“Ezingo nuke irudikatu nire bizitza musikarik gabe”

“Ezingo nuke irudikatu nire bizitza musikarik gabe”

Jone Arruabarrena

Duela 58 urte jaio zen Marije Ugalde (Bergara, 1965), eta bizitza guztia musikaz blaituta gogoratzen du. Hona datu batzuk: 21 urte dira Bergarako musika eskolako zuzendaria dela; 25 urte bete ditu hura kide den Kea musika taldeak, eta 30 urte dira Bergaran senarrarekin batera euskarazko musikalak egiten hasi zela. Harentzat “bizitzeko modu bat” da musika.

Izan zen musikarik zure haurtzaroan ere?

Bai, etxetik jaso nuen musika. Modu profesionalean inork ez du jorratu etxean, ni izan naiz bakarra, baina ama baserri batekoa da, eta han, birraitonak, aitonak, amamak… denek abesten zuten. Familian izan ditut dantzariak eta bertsolariak ere; hori txikitatik bizi izan dut. Ama ere etxean egunero ibiltzen zen abesten. Azken batean, musikaren kultura hori Euskal Herriko etxeetan egon da, galtzen ari den arren.

Musikaren mundura bultzatu zintuzten?

Ez, ez ninduten bultzatu; neuk eskatu nuen musika ikasteko.

Zer da musika zuretzat?

Bizitzeko modu bat da. Txikitatik, etxean, modu batera bizi izan dut, eta arlo profesionalean, beste modu batera, baina, gaur egun, ezingo nuke irudikatu nire bizitza musikarik gabe. Musika egitea gustatzen zait, baita entzutea ere.

Noiz izan zenuen lehenengo kontaktu akademikoa musikarekin?

Gurasoei esan nienez musika ikasi nahi nuela, lagun batzuk elkartu eta Asuntxirengana [Gallastegi] joan ginen, etxean bertan eskolak ematen zituen Bergarako emakume batengana, solfeoa ikastera. Azkenean, lagunetatik nik bakarrik jarraitu nuen. Hala ere, uste dut txikitan taldean joatea garrantzitsua izan zela. Gero, mojekin hasi nintzen musika ikasten, orduan hemen ez zegoelako musika eskolarik.

Solfeoarekin hasi zinen, baina gero beste gauza batzuk ere ikasi zenituen?

Bai. Hasieran, solfeoa bakarrik ikasten nuen, eta asko gustatzen zitzaidan, beti disfrutatu izan dut. Gero instrumenturen bat ere jo nahi nuen, eta hiru aukera bakarrik zeuden: gitarra, pianoa edo akordeoia. Nik pianoa nahi nuen, baina aitak esan zidan piano bat ez zela sartuko etxean, eta, beraz, akordeoiarekin hasi nintzen. Lehenengo, hemen, Bergaran, eta gero Donostiara joaten hasi nintzen, eskolak hartzera.

Hori nahikoa ez, eta kantuan ere hasi zinen.

Bai. Akordeoi ikasketak bukatzerako jada kantatzen nuen abesbatzetan. Txikitatik kantatu izan dut eskolakoan, baina Aritzeta abesbatzan 19 urte ingururekin hasi nintzen. 22 urterekin bukatu nituen akordeoi ikasketak. Gero, Zaragozako [Espainia] kontserbatoriora joan nintzen urtebetez, lanera, akordeoi irakasle. Aldameneko gelan neukan kantu klasea, eta dena entzuten nuen. Hor erabaki nuen kantua ikasi nahi nuela. Euskal Herrira bueltatzean hasi nintzen kantu ikasketekin: lehenengo, kontserbatorioan, eta gero, Isabel Alvarezekin.

Zer esanahi izan du Alvarezek zure ibilbidean?

Harekin hasi nintzen kantua ikasten. Beti bultzatzen ninduen ikastaroak egitera eta beste leku batzuetara mugitzera, eta horrela hasi nintzen mugitzen: Italian egon nintzen ikasten, baita Herbehereetan ere… Antzinako musikarekin zerikusia zeukaten ikastaroetara bideratzen ninduen, batez ere. Jada lanean ari nintzen, eta, beraz, oporrak aprobetxatzen nituen horrelako gauzak egiteko. Horrela hasi nintzen, eta, azkenean, kantuko goi mailako titulua atera nuen.

Antzinako musikan ere sakondu zenuen gero.

Hala da. Isabel Alvarez aditua zen antzinako musikan, eta hark sartu zidan grina. Capilla Peñaflorida taldean hasi nintzen; garai hartan Euskal Herrian antzinako musika egiten zuen talde bakarra zen.

Zer ekarri zizun?

Mundu bat zabaldu zitzaidan. Entsegu bakoitza ikastaro baten parekoa zen niretzat, Roberto Ugarte, Juanjo Mena eta Carlos Mena abeslariekin kantatzen bainuen, besteak beste. Oso urte politak izan ziren: kontzertu pila bat egiten genuen, gaur egun ere oso gutxi ikusten diren antzinako instrumentuekin.

Zeintzuk dira antzinako instrumentuak?

Esaterako, viola da gamba, irristailudun tronboia, korneta…

Hortik Kea taldera salto egin zenuen. Nolakoa izan zen batetik besterako aldaketa?

Bai, geroago sortu zen Kea taldea, eta 25 urte bete zituen iaz. Enrique Azurzak sortu zuen, eta hartan ere pila bat ikasi nuen, antzinako musikarekin konparatuz oso ezberdina den arren. Gaur egungo musika egiten dugu.

Contuctus Ensemble taldean ere sartu zinen. Nolatan?

Capilla Peñaflorida taldea desagertu egin zen gero, eta, Conductus Ensemblek ere antzinako musika egiten duenez, hartan sartu nintzen, Andoni Sierrak zuzenduta. Proiektu oso politak egiten ditugu hor ere.

Marije Ugalde

Kantuan. Argazkian, Marije Ugalde Gorka Hermosaren Urretxutik mundura abestia abesten, Bergarako seminarioan egindako emanaldi batean. Ekitaldi ugaritan parte hartu ohi du Ugaldek.

Nola uztartzen dituzu horrenbeste gauza?

Musika eskolako zuzendaria naiz duela 21 urtetik, eta eskolaren jarduerarekin ere uztartu behar dut hori guztia, baina beti argi izan dut lehentasuna eskola dela. Asko gustatzen zait erakustea, baina uste dut erakusten duenak ere etengabe ikasten eta trebatzen aritu behar duela. Erakusten soilik ariko banintz, zerbait falta zaidala sentituko nuke, eta, horregatik, inoiz ez dut arlo hori utzi nahi izan.

Kontu bat da pasioz bizitzea musika, eta beste bat pasioz erakustea. Zuretzat zer da musika irakastea?

Betidanik gustatu izan zait. Umeekin lan egitea oso aberasgarria da niretzat, haiek nola ikasten duten ikustea. Helduek esperientzia handiagoa daukate, baina umeengan argi ikusten duzu garapena, nola ikasten duten. Norberak ere asko eman behar du, baina asko jasotzen da bueltan. Beti erakusten jarraitzea gustatuko litzaidake.

Posible da musika lan moduan soilik hartzea? Edo arlo pertsonala ere blaitzen du ezinbestean?

Nahiko zaila da. Zorionez, etxean beti eduki izan dut laguntasuna. Senarra ez da musikaria, baina zalea da, eta asko gustatzen zaio musika. Gure seme-alabek ere musika ikasten dihardute, eta, beraz, azkenean, oso zaila da bata bestetik bereiztea. Dena bat da: nire bizitza musika da, azken finean.

Hain zuzen, senarrarekin batera hasi zinen musikalak antolatzen. Nola otu zitzaizuen?

Valen [Valen Moñux, senarra] izan da beti bultzatzaile nagusia. New Yorken musikal bat ikusi berria geneukan, eta pentsatu genuen guk ere egin genezakeela horrelako zerbait. Orduan, ni musika eskolan ari nintzen lanean, eta senarra musika eskolako ikaslea zen; hizkuntza musikala ikasten ari zen. Beraz, hura, orduko musika eskolako zuzendaria eta beste batzuk elkartu ginen, eta denon artean erabaki genuen musikala egitea.

Euskaraz egindako lehenengo musikala izan zen?

Bai; garai hartan ez zegoen besterik. Hasieratik argi geneukan euskaraz izango zela, eta alde horretatik ere asko lagundu ziguten; besteak beste, testuak itzultzeko orduan. Ingelesetik zuzenean itzuli genituen euskarara.

Oraindik ere jarraitzen duzue musikalekin?

Bai. Lehenengo musikala egin genuenetik 30 urte beteko dira urtarrilean. 1994an estreinatu genuen Miserableak euskaraz. Azken urteetan gauza pila bat egin dugu: musikal handiak eta ipuin musikatuak umeekin, haiek ere mundu horretara hurbildu daitezen.

Seme-alabek ere musikaren bidea hartu dute. Nola hartu duzu zuk?

Oso pozik nago. Askotan gertatzen da musikari profesionalen etxeetan seme-alabek musikaz ezer jakin nahi ez izatea, baina gureak txikitatik hasi ziren musika eskolan biolina jotzen ikasten, 3 urte zituztenetik. Orduan ez genekien, noski, nola bukatuko zen kontua, baina biek hasieratik oso argi izan dute musika ikasi nahi zutela. Guk babestu egin ditugu seme-alabak, baina haien erabakia izan da.

Zertan dabiltza orain?

Seme zaharrena Herbehereetara joan zen 17 urterekin, tuba ikastera; orain, Suitzan dago, masterra egiten eta hango orkestra batzuetan jotzen. Alabak, berriz, biolinarekin jarraitu zuen, eta Alemanian ari da ikasten.

Zer proiektu dituzu etorkizunerako?

Musika eskolak berrogei urte beteko ditu laster, eta urteurrena ospatzeko hainbat proiektu dauzkagu martxan. Esaterako, Bretxa musikala sortu dugu, eta Donostian eta Bergaran aurkeztu eta gero, beste toki batzuetan antzezteko asmoa daukagu. Kea taldeari dagokionez, elkarlanean arituko gara proiektu baterako; hain zuzen ere, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.