Leyre Carrasco
Europako Batasuneko proiektu bat da Erasmus+, eta, berez, ikastetxeen arteko elkarlana sustatzeko, ikasteko esperientziak partekatzeko eta aniztasunarekin aberasteko helburua du. Azken urteotan, ordea, aldatu egin da errealitatea, eta gaur egun Erasmus+ programa “hezkuntza eremu eta sektore guztietara” zabaldu dela azaldu du Nekane Azurmendi Ibarrako Udaleko Kultura eta Gazteria teknikariak: “Lanketa batzuk egin ditugu Gaztematika sarean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalok lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sortutako sare publikoan. Azkenean, elkarlan horietatik sortu da gure azken proiektua ere”.
Ibarrako bertako haur, nerabe eta gazteen parte hartzea lantzeko Gaztematika sistema publikoaren barnean dagoen Parte Hartzea Sustatzeko Zerbitzua (PSZ) da Gaztezulo, eta Erasmus+ programan parte hartzen ari dira bertako hainbat gazte. Urriaren 10etik 15era Ibarrara etorriko dira Italiako hamabost gazte. Ireber Iglesias Erasmus+ proiektuko parte hartzaileak kontatu duenez, eurak “txantxa bati tiraka” sartu ziren Erasmus+ proiektuan: “Gaztezulon geunden arratsalde batean, egunen batean irteera bat egiteko ideia izan genuen, eta, asko pentsatu gabe, Alemaniara joatea proposatu genuen. Gurekin zegoen hezitzaileak Erasmus+ proiektuaz hitz egin zigun, eta ideia gauzatu genezakeela ikusi genuen”.
Proiektuan sartzeko “gaitasun teknikoak eta aurrekontu handi bati aurre egiteko baliabideak” behar direla esan du Ibarrako Udaleko teknikariak. “Guk, hasieran, 53.000 euroko aurrekontua genuen, eta, orain, 41.000 euroren bueltan geratu da. Horri aurre egiteko, ahalik eta aliantza gehien behar dira, eta guk Oñatiko Gaztelekuarekin egin dugu topo”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gaztematika sarearen aholkularitza eta laguntza ere jaso dute Ibarran.
Kultur aniztasunaren bueltan ariko dira lanean Ibarrako Gaztezulo zerbitzua eta Oñatiko Gaztelekua, Cultural Shake: Tomorrow Begins Today lelopean, eta Italiako Bedizzole herriko Arcus, Arte e Cultura Sociale elkartearekin egingo dute trukea. “Eromena izan da otsailera arteko tartea, ordura arte ez baikenekien italiarrekin egingo genuela trukea”, adierazi du Izaskun Urrestarazuk, Ibarrako Gaztezulo zerbitzuko hezitzaile eta Erasmus+ proiektuaren koordinatzaileak.
Lehen trukean, atzerapena
Lehen topaketa uztailean egiteko asmoa zutela gogoratu du Urrestarazuk. “Gazteek klaseak ez galtzeko, hori baitzen gurasoen kezka nagusietako bat. Prozesua, ordea, espero baino gehiago luzatu da, eta, proiektua otsailean aurkeztu genuen arren, uztailean onartu zuten”. Beraz, atzeratu egin behar izan dute lehen trukea. Azkenerako, urriko zubian —urriaren 12koan— egingo dute lehen topaketa. Era berean, eurena “hezkuntza ez-formalean onartuta dagoen proiektu bat” dela gehitu du Azurmendik. “Parte hartze soilarekin, titulu ofizialak lortuko dituzte partaideek”. Urriaren 10etik 15era, Zarauzko aterpetxean egongo dira gazte italiarrak, eta hainbat ekintza egingo dituzte Donostian, Oñatin eta Ibarran.
Urriaren 12an, berriz, ostegunean, Ibarran izango dira italiarrak, eta egun horretarako “egitarau zabala” prestatu dutela esan du Urrestarazuk: “Ibarrako kulturarekin zerikusia duten hainbat ekintza egingo ditugu, eta herriko hainbat elkartek parte hartuko dute”. Ibarrako kirol elkartearen laguntzarekin, bolo eta toka txapelketa egingo dute, adibidez; herriko sokatira taldearekin, herri kirolak; Alurr dantza taldearen ikuskizuna ere izango dute; eta Hauspoa elkarteak taloak egingo ditu, besteak beste. “Gaztezulo zerbitzuan Ibarran bizi diren jatorri eta kultura ezberdineko parte hartzaile ugari ditugunez, topaketa gastronomiko baten bidez ezagutarazi eta elkarbanatu nahi dugu aniztasun hori”, esan du Gaztezuloko hezitzaileak. Tolosa ere ezagutuko dute gazteek. Besteak beste, Topic bisitatu eta Hi Selfie lehiaketa egingo dute gazteek.
Instagram kontua
Egunotan azken gauzak antolatzen ari direla jakinarazi du Iglesiasek: “Taldeetan banatu gara, eta bakoitzak bere zereginak ditu. Finantzaketaz arduratzen naiz ni”, esan du Urrestarazuk. Proiektua hedatzeko, Instagram kontua sortu dute (@erasmuspluscultural_shake), eta hori kudeatzeko ardura ere hartu dute parte hartzaileek.
Proiektua gazteek planteatu eta egin dutela esan du hezitzaileak: “Oñatiarrekin eta italiarrekin elkarlanean aritu gara, baina gazteek bideratu dute eta eurak bideratzen ari dira dena”. Hiru urteko “prozesu luze bat” izan arren, “polita eta aberasgarria” izan dela ziurtatu du. “Erronka handia izan den arren, ez dugu gazteen atzetik ibili behar izan, haiek egin baitute bidea”.
Leave a Reply