Unai Zubeldia
Aukera bat da Gipuzkoan Gazte Tour, musikari gazteenak bidea egiten hasteko proiektu bat. 16 eta 25 urte arteko musikariei oholtza bat eskaintzen die, “baina gazteen euren beharrak eta nahiak zein diren entzunda”, zehaztu du Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuko zuzendariak. Bihar hasiko da udazkeneko Gipuzkoan Gazte Tour jaialdia, Arrasaten (19:30), Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexkoren emanaldiekin, eta Zarautzera (urriak 7), Zumarragara (urriak 21), Errenteriara (azaroak 4) eta Hondarribiara (abenduak 2) ere iritsiko da urtea amaitu aurretik. Ez gaur eta ez beste lau saioetako bakar batean ere ez da sarrerarik ordaindu beharko. Hamabost talde ariko dira guztira udazkenean, goi mailakoak batzuk eta behetik gorako bidean doazenak beste batzuk. “Oso formula ona da artista ezagunak eta hain ezagun ez direnak oholtza berean elkartzea”, ziurtatu du Palenciak.
Gaztemaniak proiektua dauka oinarrian Gipuzkoan Gazte Tour jaialdiak; 2018an aldatu zioten izena. “Programa bera hasierako helburuetatik urruntzen ari zela nabaritu genuen: gazteei musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera eskaintzea”. Bidegurutze baten modukoa izan zen duela bost urtekoa. “Eta asmatu genuela uste dut, indartzen ari delako urtez urte. Jende asko joaten da artista berri horiek ezagutzera”.
Eskualde guztietara
Palenciak argitu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako proiektua ez da musika jaialdi soil bat. “Gazteria Departamentutik koordinatzen dugu dena, tokian tokiko udalekin eta udalerri horietako gazteekin. Gipuzkoako eskualde guztietara iristea da helburua. Duela bi urte, sei udalerri zeuden sartuta zirkuituan, eta bederatzira igaro ginen iaz. Horri eutsi diogu aurten ere”. Udaberrian egin zituzten lehen lau saioak: Eibarren (apirilak 15), Ordizian (apirilak 22), Andoainen (maiatzak 13) eta Tolosan (maiatzak 20). “2.500 gaztek parte hartu zuten lau jaialdi horietan; erabateko arrakasta izan zuten”, zehaztu du Palenciak.
Musika dauka oinarrian jaialdiak. “Baina udalerriz udalerri egokitu egiten da proposamena”. Udalerri bakoitzeko gazteen interesei segika, gai jakin batzuei buruzko masterclass-ak egin izan dituzte, dantza ikastaroak, grafiti lehiaketak edo bestelako lanketa batzuk. “Baina egia da aurten musikak hartu duela ia protagonismo guztia”. Dena den, helburua ez da goi mailako kontzertu erakargarriak eskaintzea bakarrik, “baizik eta eskualde edo udalerri horretako artistei aukera ematea. Horregatik, jaialdi guztiek beti eduki behar izaten dute dagoeneko ezaguna den artista bat, baina baita udalerri edo eskualde horretako bakarlari edo talde bat ere”.
Biharko saioa aztertuta, Palenciak onartu du Arrasateko Monterron parkeak “beti” funtzionatu izan duela oso ondo. “Gogoan daukat, adibidez, duela bi urte zazpiehun pertsona zeudela Monterronen rap kontzertu bat entzuten”. Aldundiko Gazteria Departamentuko zuzendariaren hitzetan, “oso erakargarriak” izango dira Nhil “instrumentu asko elkartzen dituen Aretxabaletako taldearen”, Mirua “2021eko Gaztea irratiaren Harrobia lehiaketaren irabazlearen”, eta DJ Kiliki Frexko “Chill Mafia taldeko buruaren” emanaldiak. “Gipuzkoan Gazte Tour jaialdiaren gune nagusietako bat da Arrasate, eta inoiz ez du hutsik egiten”.
Udalerri gehiago eskean
Arrakastaren erakusgarri, Palenciak onartu du “udalerri dezente” ari direla dagoeneko ate joka. “Baina gutxieneko baldintza batzuk behar dira udalerri bakoitzean, eta eskualdeka funtzionatzen jarraitzeko asmoa daukagu”. Alegia, Oiartzunek eskaera egingo balu, adibidez, aztertu egingo lukete Errenterian edo Oiartzunen, non egitea komeni den. “Txandaka egin dezakegu, bestela. Unean-unean aztertuko dugu kasu bakoitza”. “Funtzionatzen duena ez ukitzeko” asmoa daukate jaialdiaren antolatzaileek.
Bereziki gazteak animatu ditu Isaac Palenciak bihar eta hurrengo lau jaialdietan parte hartzera. “Joan daitezela kontzertuetara, haiek gabe ezingo genituzkeelako antolatu horrelako jaialdiak”. Eta udalei ere “pauso bat emateko” dei egin die. “Denon artean gazteei gero eta programa hobea eskaini ahal izateko”.
Leave a Reply