Basogintza industriaren kontrako ekintza Azpeitian

Aurreko asteetan —abuztu hasieran— Azpeitiko zuhaitz landaketa industrial batean ekintza bat egin dugu. Zehazki, monolaborantzan egindako zuhaitz landaketa batean milaka eukalipto hondatu ditugu.

Bizi dugun krisi ekosozial gogor honen erdian, bioaniztasunaren galera identifikatu da arazo nabarmenen artean. Horrek habitat naturalen suntsiketarekin du lotura zuzena. Jakina den bezala, monolaborantzan oinarritutako zuhaitz landaketa industrialek, bereziki eukaliptoa bezalako hazkunde azkarreko espeziedunek, naturaguneetan kalte izugarriak sortzen dituzte. Hego Euskal Herrian, Kantauri isurialdeko zuhaitz landaketa horiek, beste hainbat proiektu txikitzailek bezala (autopista elektrikoak, AHTa, lurraren artifizializazioa, errauskailua, energia berriztagarri zentrala…), eragin kaltegarri handia dute gure mendi eta ibarretan.

Esan dezakegu landaketa horiek gaur egungo eraso larrienetako bat direla, duten azalera izugarriagatik eta kalte esanguratsuengatik. Besteak beste, lurraren emankortasuna suntsitzen da arraseko mozketaren bidez. Lurra soiltzeak, makineria astunak eta sortutako pista eta lur mugimenduek milaka urtean garatutako lurra urte gutxi batzuetan desagerrarazten dute. Horrez gain, ibaietako ekosistemak txikitu eta bertako baso naturalen birsortzea geratzen dute. Landaketa horiek ez diete oinarrizko beharrizanei erantzuten. Helburu bakartzat kapitala metatzea duten obra horietan bereziki latza da langile esplotazioa, eskulan migratu eta pobretua erabiltzen delako, maiz lan istripu latzak pairatzen dituena.

Egindako ekintza horrek jarraipena ematen dio Euskal Herriko hainbat txokotan azken hilabeteetan landaketa industrialak eraisteko egin diren ekintzei. Era berean, ekintza horren bitartez elkartasuna adierazi nahi diogu Lurraren Altxamenduak mugimenduari. Frantziako Estatuan zehar egitura txikitzaileak desmuntatzen lan handia egiten duen talde hori estatuaren jopuntuan dago orain. Les soulevements de la terre legez kanpo utzi, eta atxiloketa ugari egin dituzte azkenaldian. Horiekiko elkartasun gisa egindako ekintza ere bada gurea.

Izan ere, egun zapaltzen gaituen dominazio sistema txikitzailea oztopatu, gelditu eta desegitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Zentzu horretan, eskualdez eskualde horrelako ekimenak antolatu, babestu eta horietan parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.