U. Zubeldia
Sei urte beteko ditu laster Debagoieneko Nhil taldeak. 2017an sortu zuten proiektua, eta bigarren diskoari zukua ateratzen ari dira orain. Taldeko piano jotzailea eta abeslaria da Sara Alonso (Aramaio, Araba, 1999). Oñatin ariko dira gaur (19:00), eta Arrasaten bihar (19:30), Gipuzkoan Gazte Tour jaialdian.
Nola iritsi zitzaizuen Gipuzkoan Gazte Tour jaialdian parte hartzeko aukera?
Duela hilabete batzuk deitu ziguten udaletik. Debagoieneko talde batek presentzia izan zezan nahi zuten, eta gurekin gogoratu ziren.
Gazteek osatutako taldeentzat zaila izaten da oholtzak lortzea?
Mugimendua badagoela uste dut, baina ez dakit plurala den. Euskal Herrian kultura eta musika bereziki hazten ari dira, baina talde bakoitzak hartu behar izaten dio neurria. Gure kasuan, guk Debagoienean badaukagu lekutxo bat.
2017. urte amaieran sortu zenuten taldea. Bikote bat lehenengo, laukote bat gero, eta seikote bat azkenean, 2020an. Sei urte beteko dituzue laster. Nolako bilakaera izan du taldeak?
“Sei urte” esan eta harritu egin naiz ni ere. Asko da, baina ez dela hainbeste denbora pasatu sentitzen dut. Oso gordinetik hasi ginen, eta garapen naturala ari gara izaten. Poliki ari gara pausoak ematen. Gauza asko ari gara ikusten eta probatzen, presarik gabe.
Zuen musika pop eta funk estiloetan sartu izan dute denek, baina badauzkazue blues, rock eta jazz ukituak ere, ezta?
Oinarrian popa sortzen dugu, baina garapenak berak gerturatzen gaitu batzuetan rockera, beste batzuetan jazzera…
2020an iritsi zen zuen lehenengo diskoa: Aztarnak. Eta iaz, bigarrena: Bizi bagina bezala. Zein fasetan zaudete orain?
Bigarren diskoaren itxieran pentsatzen ari gara jada. Urte amaierarako aurreikusi dugu pauso hori, bidean zoazela ideia berriak ere sortzen direlako. Guk nahiago dugu une batean geratzea, ideia horiek garatzea, eta disko berri bat sortzea. Momentu onean gaude, eta ez dugu desagertu nahi denbora askoan. Baina orain arte ez du funtzionatu kontzertuak emateko eta aldi berean konposatzeko dinamika horrek.
Gitarra, baxua, bateria, pianoa, tronboia eta saxofoia jotzen dituzue, eta lau herritako sei taldekide zarete. Nola antolatzen zarete entseguetarako-eta?
Igandeetan entseatzen genuen orain arte, baina nahiko zaila izaten da denok koordinatzea. Hori bai, urteak ez dauka itxura txarrik. Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate, Aramaio [Araba]…; herri askotakoak gara, baina Aretxabaleta da gure gune nagusia.
Euskaraz eta ingelesez abesten duzue. Nolatan?
Hizkuntzarik gabe sortzen ditut nik melodiak. Batzuetan ingelesez ateratzen dira hitzak, melodiari lagunduz… Baina hasieratik argi esan genuen euskara dela geure hizkuntza. Euskarari gero eta presentzia handiagoa ematea da gure asmoa, euskaraz errazagoa delako jendearekin konektatzea. Bideak berak eraman gaitu batzuetan ingelesez egitera eta sortzera, baina hasieratik euskara da taldearen hautua.
Pianoarekin eta abesten aritzen zara zu. Bereziki norbait izan duzu eredu?
Bai. Taldean, hasieratik, Morgan Madrilgo taldea zen erreferenteetako bat. Orain, ordea, Olivia Dean Ingalaterrako 24 urteko neska bat dut nik eredu; hemen ez da hain ezaguna, baina bete-betean dabil Europan. Hura bezalakoa izan nahi dudala esaten dut beti.
Gaur Oñatin eta bihar Arrasateko Monterron parkean ariko zarete. Gune berezia da, ezta?
Oso berezia, bai. Daukan presentzia eta ingurunerako, Monterron gutxiegi esplotatzen dela uste dut. Oso zaila izaten da han jotzea, eta izugarria da guretzat.
Inguru eta talde bereziak, sarrera doan, eguraldi ona… Zer esango zenieke ezagutzen ez zaituzteten horiei?
Etortzeko, probatzeko. Zuzenekoa da gure indargunea, eta aukera bat emateko eskatuko nieke.
Leave a Reply