Kerman Garralda Zubimendi
Ehozirigileek hitzordu bat dute, hurrengo asteburuan, Lazkaon: ehozirigileen bigarren topaketa egingo dute urriaren 7an, larunbatean, aste honetan Lazkaoko Jabetze Eskola Feministak aurkeztutako egitarauaren barruan. “Iazko topaketak izandako arrakasta kontuan izanda, aurten bigarrena egin beharra geneukan”, kontatu du Benita Goñi Lazkaoko Azki emakume elkarteko eta ehozirigile taldeko kideak. Goñik eta Azkiko beste emakume batzuek jardun dute antolaketa lanetan, Lazkaoko Udalaren laguntzarekin. “Iaz, ehun lagunentzako tokia antolatu genuen, eta azkar gelditu zitzaigun txiki. 150 ehozirigile elkartu ginen, azkenean. Aurten, berrehun izango gara, gutxienez”, aurreratu du.
Sortuko dituzten oihalen gisan, “hango eta hemengo emakumeen eta taldeen sarea ehotzea” da topaketaren helburua. Gipuzkoako eta kanpoko ehozirigileak elkartuko dira: Urretxu-Zumarragakoak, Andoaingoak, Zarauzkoak, Bilbokoak, Errioxakoak (Espainia)… “Ahalduntzea” ere aipatu du helburu gisa Lidia Hernandez Lazkaoko Udaleko Berdintasun teknikariak: “Oso irudi indartsua da berrehun emakume helduk plaza hartzea. Askok, gainera, autoa hartuko dute, adibidez, eta urte osoan ez dute gidatzeko aukera askorik izaten; gustuko arrazoi batengatik gidatuko dute oraingoan”.
Goñik zehaztu du “70 urte inguruko emakumeak” joaten direla, bereziki, topaketara, eta, horregatik, emakume gazteei gonbita egiteko ere aprobetxatu du aukera: “Probatzen dutenei gustatu egiten zaie. Kontua da zabalduta dagoela ehotzea zaharren kontua den ustea, eta kostatu egiten dela gazteak erakartzea”. Topaketara gizonen bat edo beste joaten dela gaineratu du Goñik. “Emakumeentzako juntadizoak izan arren, edonor etor daiteke”. Are, Lazkaoko Udalak “parte hartze aktiborako deia” egin die gizonei, “genero berdintasun erreala eta eraginkorra” lortzeko bidean “genero estereotipoak ezabatu” beharra daudela nabarmenduta. “Ez dago ehotzen jakin beharrik. Gainera, ikasteko oso une aproposak dira topaketak”, bota die amua Goñik hasiberriei.
Bakoitzak nahi duen lana egingo du Lazkaoko topaketan. Banaka zein taldean aritu daiteke, azken kasu horretan albokoak hasitakoari jarraipena emanda. Goñik, ordea, erantzun du berak ez duela ezer ehoko, penatan. “Dena behar bezala ateratzeko lanean arituko gara batzuk, eta ez dakit ehotzeko denborarik izango dudan”. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte urriaren 7rako. Esaterako, ehotzen aritzen diren eta joskintzako produktuak saltzen dituzten sei emakume eskulangilek postuak izango dituzte Lazkaon. Azkiko kideek erakusketa bat ere zabalduko dute egunean bertan, urte osoan ehotako oihalekin. Bazkaldu ere elkarrekin egingo dute guztiek.
Zaletasun “handia”
Lazkaoko ehozirigileen taldean hamar lagun ari dira gaur egun. “Lokal txikia dugu, eta mugatu egin behar izaten dugu bertaratu daitezkeenen kopurua. Trebezia nahikoa zuten batzuek utzi egin zuten duela urte batzuk, beste batzuei tokia egiteko”, azaldu du arduradunak. Duela hamabi urte sortu zuten taldea, Azki emakume taldearen babespean. Ordurako, hamabost urteko historia egina zuen taldeak eta hainbat azpisail sortuak zituzten. “Azkiko lagun batek besteoi erakutsi egin zigun ehotzen, eta horrela hasi ginen. Erakusten aritu zen hori, segituan, kanpora joan zen bizitzera, baina gainerakoek jarraitu egin nahi izan genuen, eta irakasle bat bilatu genuen”. Orduan jabetu ziren harien artean mundu oso bat zegoela: Errenteriako eta Azkoitiko topaketetan izan ziren aurrena; Zumarragan ere antolatu dute aurten lehen aldiz kidetze saio bat; eta Espainian ere izan dira: Logroñon eta Valladoliden. Bidean, “teknika berriak ezagutu, zaharrak hobetu eta lagunak egin” dituztela aipatu du Goñik.
Sare-ehunak, zulatuak edo zineztatuak egiteko teknika bat da ehotzea. Patroi simetrikoak, irudi geometrikoak edo loreak ehotzen dituzte normalean, eta hariak ehuntzeko, ehoziriak, orratzak edo kakorratzak erabil daitezke. Ehoziriei dagokienez, haria zurezko hariletan kiribiltzen da aurrena, eta, harilak elkarren artean gurutzatuz, hariak ehoz joaten dira. Lanak aurrera egin ahala, ehuna izeneko kuxin batean sartutako orratzen bidez eusten dute. Orratzen kokapenaren arabera, marrazki bat edo beste izango du oihalak. Oihal hori beste batzuetara jos daiteke edo bere horretan utzi.
Azki elkarteko ehozirigileek urte osoan antolatzen dituzte ekintzak eta erakustaldiak. Joan den asteko Lazkaoko Basherri egunean, esaterako, postua jarri zuten. Baserriko bizimodua eta lehen sektorea erakusteko eguna izaten da, eta artisau lana erakusten dute beti ehozirigileek. Lazkaoko festetan, sanprudentzioetan —apiril-maiatzetan—, kalera atera ohi dute jostundegia, herritarrek euren jarduna ezagutzeko.
Leave a Reply