Antzerkia: barnea kanporatzeko

Antzerkia: barnea kanporatzeko

Jone Arruabarrena

Denok daukagu zerbait kontatzeko, baina, batzuetan, zer kontatu nahi dugun galdetzen digutenean, ez dakigu barruko hori ateratzen. Baina, bai: guzti- guztiok daukagu kontatzeko zerbait”. Amancay Gaztañaga aktore, abeslari eta antzerki zuzendariaren hitzak dira. Baina nola atera barruko hori? Antzerkiaren bidez ematen diote bide Gaztañagak berak sortutako Zestoako Eromen antzerki eskolan. Barneko hori ateratzeko ez du ardura adinak edo hizkuntzak. Horregatik, adin ezberdinetako jendea biltzen da bertan, baita euskara jakin gabe klaseak euskaraz hartzen dituztenak ere. Aurten ere zabalik ditu ateak; urriaren 2ra arte dago irekita matrikulazio epea.

Aurten hamahiru urte beteko ditu eskolak. Gaztañagak sortu zuen, hamabi urtez Madrilen interpretazioaren inguruan formatu ondoren. “Herri txikietan kultura pribilegio bat bihurtzen da, azkenean. Oso gauza gutxi egoten dira, eta norbaitek interpretazioko ikasketa batzuk egin behar baditu, logikoena da herri handiago batera joatea”, azaldu du. Zestoa txikia izanik —3.750 biztanle—, bertako herritarrei aukera hori ematea erabaki zuen; besteak beste, eskola zabaltzea. Orduz geroztik, urtero antolatu dituzte antzerki ikastaroak, eta Zestoako herritarrak ez ezik, inguruko herrietatik ere agertzen da jendea.

Amancay Gaztañaga

Esaterako, Lourdes Galarraga. Azpeitian bizi da. “Pentsatzen nuen eskolara joateak lagunduko zidala pertsonalki hobeto adierazten. Erronka bat zen niretzat. Ematen du gure adinarekin lotsak edo beldurrak gaindituta dauzkazula, baina ez da egia. Antzerkiak egoera berezietan jartzen zaitu, eta hor azaltzen diren horiek guztiak lantzeko aukera bat da”. 68 urte dauzka Galarragak, eta Zestoako bainuetxeko kafetegiko terrazan bildu da antzerkiko kide dituen Anjel Heredia eta Nara Aialarekin. Hiruretatik gazteena da Aiala; 16 urte ditu, eta horien erdiak eman ditu jada antzerki eskolan: “Nik txiki-txikitatik, telebista ikusten nuen bakoitzean, amari esaten nion telebista barruan egon nahi nuela. Beraz, amak antzerki eskolara eraman ninduen 8 urterekin, herrian bertan zegoela aprobetxatuta”. Ezberdina da Herediaren kasua: 63 urte ditu, eta duela hamar etorri zen Madrildik Euskal Herrira: “Beti gustatu izan zait antzerkia ikustea, eta hona etorri nintzenean, niretzat aukera bat izan zen antzerkian hasi eta, batez ere, euskara praktikatzeko”. Euskara txukunean mintzo da orain Heredia. Gainera, askatasuna ere eman dio antzezteak: “Niretzat beste mundu batean bizitzea da. Katerik gabe. Antzezten dudanean ez naiz Anjel Heredia. Beste pertsona bat naiz, eta pozik bizi naiz”. Garraiolaria da, eta lanetik irten eta eskolara etortzean, “bat-batean libre” sentitzen dela dio. Antzeko sentsazioa dauka Galarragak; antzerkia beretzat “askatzailea” izan dela dio: “Jolasak egiten ditugu, eta, jolas horietan, azkenean, barruan daramazun umea libre uzten duzu. Gu haurrak ginenean, ez geneukan aukera hori jolasteko eta libreki adierazteko”.

“Ahaldundu egiten zaitu”

Libre uzte horrek badauzka bere zailtasunak, Galarragarentzat: “Batzuetan alde egin nahiko zenuke. Behartuta ikusten duzu zeure burua askatzera. Baina libre uzten duzunean, irteten da barruan daukazun hori, eta oso aberatsa da hori”.

Antzerkian hasi zenean, lotsa eta beldurra gainditzea helburu zuen, eta, horren erakusgarri, zortzi urteren ondoren, Galarraga Emakunderen publizitate kanpainetako baten irudi ere izan da: “Horrelakoetan ere asko laguntzen du antzerkiak, baita eguneroko gauzetan ere. Ahaldundu egiten zaitu, eta edozein esparrutara eraman dezakezu”.

Zestoako Eromen antzerki taldea

Antzeztea “dena ahazteko momentu bat” da, ordea, Aialarentzat: “Nire arazo pertsonalak ahazten zaizkit, eta, gainera, beste pertsonaia batzuk sortzeko orduan, zeure burua askoz hobeto ezagutzen hasten zara”. Izan ere, fikziozko pertsonaiak sortzeko modua da Eromenek daukan berezitasunetako bat. Urte osoan inprobisazioak eta bestelako ariketak egiten dituzte, eta ikasturte amaierako obra bat sortzen dute, azkenean. Gaztañaga zuzendariak ez die aldez aurretik ematen horretarako rol zehatzik; kontrara, inprobisazioetan eskolako kide bakoitzetik etengabe ateratzen diren ezaugarriak batuta, bakoitzarentzako pertsonaiak sortzen ditu, eta, gero, guztiak batzen ditu istorio batean. “Gehienetan, inprobisazioetan egiten ditugun pertsonaietan igarri egiten da zer izan nahi dugun, eta hortik ateratzen du pertsonaia. Gu jolasten ari gara, eta gero Amancayk erkatzen ditu pieza guztiak”, dio Aialak. Herediak gehitu du, esaterako, ezaugarri jakin batzuk errepikatzen direla bere pertsonaietan: “Beti dira antzekoak: makarrak, bizkartzainak… Nire barruan daramadala dirudi”.

Hiru kideek diote zuzendariak “magia” egiten duela pertsonaiak sortzeko orduan, baina Gaztañagak antzezleei egozten die meritua: “Niretzat oso garrantzitsua da inprobisazioaren bidez, lehendabizi, haiek kontatu nahi duten hori zer den bilatzea, eta gero nik pixkanaka horri bide ematen diot. Baina, azkenean, bakoitzarena da hor dagoen magia hori”.

Belaunaldien artekoa

Adin ezberdinetako antzezleak batzeak ere berezi egiten du antzerki eskola. “Gaur egungo sistemak sortu du adinen araberako banaketa hori. Baina, nire ustez, hori antinaturalagoa da guk eskolan egiten duguna baino. Antzerkian, beti tokatzen zaigu belaunaldi ezberdinetako jendearekin lan egitea, eta lankidetza hori da, azkenean, gizakiak harremanak izateko daukan modu naturala”, zehaztu du Gaztañagak.

Adibidez, Galarragari taldean hiru emakume heldu egokitu zitzaizkion joan den ikasturtean, baina gainontzekoak neska gazteak ziren. “Sorpresaz” hartu zuen: “Arraroa egiten zait, ni 16 urterekin ez bainintzen haiek bezalakoa. Ikusten nuen uzten ziotela beren buruari umeak izaten, baina gero inprobisatzen hasten ginen eta sekulako kemena ateratzen zuten”. Aiala izan da talde horretan egon den gazteetako bat, eta aitortu du “oso eroso” sentitu dela: “Gazteok hasieran ez genuen sartu nahi helduen taldean, baina balio izan digu gure erosotasun eremutik ateratzeko. Ederra izaten da gero jende heldu hori kalean ikusi eta jakitea esperientzia berbera partekatu dugula, adin desberdina izan arren”.

Euskaratik eta euskaraz

Hizkuntza da antzerki eskolaren beste zutabeetako bat. “Guk euskaraz sortzen dugu dena. Duela hogei urte Euskal Herrira iritsi zen ikasle bat daukat, esaterako, inoiz ez dena ausartu euskaraz hitz egitera, eta orain antzezlan bat egingo du euskaraz”, dio Gaztañagak. Uste du antzerkia tresna ona dela hizkuntza aldetik ere askatzeko: “Gorputzetik abiatzen den jolas bat denez, hizkuntza geroago dator, eta uste dut oreka perfektua sortzen dela beldur hori gainditzeko”.

Herediaren kasua da beste adibide erakusgarri bat. Artean Madrilen bizi zela hasi zen euskara ikasten, eta Euskal Herrira etortzean zortzi hilabete egin zituen barnetegi batean; gero sartu zen antzerkira: “Ez da gauza bera euskaltegian ikasi edo gero praktikara eramatea. Hasieran kostatu egiten zitzaidan azalpenak ulertzea; Amancayk ele bitan egiten zituen, eta euskaraz egiteak ere beldurra ematen zidan. Baina orain ez daukat arazorik. Euskalki propio bat ere badaukat: Vallecaskoa [Madril]”.

Zestoako Antzerki Astearekin bukatzen dute ikasturtea urtero. Herriaren sarreran dagoen industrialde batean egiten dute, autokarabanak konpontzeko erabiltzen duten pabiloi bat baliatuta. Haiek bihurtzen dute antzoki astebeterako. Antzerki eskolak prestatutako obraz gain, beste leku batzuetatik ekartzen dituzte antzezlanak, eta hausnarketarako beta ere izaten da. “Urte batzuetan mila ikusle baino gehiago bildu izan ditugu Zestoan. Herriak ez dauka antzezteko agertoki egokirik, eta saiatzen gara dauzkagun baliabide urriekin zerbait duina egiten”, azaldu du Gaztañagak. Hala ere, gehitu du azken urteetan udalak geroz eta laguntza handiagoa ematen dietela: “Hemendik aurrera, espero dugu geroz eta gauza hobeak eta handiagoak egiten jarraitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.