U. Zubeldia
24 urte baditu jada Eibarko Kokein taldeak, baina biziberrituta dabiltza Atomika azken diskoarekin —iazko abenduan aurkeztu zuten—. Eskoriatzako Errekan gora musika jaialdian ariko dira gaur, 22:30ean. “Plazer hutsa da horrelako jaialdiak edukitzea”, esan du Zaloa Urainek (Eibar, 1976), Kokein taldeko abeslariak.
Joan den asteburua mugitu samarra eduki zenuten, Eskoriatzan izango zarete gaur… Bete-betean zabiltzate azkenaldian, ezta?
Gustura gabiltza, bai. Oso ederra da disko bat grabatzea, baina guri oholtzara igotzea gustatzen zaigu bereziki. Kontzertu gehiago nahi izaten ditugu beti, baina, tira… Eibarren aritu ginen ostegunean, Arrateko jaietan, eta Nabarnizen [Bizkaia] ostiralean. Hogei kontzertu baino gehiago eman ditugu jada, eta bada zerbait.
“Gehiago nahi”, esan duzu. Zail al dago kontzertuak lotzea?
Baietz esango nuke. Talde batzuek jende asko mugitzen dute eta aukera izaten dute jotzeko. Baina kalitate handiko beste talde eta sortzaile askok ez dute edo dugu aukera askorik izaten. Ez da erraza eremu txikietan lanak aurkeztea; eremu handietan nabari da mugimendua bereziki, baina ez da batere erraza hor sartzea. Hala ere, aukerak badaude, eta dauden horiei heltzen diegu guk.
Iazko abenduan aurkeztu zenuten zuen zazpigarren diskoa: Atomika. Indarrean iritsi zineten. Zer ibilbide egiten ari da?
Oso pozik gaude. Jendeak harrera ona egin zion diskoari, eta oso bide polita egiten ari gara. Oso momentu onean gaude talde gisa, eta Atomika-ri bestelako dimentsio bat ematen lagundu digu horrek. Oso positiboa izaten ari da azken urtea.
Rockaren berezko esentziari eutsita, baina garai berrietara egokitzen asmatu duzuela goratu izan dute hainbat musika adituk. Hala al da?
Tira, ez nuke ezetz esango. Egia da aurretik atera genuen bi abestiko lanarekin, Lera-rekin, Itzalak abestian jada egin genuela aldaketarako apustu txiki bat. Geure nahiei eta desioei kasu egin izan diegu guk beti. Gu oso ondo sentitu ginen Itzalak abestiaren sorkuntza lanean, dantzarako aproposagoa zen eremu horretan. Atomika-ri begira nahita mantendu dugu joera hori; pandemiaren ondoren, dantzarako gogoz gaude. Ikertzeko aukera ematen digu musikak, sortzaile modura konfort egoera horretatik ateratzekoa. Gure oinarria hor dago, baina polita da beste eremu batzuetan sartzea eta hor ere oso gustura sentitzea.
Eskoriatzan izango zarete gaur iluntzean, Errekan Gora jaialdian. Gune handi eta erraldoietatik, gune txikietara ere iristen zarete tarteka. Nolako guneak dira Eskoriatzakoaren gisakoak?
Egon gabeak gara Errekan Gora jaialdian, eta oso gustura goaz, nahiz eta ezagutu gabe ezin dudan esan nolako jaialdia den. Oso ideia polita da Eskoriatzakoa, estilo desberdineko talde asko elkartzen dituztelako beti eta hamabost urte bete dituztelako jada. Ondo dago estilo jakin bateko jaialdiak izatea, baina baita guztiei tokia egitea ere. Oso musikazaleak gara taldekide guztiok, eta oso aberatsa da gauza desberdinekin topo egitea; asko ikasten da horrela. Plazer hutsa da horrelako jaialdiak edukitzea.
Hiruzpalau urteko bizitza izan dute zuen azken diskoek, eta pentsatzekoa da, beraz, 2025-2026 arte sormen lanera mugatuko zaretela berriz ere, ezta?
Ez dakigu, ez dakigu… Oso lasai egoten gara kontu horrekin. Disko bat grabatzen dugunean, disko horretaz gozatzeko denbora izatea gustatzen zaigu. Ez gara musikatik bizi, eta norberaren lanaren arabera ere antolatzen dugu dena. Atomika-rekin gozatzen ari gara orain; oso gustura gelditu ginen diskoarekin, eta hala gabiltza kontzertuetan ere. Oraingoz, ez dugu ikusten amaierarik edo etenik.
Leave a Reply