in Iceland elkarteak Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria gonbidatu zuen 2021eko abuztuan Islandiara, herrialde horretako Strandir eskualdeko Djupavik herrian Euskal Zentroa eraiki nahi baitu. Xedea da bi nazio txikiren itsas kultur-ondarea berreskuratu eta historia bateratua ezagutaraztea. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeetako euskal marinelek Islandia mendebaldeko eskualde horrekin izan zuten harreman handien, bertara abiatzen baitziren baleen ehizara.
“Zentroaren eraikitze lanak hasita badaude ere, museoa 2025eko abuztuan zabalduko dute, lehen erakusketarekin batera”, azaldu du Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriaren lehendakariak. Ordura arte, Pasaiako Albaolak hainbat zeregin izango ditu Euskal Zentroa abian jarri aurretik. Batetik, datorren urriaren 16an eta 17an topaketa batzuk antolatuko dituzte Pasaiako egoitzan. Bertan, euskal ontzigintzaren ezagutza partekatuko dute ontzigile tradizionalekin eta historialariekin, baleontzietan arreta berezia jarrita. Topaketak sinposio moduan egingo badituzte ere, guztientzat zabalik izango dira Albaolako ateak.
Bestetik, Albaolako kideek prestakuntza intentsiboa eskainiko diete Islandiako ontzigile tradizionalei. Izan ere, Djupavikeko Euskal Zentro berrian arotz islandiarrek euskal baleontzi bat eraiki nahi dute. Urrian hasiko dute prestakuntza lana, Pasaian bertan, eta 2024an ere horretan jarraituko dute.
1615eko sarraskia gogoan
Gaur egungo begiradatik sinesgaitza dirudien arren, euskaldunak hiltzen baimentzen zuen lege bat egon zen indarrean Islandian, mende askoan. Hango Cristian IV.a erregeak jarri zuen abian XVII. mendean, eta Islandiako buruzagi Ari Magnussonek bermatu zuen, harik eta 2015ean legea indargabetu zuten arte. Pasarterik esanguratsuena 1615ean jazo zen. Urte hartan, Euskal Herriko hamabi galeoi txiki abiatu ziren Norvegiarantz, balea bila. Haietako hiruk, ordea, Islandiara lekualdatzea erabaki zuten, eta itsasontziak buelta egiteko prest zeudenean, ekaitz bortitz batek astindu zituen hiru baleontziak, eta aingurak puskatu zizkien. Lehorra jo eta hondoratu egin ziren. Laurogei marinel irten ziren onik, eta haien asmoa Euskal Herrira itzultzeko itsasontzi bila irlaren hegoaldera jotzea izan bazen ere, gauzak okertu egin zitzaizkien.
“Hurrengo egunetako gorabeherak Islandiako hainbat sagatan [bertso idatziz osaturiko liburuak] daude bilduta”, jakinarazi du Agotek. “Hiru taldetxo osatu zituzten euskal marinelek, sakabanatuta helburura iristeko aukera handiagoa izango zutelakoan. Bi talde oso gertu ibili ziren, baina hirugarrena dezente aldendu zen hegoaldera”. Galbidea izan zen azkeneko horientzat.
Islandiarrek euskal marinelak harrapatu zituztenean, banan-banan hil zituzten. Datuen arabera, oso modu bortitzean egin zuten sarraskia; Martin de Villafranca izeneko kapitain baten kasua ekarri du gogora Agotek: “Oso gizon handi eta gihartsua zen, eta aizkorakada bat eman zioten bizkarrean. Hala eta guztiz ere, gai izan zen uretara salto egin eta itsasoan igerian latinez abesten hasteko [otoitzak, ziurrenik]”. Agotek azaldu du nola, erabat harrituta, islandiarrak txalupan Villafrancarengana hurbildu ziren, eta harriak bota zizkioten. Ondoren, harrapatu, hondartzara eraman eta bertan labankadaz hil zuten. Antzera hil zituzten gainontzekoak. “2015ean hainbat islandiarrek erabaki zuten pasarte hori oroitzea. Hori dela eta, ikerlariak pasartea ikertzean ohartu ziren ordura arte indarrean egon zela euskaldunak hiltzea baimentzen zuen lege bat”, zehaztu du Agotek. Euskal Herria eta Islandia batuko dituen proiektuaren bidez, horrelako pasarte historikoak omendu baino gehiago, “oroitarazi” egin nahi izan dituzte.
‘Apaizac obeto’, aitzindari
Islandiakoa ez da Albaolak nazioartean garatu duen proiektu bakarra. 2004an hasi ziren duela hainbat mendetako balea txalupen erreplikak eraikitzen, Kanadako zenbait ikerlariren txostenak erabiliz. Islandiako zentroan horrelako baleontzi bat egiteko asmoa ere badute. Bi urte geroago, 2006an, Apaizac obeto espedizioa antolatu zuen Pasaiako itsas faktoriak, Kanadako Ternuan, Quebecen eta Red Bay herrian barrena. XVI. nahiz XVII. mendeetako euskal balea arrantzaleek utzitako arrastoak berreskuratzea zen haien helburua. Agote bera izan zen espedizioaren zuzendari, eta Jon Maia Soria kronikagileak liburu bat argitaratu zuen. “Garai hartako arropekin, arraunean nabigatu genituen 2.000 kilometro baino gehiago”, esan du Agotek.
Leave a Reply