Jon Joseba Leonardo: “Desabantailan daude merkatari txikiak”

Jon Joseba Leonardo: “Desabantailan daude merkatari txikiak”

J. Arruabarrena

Soziologia eta Politika Zientzietako doktorea da Jon Joseba Leonardo (Bilbo, 1952), eta hirigintza alorrean espezializatutako ikerketa soziologiko asko egin ditu. Esan duenez, gaur egun globalizazioak merkataritza txikian eragiten du.

Merkataritza txikia beheraka doa, eta ugaritzen ari dira frankiziak zein saltoki handiak. Zer faktorek eragiten dute fenomeno hori?

Arrazoi bat baino gehiago dago; gai konplexua da. Hiri zein herri bakoitzeko kasuak aztertu beharko lirateke zehaztasunez esateko, baina badaude guztietan behin eta berriz ageri diren bi faktore munduaren globalizazioarekin zerikusia dutenak: batetik, gaur egun gizarte digitalizatuetan bizi garela; eta, bestetik, saltoki handiak dituzten enpresek indarra hartu dutela eta estrategia erasokorra darabiltela.

Nola eragiten dio tokiko merkataritzari bizitzaren digitalizazio horrek?

Merkataritza elektronikoak sekulako eragina izan du arlo honetan. Amazon, AliExpress, eta antzeko enpresa handiak sortu dira, eta horiek denda fisikoek baino askoz ahalmen handiagoa daukate merkatua bereganatzeko: prezio apalagoak eskaintzen dituzte, eta irabaziak lortzeko tarte handiagoak. Esan daiteke oligopolio erregimen baten kontrola daukatela.

Hala ere, kontsumo ohiturak desberdinak dira adinari dagokionez, ezta?

Bai. Merkataritza txikiak oraindik funtzionatzen du 35 urtetik gorako adin tarteetan. Baina hortik beherako herritarrek, berdin du zer sektoretan, online komertziora jotzen dute. Guztiok dakigu merkataritza txikia babestu behar dela, baina liburu baten kasuan, esaterako, erosoagoa da online erostea. Horren ondorio eta adibidea da duela gutxi Donostian Lagun liburu denda itxi dutela.

Frankiziek ere arrakasta handia izan dute azken urteotan.

Oso estrategia erasokorra dute gaur egun nagusitzen ari diren frankiziek ere; hiri eta kale guztietan han eta hemen ageri dira behin eta berriz. Denda berdina aurki dezakezu Bangkoken eta Donostian.

Horien aldean, nola biziraun dezakete denda txikiek?

Aditu askok espezializazioa proposatzen dute. Gourmet erako denda bat, esaterako. Baina klase sozial jakin batzuentzako dendak dira horiek. Produktu beganoak saltzea ere izan daiteke beste adibide bat, baina marka handiak ari dira horrelako esparruetan ere sartzen.

Orduan, zer dendak lortzen dute aurrera egitea?

Turismoaren mundura bideratutakoek, esaterako. Edo kate handiek ordezkatu ezin dituzten komertzioek.

Saltoki handien estrategia ere aipatu duzu. Aldatu egin da azken urteetan?

Bai. Jada ez dira soilik periferian dauden saltoki handiak; hirietan eta herrietan ere sartzen ari dira, Carrefour Express eta antzeko formulak erabilita. Toki estrategikoetan jartzen dituzte saltoki txikiago horiek, eta bertako merkataritza ezin da horien aurka lehiatu. Balio komertzial zein higiezin handia daukaten eremuetan biltzen dira mota horretako dendak.

Alokairuen igoerak ere badauka zerikusia merkataritza txikiaren beherakadarekin.

Zer gertatu da alokairuekin? Putre funtsek higiezinen sektorea errentagarritasuna lortzeko oso aukera erakargarria bihurtu dutela. Amancio Ortega [Inditex kate handiko enpresari espainiarra] da horren adibide bat. Sektore horretan jabetza ugari dauzka, eta, putre funtsen bidez, etengabe inbertitzen du hirietako erdiguneetan, eraikin historikoak erosita, gero leku horietan bere saltokiak jartzeko. Beraz, arlo horretan ere desabantailan daude merkatari txikiak.

Turismoak ere ba al dauka zerikusirik, adibidez, Donostian eta antzeko hirietan?

Donostian zein Bilbon oso lurzoru garestia daukagu, eta horrek zerikusia dauka azken urteotako estrategia turistikoarekin. Euskal Herrian, esaterako, sukaldaritza da erakargarri turistikorik garrantzitsuenetakoa, baina ezin dira guztiak gastroteka erako luxuzko lokalak izan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.