Jon Miranda
Herbehereetako Leersumgo Kunstgilde eta Utrechteko Sttichting elkarteen, eta Euskal Herriko Azken Muga eta Euskuahaldunak elkarteen lankidetzaren emaitza da Mugarik gabe zizelkatzen erakusketa. Bi herrialdeetako 57 eskultoreren lanak biltzen ditu erakusketak, eta urriaren 7ra arte ikusgai izango da Tolosako Aranburu jauregian. Mostrak joan-etorriko bidea egingo du, gainera, urriaren 12tik azaroaren 5era Herbehereetako Den Dolder herrian izango baitira ikusgai artelan guztiak.
Euskuahaldunak elkarteko lehendakari Guillermo Olmoren esanetan, aspaldiko urteetan euskal eskulturagintza talde gisa Europara ateratzen den lehen aldia da. “Eskultura izan da euskaldunon forma artistikorik ezagunena, eta joan den mendearen bigarren erdian aitortza handia izan zuen nazioartean”. Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza aipatzen dira askotan. “Baina ezin ditugu ahaztu Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Agustin Ibarrola, Vicente Larrea eta beste zenbait artista. Euskal eskulturagintzak aro berri bat bizi du orain, eta garai batean nazioartean zuen oihartzuna berreskuratu nahi dugu. Europako gainerako artistekin harremana egitea da horretarako bidea”.
2021ean Azken Muga Tolosako arte eta kultur jaialdian antolatutako erakusketa batetik abiatuta osatu zuten iaz Gaurko Euskal Eskultura erakusketa; 115 euskal eskultoreren lanak bildu, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatu, eta, aldi berean, Euskuahaldunak euskal eskultoreen elkartearen sorrera bultzatu zuen egitasmo hark. Erakusketa Iruñeko Ziudadelan egin zuen geldialdian bisitatu zuen Huibert Straus nederlandarrak. “Txundituta” geratu zela dio, eta, Herbehereetako Leersum herriko Kunstgilde arte elkarteko kide ere badenez, euskal eskultoreekin harremana egiteko gogoa sentitu zuen: “Niretzat, eskulturak ez du mugarik; hizkuntza unibertsala da. Artista batek aisa ikus dezake lan bat bihotzarekin egina den, edo, besterik gabe, teknika menderatuta. Ikusten da euskal eskultoreek artelanetan euren arimaren parte bat jarri dutela”.
Ia urtebeteko lana behar izan dute Herbehereetako bi arte elkarteek eta Euskal Herrikoek erakusketa kolektiboa prestatzeko. Mugaz gaindi eskultoreek egindako trukearen emaitza da Mugarik gabe zizelkatzen.
Elkar aberastuz
Mostran parte hartu duten 57 artistetatik hamazazpi nederlandarrak dira. Strausekin batera, egunotan Euskal Herrian dira Kunstgilde eta Sttichting elkarteetako beste hainbat kide; tartean, Else Ringnalda. Hark ingurune naturaletan ezartzen ditu bere lanak; gehienetan, uretan. Herbehereetan obra publikoak dauzka jarrita laku eta urmaeletan. Tolosara ere ekarri ditu bere eskulturak, eta Oria ibaian egongo dira jarrita egunotan.
Askotariko lanak ikus daitezke erakusketan, baina artista nederlandarrek harriarekin egiten duten lanketan jarri du arreta Uxue Lasa Getariako eskultore eta Euskuahaldunak elkarteko kideak: “Hango emakume askok harriarekin egiten dute lan, eta hemen hori ez da ohikoa izaten. Oso ikusgarriak dira erabiltzen dituzten materialak, marmol berde eta urdinak, adibidez. Harrigarria egiten zait nola lantzen duten”. Lasaren ustez, beti egoten da zer ikasia kanpoko artisten lanetan, eta euskal eskulturagintzak bizi duen aro berrian trukeak euren ikuspegia aberastuko duen ziurtasuna du.
Aurki abiatuko dira artistak Herbehereetara, eta, Olmo eta Lasarekin batera, Angel Navas tolosarrak ere badu asmoa hara bidaiatzeko. “Gure eskultura mundura zabaldu nahi dugu; hemen ghetto batean sartuta bezala geratuko gara, bestela”. Ez da kasualitatea, dena den, Tolosa aukeratu izana Mugarik gabe zizelkatzen erakusketa jartzeko. Tolosak euskal eskulturagintzan izan duen garrantzia azpimarratu du Olmok: “Neurri handi batean, TEE Tolosako Ekinbide Etxeari esker, eskulturen ibilbide paregabea du Tolosak. Euskal eskulturagintzak bizi duen aro berri honetan ere herri hau gure dinamikaren erdigunean egotea nahi genuke”.
Lasak nabarmendu du nazioarteko proiekzioa dela Euskuahaldunak euskal eskultoreen elkartetik landu nahi duten arloetako bat: “Beste mugimendu batzuk dauzkagu orain Euskal Herrian, eta uste dut kanpoan erakutsi beharko dugula zer egiteko gai garen”. “Garai bateko artista handien itzalpean” jarraitzen dutela uste du Lasak. “Baina tendentzia eta lan egiteko modu berriak ditugu gaur egun. Besteak beste, emakume gehiago gabiltza euskal eskulturagintzan”.
Herbeheretarrak, “gogoz”
Lanketa berri horiek erakusteko bidaiatuko dute datorren urriaren 12an Euskuahaldunak elkarteko zortzi euskal artistak Herbehereetara. Den Dolder herrian erakutsiko dituzte euren lanak, eta, Strausek azaldu duenez, eurak “gogoz” daude euskal eskultoreak jasotzeko: “Dena prest dugu, eta pozez hartuko ditugu guztiak. Saiatuko gara guri hemen egin diguten harreraren parekoa egiten”.
Leave a Reply