Nerea Uranga
Bada Gipuzkoako hainbat udalek eskaintzen duten zerbitzu publiko bat, zeinak herritar ez-aktiboak herritar aktibo izatera bultzatzea duen helburu: Kirol Orientazio Zerbitzua. Udalek kontratatuta, hainbat herritan ari da orientatzaile lanean Maialen Alkorta (Bergara, 1986) Athlon kooperatibako jarduera fisikoen orientazio zerbitzuetako arduraduna; Gipuzkoan, Azkoitian, Aretxabaletan, Eibarren, Eskoriatzan, Oñatin eta Soraluzen dihardu. “Kirol orientazio-zerbitzua kontzeptua erabiltzen da zerbitzua izendatzeko. Kirola, bada, baina, batik bat, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua da gurea. Kirolak lehiaketa ere biltzen du barnean, eta guregana datozenak ez ditugu lehiara bideratzen; osasuna eta ongizatea oinarri direla eskaintzen zaie aholkua”, nabarmendu du Alkortak.
Uda ondorena izan ohi da herritarrek aholku eske zerbitzura jotzen duten garairik oparoenetako bat, baina Kirol Orientazio Zerbitzuak oinarrian beste erakunde, udal sail eta eragileekin “sare bat” du osatua, eta urte osoan hartzen dituzte erabiltzaileak. Nerabezarotik gorako edozein herritarrentzako zerbitzua da. “Askok uste dute adinekoei bideratutako zerbitzua dela, baina ez da horrela. Herritar orok izaten ditu ateak zabalik zerbitzu hau erabiltzeko. Oñatin eta Aretxabaletan, adibidez, nerabeekin, DBH4ko ikasleekin, esku hartze zuzena egin izan du Kirol Orientazio Zerbitzuak”.
Batez ere, bi bidetatik iristen dira erabiltzaileak zerbitzura: ahoz aho edota udalek egiten dituzten komunikazio kanpainen bidez zerbitzuaren berri izan eta beren kabuz agertzen diren herritarrak dira batzuk. Hala ere, zerbitzuaren erabiltzaile gehienak “tokian tokiko osasun etxeetatik eta gizarte zerbitzuetatik bideratutako herritarrak” izaten direla jakinarazi du Alkortak.
“Sarea” oinarri
Kirol Orientazio Zerbitzura norbere kontu doana, oro har, aholkua jaso nahian joan ohi da. “Kiroldegian zerbaitetan hasi nahi, eta zer aukera dauden jakitera etorri ohi dira asko; batik bat, aholkularitza gida eskatzen dutenak dira horiek”. Osasun etxeetatik edo udal gizarte-zerbitzuetatik bideratutakoek, ordea, “bestelako ezaugarri batzuk” dituztela azaldu du Alkortak: “Gizarte zerbitzuetatik Kirol Orientazio Zerbitzura bideratzen dituzten asko bakarrik bizi dira, eta ongizate emozional zaurgarria izaten dute. Osasun etxeetatik bideratutako erabiltzaileak, berriz, pertsona sedentarioak dira, obesitatea dutenak edota gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak”.
Behin orientazio zerbitzura joandakoan, jarduera fisikoan profesionala den teknikari bat izaten du bidelagun erabiltzaileak, eta bere egunerokoan jarduera fisikoa sustatzeko prozesua diseinatzen dute bien artean. “Askotan, kostatu egiten da aldaketa norberak bere kabuz egitea, eta, ondoan laguntza eta motibazio erremintak izanda, errazagoa da egunerokoan jarduera fisikoa egiteko helburu batzuk zehaztea”, azaldu du Alkortak.
Helburuak zehaztu aurretik eta aholkularitza pertsonalizatua emateko, erabiltzaileari elkarrizketa egin eta haren inguruko hainbat datu biltzen dituzte, historia klinikoa aztertzen dute eta pertsonaren gaitasunak (indarra, mugikortasuna, oreka, martxa…) neurtzen dituzte. “Ezertan hasi aurretik, zerbitzuko profesionalontzat garrantzitsua da hainbat datu biltzea, bakoitzaren zaletasunak, baliabideak eta denbora librea kontuan hartzea, nondik hasi jakiteko”. Gero, jarraipenerako hitzorduak ematen dituzte hilero, eta sei hilabeteren buruan gaitasunak neurtzen dituzte berriro. “Era horretan, esku hartzearen arrakasta zenbatekoa den jakin dezakegu; hala nola herritar horren portaeran eta gaitasunetan aldaketarik izan den edo onurarik izan duen”.
Baita taldean ere
Taldeko jarduerak ere antolatzen dituzte Kirol Aholkularitza Zerbitzuaren bueltan; Azkoitian, esaterako, ostegunero Pasira egitasmoa egiten dute, eta astearteetan eta ostiraletan saio praktikoak egiten dituzte arnasketa, indarra eta mugikortasuna lantzeko. “Jarduera fisikoa egiteko ohiturarik ez duten herritarrengan onura fisikoak lortzea du helburu Kirol Orientazio Zerbitzuak, baina erabiltzaileen ongizate emozionala eta sozializazioa ere lortu nahi ditugu taldeko ekintzekin”.
Alkortaren esanetan, aholkularitza zerbitzuetan jasotako adierazleak eta datuak garrantzitsuak dira banakako prozesuen zein zerbitzuaren bilakaera ezagutzeko. Kirol Orientazio Zerbitzuaren erabiltzaile gehienak emakumeak dira, adinekoak izateko bidean direnak asko; erabiltzaileetatik %40k aldatzen dute, berriz, jarduera fisikoarekiko eguneroko jokabidea. Gainera, erabiltzaileetatik %50ek hobetzen dute indarra, eta %20k mugikortasuna.
Nola nahiz non ekin ez dakienak tokian tokiko Kirol Orientazio Zerbitzura jo besterik ez du, haien aholkua akuilu izateko.
Leave a Reply