Sariak, memoria eta ‘sentipentsalaipenak’

Memoria artifizial edo elektronikoa bezain efikaz, efiziente eta eraginkorra ez bada ere, xarma berezia behintzat aitortu behar zaio giza memoriari, hain da apetatsua, aurreikusten zaila, harrigarria eta, askotan, iradokorra eta adierazgarria, bere aukeretan. Adibidez, duela hamar egun, hilak 19 zituela, jakin nuenean Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala emango diotela Patxi Zubizarretari, Zerria narrazioarengatik, Patxik duela hamarkada batzuk asmatu eta idatzitako hitz bat etorri zitzaidan segituan burura: sentipentsalaipenak.

Patxik 20 urte inguru zituenean idatzitako testu baten izenburua da hitz hori. Giza memoriak engainatzen ez banau —apetatsua ez ezik, gezurtia ere izaten baita sarritan—, Patxik irakurtzeko eman zidan testu hura, bazekielako ni ere horrelako zereginetan hasita nengoela. Zer ekarriko zigun ezin jakin zitekeen bide baten hastapenetan geunden biok, literaturarenean.

Giza memoria aski ez, eta elektronikora jo behar izan dut literatura arloko Sari Nazionala irabazitako euskal idazleen zerrenda osatzeko: Bernardo Atxaga (narratiba, 1989), Unai Elorriaga (narratiba, 2002), Mariasun Landa (haur eta gazte literatura, 2003), Kirmen Uribe (narratiba, 2009), Anjel Lertxundi (saiakera, 2010), Elena Odriozola (ilustrazioa, 2015), Juan Kruz Igerabide (haur eta gazte literatura, 2018), Miren Agur Meabe (poesia, 2021), eta Patxi Zubizarreta (haur eta gazte literatura, 2023).

Bidezkoak dira sari horiek guztiak. Nekez jarriko du zalantzan hainbeste eta gehiago merezi dutela saritutako idazleek. Baina giza memoriak duela hamar egun gogora ekarri zizkidan kontuen artean euskal idazle batzuek, aspaldixko, sari honi egindako ukoa ere bazegoen. Saria irabazi gabe, aurrez esan zuten ematen baldin bazieten ez zutela onartuko, sariak, izenetik beretik, jotzen duelako espainiartzat, Espainiako Naziokotzat, idazlea ez ezik haren literatura ere, Euskal Herri Kontinentaleko idazleak eta literatura aukera guztietatik kanpo utzita, jakina. Aurrerago, bestelako arrazoi batzuengatik, Euskadi Literatura Sariek ere izan dute uko irmorik euskal idazle ez gutxiren eta ez nolanahikoen aldetik, baina sarien ukoen historia lehenagotik zen hasia. Ez da oro urre sari kontuetan.

Alde onari begiratuta, idazleari dirua ez ezik —onura ukaezina— euskal literaturari prestigioa ematen dio Literaturako Sari Nazionalak. Baina sariak emandako prestigio horren aztarna handirik ez dut ikusten euskal literaturak gizartean duen presentzia errealean; liburu dendarik gehienetan, esaterako, edo jende gehienaren irakurketetan. Prestigioaren ur lurrintsua ur zikinarekin batera xurgatzen du diglosiaren estolda-zuloak.

Patxik badu pozik eta harro egoteko motiborik, egin duen ibilbide oparoa dela eta. Baina susmoa dut hark ere, bere belaunaldiko idazle gehienok bezala, sentipentsalaipenez baloratuko duela euskal literaturak azken hamarkadetan egindako bidea, ikusirik Patxiren eta beste hainbat eta hainbat idazleren arrakasta pertsonal zalantza guztietatik kanpokoa ezagutu duen unibertsoa, euskal literaturarena, sekulako aurrerapenak eginagatik ere norabide guztietan, zein ezkutuan eta zein baztertuta dagoen bere gizartean.

Sariak sari, prestigioa gorabehera, han eta hemengo ofizialtasun guztien despit, dinosauro temoso hori hortxe beti.

Leave a Reply

Your email address will not be published.